Euritan eta aterpean, gogotik astindu dituzte danborrak Azkoitiko umeek

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 23a, 20:50

Kalera atera da azkenean haurren danborrada. Ibilbide laburtuan, pare bat zaparrada jasan behar izan dituzte danbor-jotzaileek; Balda plazan ez dira gelditu, baina plazan bai. Ordubeteko kale ibiliaren ostean, Gurea pilotalekura itzuli, zirak kendu, eta han bai, danborradako pieza guztiak jo dituzte, Udal Musika Bandak lagunduta.

Bustitik eta lehorretik, denetik izan du azkenean bi urteko etenaren ondoren gaur ospatu den umeen danborradak. Antolatzaileek aurreratu zuten "onenean" ibilbide desberdina eta laburragoa izango zuela aurten desfileak, euri arriskua nabarmena zelako. Festa osoa Gurea pilotalekuan egitea zen beste aukera, "sekulako jasa" egitekotan.

Eta dezenteko zaparrada ari zen 16:40 aldera, ume guztiak dagoeneko frontoian prest eta koloretako zirak soinean zituztela zain zeudela; ikusle asko pilotalekuko aulkietan tokia hartuta ere bazeuden. Atertzera egin du, ordea, eta festa kalera ateratzea erabaki dute, azkenean, antolatzaileek. Tanta bakan batzuk ari zirela eta eguzki printzak nagusitzen hasita zirela irten da danborrada frontoi atarira. Aingeru kalean behera, Kale Nagusia hartu eta Balda plazara abiatu da desfilea, baina Plazaberrira iritsitakoan zaparradan ekin dio euriak, eguzkiarekin nahasian; Erromako zubiren bat izango zen han edo hemen. Danborradako protagonistak ez zeuden, ordea, zerura begiratzeko. Balda plazara alde batetik sartu eta bestetik irten dira, ateri balego egingo zuketen geldialdirik egin gabe. Plazaberrin gora, euria arintzen joan da, eta herriko plazara iritsita, han bai, gelditu da danborrada, eta pieza batzuk jo dituzte bertan, erabat atertu ez badu ere. Aitzitik, euri jasak mardultzera egin du, eta beste bustitu bat hartu dute umeek Gureara bueltako bidean.

Pilotalekura iritsita, blai egindako zirak kendu, tokia hartu, eta Udal Musika Bandak lagunduta, Azkoitiko danborradako pieza guztiak jo dituzte haurrek, merezitako merienda gozatu aurretik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide