Bost egunen atarian, Azkoitri triatloi klubak prest du "duatloiaren festa". Hala izendatu dute larunbateko eguna, goizetik arratsaldera bitartean askotariko duatloi probek hartuko dituztelako herriko txokoak, haurrei, gazteei zein helduei zuzenduta. Antolatzaileek gaur egin dute aurkezpena, eta agerraldian, klubak ondoan izan ditu lasterketaren bidelagun izan dituen erakundeak zein taldeak: Azkoitiko Udala, Euskadiko Triatloi Federazioa, Marea Urdina elkartea eta Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga ikastetxeko Eskola Kirolak.
Haritz Uranga Azkoitriko kideak izan du aurtengo lasterketa antolatzeko ardura. Hark adierazi duenez, taldeak 30 urte bete ditu aurten, eta horren aitzakian, duatloiarekin lotutako "egun polita" antolatu nahi izan dute. Taldeak "garai bateko distantzia motza" berreskuratuko du aurtengoan, eta hain zuzen, formatu horretan egingo duten Azkoitiko 19. Duatloia izango da zita garrantzitsuena; federatuena, hain zuzen ere. Dena den, ez da proba bakarra izango hori: goizean, haurren duatloia egingo dute, eta adin-taldeka banatuta, distantzia eta ibilbide desberdinetako lasterketak egingo dituzte LH1 eta DBH4 arteko umeek. 09:30ean izango da aurreneko lasterketa, benjaminena (LH3-LH4), eta 500 metro korrika, bi kilometro bizikletan eta 100 metro korrika egingo dituzte horiek; 10:00etan, alebinen txanda izango da (LH5-LH6), eta 500 metro korrika, hiru kilometro bizikletan eta 200 metro korrika egingo dituzte; segidan, 10:30ean, aurrebenjaminak (LH1-LH2) aterako dira, eta 200 metro korrika, kilometro bat bizikletan eta 100 kilometro korrika osatuko dituzte; DBHko umeak, infantilak, izango dira jokatzen azkenak. 11:00etan hasiko da horien proba, eta kilometro bat korrika, bost kilometro bizikletan eta 500 metro korrika egingo dituzte. Aurrebenjaminek eta infantilek 09:00etatik 10:00etara artean eman beharko dute izena, herriko plazan, eta gainontzekoek Eskola Kirolaren bidez parte hartuko dute probetan.
Klubak adierazi duenez, aniztasun funtzionala duten umeek ere parte hartu ahal izango dute proban, eta gainera, Marea Urdinak hainbat jolas prestatuko ditu goiz parterako, "inklusioa" bultzatzeko asmoz.
Haurren probak amaitutakoan, duatloi egokitua eta supersprint duatloi herrikoia hasiko dira, eta herrigunera mugatuko dira horiek. 2,5 kilometroko ibilbidea egingo dute lasterka, 10 kilometro bizikleta gainean eta bukatzeko, beste 1,25 kilometro korrika. 12:30ean emango zaio hasiera duatloi egokituari, eta 12:35ean lasterketa herrikoiari.
Arratsaldean, proba nagusia
Proba nagusia, Azkoitiko 19. Duatloia, berriz, 15:45ean hasiko da; orduan abiatuko dira emakumezkoak, eta ordu laurden geroago, gizonezkoak. Herrian zehar bost kilometroko bi itzuli egingo dituzte korrika, eta ondoren, Azpeitiko Nuarbe auzora abiatuko dira bizikletan; handik, Landeta auzora joango dira, eta Errezilerako bidea hartuko dute gero. Azkoitira itzulita, beste bost kilometro egin beharko dituzte korrika. Euskal Herriko duatloi zirkuituan distantzia motzeko lasterketa bakarra izango da Azkoitikoa, eta Arabako, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak ere jokatuko dituzte orduan. Drafting gabeko proba izango da.
Proba guztien irteerak eta helmugak plazan izango dira, eta horien izen-emateen berri ere eman dute antolatzaileek: proba motzari dagokionez, oraingoz 140 lagunek eman dute izena, horietatik hamabi emakumezkoak. Proba herrikoian, berriz, 39 lagun zeuden goizean izena emanda, horietatik hamahiru emakumezkoak. Proba baterako zein besterako, gaur gauerdira artean eman daiteke izena, www.trialtoi.org atarian.
Goizean zein arratsaldean egingo dituzten probek trafikoan eragina izango dutela aurreratu du klubak, baina ondorioak "ahalik eta gutxien" izaten saiatuko direla adierazi dute. Era berean, "pazientzia" eskatu diete herritarrei.
Sonia Vazquez zinegotziak ere hartu du hitza agerraldian, eta hark adierazi duenez, "ezberdina" izango da aurtengo duatloia, triatloi klubak "ahalegin berezia" egin duelako lasterketak antolatzeko. "Taldeak 30 urte betetzen ditu, eta hiru hamarkadetako ibilbidea herritarrekin ospatu nahi izan du, parte hartzea zabalduz". Udalak kluba zoriondu du, halako lasterketa baten atzean “lan karga izugarria” dagoelako. Era berean, herritarrak animatu ditu duatloian parte hartzera eta probarekin gozatzera. Marea Urdinak, Euskadiko Triatloi Federazioak zein Eskola Kiroleko ordezkariek, beren aldetik, eskerrak eman dizkie antolatzaileei.