Askotariko aldarriz beteko dituzte kaleak Maiatzaren Lehenean

Maialen Etxaniz 2022ko api. 30a, 11:00

ELA eta LAB sindikatuek Donostian egingo dituzte mobilizazioak, eta eskualdeko sindikatuek hara bertaratzeko deia egin dute. Kontseilu Sozialistak hiriburuetan ez ezik, eskualdeko herrietan ere mobilizazioak egingo ditu Maiatzaren Lehenean; tartean, Azkoitian. Gazte Asanbladak, berriz, Azkoitiko langile mugimenduari buruzko erakusketa prestatu du egun horretarako.

Ate joka dago Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna, eta beste urte batez aldarriz beteko dira eskualdeko nahiz hiriburuetako kaleak. ELA eta LAB sindikatuek Donostian egingo dituzte mobilizazioak igandean, eta eskualdeko sindikatuek hara bertaratzeko deia egin dute. Kontseilu Sozialistak hiriburuetan ez ezik, Urola Kostako herrietan mobilizazioak egingo ditu; besteak beste, Azkoitian.

Azkoitiko Gazte Asanbladak, bere aldetik, Azkoitiko langile mugimenduari buruzko erakusketa prestatu du iganderako. Plazan jarriko dute erakusketa 16:00etan, eta bertan "justiziari lotutako kontu zaharren, herrian izandako kartzelen nahiz XX. mendeko lehen langile greben inguruko irudiak eta testuak" jarriko dituzte ikusgai.

LABek, birbanaketarako deia

Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu lelopean mobilizatuko da LAB sindikatua aurtengo Maiatzaren Lehenean. Gipuzkoa mailako manifestazioa Donostiako Easo plazatik abiatuko da, 12:00etan, eta eskualdeko taldeek hara bertaratzeko deia egin dute.  

Enplegua eta zaintzak banatzeko eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo du azpimarra LABek. Sindikatuaren arabera, "kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen" ditu. "Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen". Egoera hau, LABen ustetan, "jasanezina" da. "Langileok urteak daramatzagu krisian, hori ez da berria. Eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen". 

Horren aurrean, "egiturazko neurriak" hartu behar direla uste du LABek, "ez partxeak, estatuetako gobernuak eta gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan". "Politika birbanatzaile egoki bat izan ezean ez da posible izango zerbitzu publikoak behar bezala garatzea, ezta babes sozialerako politika duin bat ere", adierazi du sindikatuak.

LABen esanetan, lan guztiak "aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu lanaldia murriztuz". Bestalde, aberastasuna birbanatzeko ideia horretan, banaketa hirukoitza proposatzen du LAB sindikatuak. Zentzu horretan, soldatak hobetzearen beharra azpimarratu dute.

ELA, prekarietatearen kontra

ELA sindikatua ere Donostian mobilizatuko da, Borrokan ari gara, prekarietatearekin amaitu dezagun. Aktibatu, lortu, zaindu lelo hartuta. Alderdi Ederretik hasiko da ELAren manifestazioa, 11:30ean, eta hara bertaratzeko deia egin du Urola bailarako ELAk. 541.600 lan prekarioen aurkako borroka lehenetsiko du ELAk Maiatzaren Lehenean. 

Euskal sindikatuak adierazi duenez, "enpresek inoiz baino mozkin gehiago" izan dituzte 2021ean, baina gobernuek soldatak ez igotzeko deia egin dute. "Errenta-ituna deitzen diote. Zer da hori? Mahai batean patronalarekin eta gobernuekin eseri soldatak igo ez daitezen". ELAk ez du errenta-itunik sinatuko langileak pobreagoak izan daitezen. Bizi dugun une honetan milaka pertsona egoera prekarioan daude, soldaten defentsa (KPIaren igoera) eta emakumeek pairatzen duten soldata-arrakalarekin amaitzea dira sindikatuaren borroka nagusietako batzuk.

ELAk salatu du Hego Euskal Herrian 541.600 langile baino gehiago egoera prekarioan daudela (407.300 EAEn eta 134.330 Nafarroan). Emakumeak dira errealitate hori gehien jasaten dutenak. Enplegu prekario horiekin amaitzea da sindikatuaren zeregin nagusia, eta errealitateak erakusten digu borroka sindikala dela biderik eraginkorrena. Milaka pertsona soldata baxuekin, euren lanpostuetan behar besteko segurtasunik gabe eta lan-erreformaren ondoren aldizkako finko izenaren atzean ezkutatu nahi diren behin-behineko kontratuekin”. ELAk azaldu duenez, “hainbat esparrutan egiten du lan sindikatuak, eta aurtengo manifestazioak horren isla izango dira”. 

Kontseilu Sozialistak, sozialismoa aldarri

Kontseilu Sozialistak "krisi kapitalistan sozialismoaren eraikuntza" aldarrikatuko du Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan. Eguerdian, Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute Urola Erdiko nahiz Urola Kostako Kontseilu Sozialistek. Manifestazioa 12:30ean hasiko da Boulebarretik. Arratsaldean egingo dituzte eskualde mailako mobilizazioak, eta Azkoitian 18:00etan jarri dute hitzordua, herriko plazan.

Kontseilu Sozialistaren arabera, sozialismoaren aldeko "borroka historikoak" erakutsi du langileriaren bizi baldintzak eta askatasun kuotak "langile antolakuntzaren bitartez" lortu izan direla. "Horren fruitu dira gaur egun ditugun hainbat eta hainbat bizi baliabide. Alabaina, komunismoaren porrot historikoak langileria klase gisa botere organoetatik kanpo utzi du, eta XXI. mendeko krisi kapitalistaren aurpegi gordinenak pairatzen ari gara orain; noski, ekonomikoki, baina baita politikoki eta kulturalki ere. Horren ondorio dira prezioen gorakadak, askatasun eza edota lan baldintza geroz eta okerragoak", adierazi dute.

"Egiturazko krisi" horren aurrean, Kontseilu Sozialistak jardun politikoa abiatu du "langileriaren autodefentsa antolatzeko asmoz". Horren harira egin dituzte azken hilabeteetako hainbat ekintza: besteak beste, bizitzaren garestitzearen aurkako mobilizazioak, elkartasun biltegiko dinamikak edota aholkularitza laboralak.

Euskal Herrian ez ezik, eskualdean ere langileriaren autodefentsa politikoa sustatzen eta hedatzen dihardutela nabarmendu du Kontseilu Sozialistak, "sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa" helburutzat hartuta. "Langile klasearen babeserako zein askatasunerako tresna praktiko eta estrategikoetan sakontzea" da taldearen asmoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide