Jeltzale gazteen topagune bihurtu da gaur Azkoitia. Hiru urte eta gero, Euzko Gaztedi, Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) gazte erakundea, EGI Eguna ospatzen ari da gaur herrian.
Eguerdian egin dute, plazan, eguneko ekitaldi nagusia, eta horrekin abiatu dute egitaraua. Oholtzaren atze aldean EGI Egunaren irudia eta leloa –Berriro elkarrekin!– nabarmentzen ziren bitartean, entzuleen inguruan Xabier Arzallusi eta Emakume Abertzale Batzari buruzko informazio panelak ikus zitezkeen. Txistu doinuekin, hizlarientzako oholtzan ikurriña altxatuz, Gora ta Gora ereserkia kantatuz eta "Gora Euskadi askatuta!" oihu artean hasi dute ekitaldia. Ana Azkoitia zinegotzi eta Azkoitiko EAJren alkategaiak, Amaia Larrañaga EGIren Aberri Kontseiluko kide azkoitiarrak eta Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak igo dute ikurriña. Ondoren, hurrenez hurren, hiru politikariak banan-banan igo dira berriro oholtzara, ekitaldi politikoaren hiru hitzartzeak egiteko.
"Azkoitiko hurrengo alkate" gisa aurkeztu dute Azkoitia, eta herrira ongietorria eman die Udal Gobernuko kideak plazan elkartutakoei. Azkoitiaz hitz egin du Azkoitiak, herriaren hainbat ezaugarri nabarmenduz, bertaratutakoek "hobeto" ezagutu zezaten.
Bigarren hizlari azkoitiarrak, Amaia Larrañagak, hartu du zinegotziaren lekukoa. "Hiru urte luze eta gero", pandemiaren eragina arintzearekin berriro EGI Eguna ospatu ahal izatearen poza aipatu du sarreran. Horrekin harilkatuta, Korrika edota Martxoaren 8a ere aurten ospatu ahal izan direla eta, euskara eta feminismoa beren jardunaren ardatzen artean kokatu ditu, besteak beste, Emakume Abertzale Batzaren sorreraren mendeurrena gogoratuta. Gazte jeltzaleen ardurak eta jardueraren ardatzak azalduz –Ukrainako gerra, trantsizio energetikoa, gazteen arazoak...– osatu du hitzaldia Larrañagak.
Euskara hutsean aritu dira Azkoitia eta Larrañaga, eta euskara eta gaztelania tartekatu ditu eguneko hirugarren eta azken hizlariak. "Gauza batzuk ez dira inoiz aldatzen" esanez ekin dio hitzartzeari Ortuzarrek, plaza inguratzen duten arkupeetako batetik EGIkoen ekitaldiari zuzenduta tarteka entzuten ziren zaraten harira. EAJren historiako bi figura nagusienetakoak hizpide izan ditu Azkoitian EBBren buruak: Sabino Arana, lehendabizi, eta Xabier Arzallus, gero. Aranak Luis anaiarekin izandako elkarrizketa baten ondoren izan zuen abertzaletasunaren "errebelazioa" gaurko egunez gertatu zela ekarri du gogora Ortuzarrek, 1882an. Aranaren ibilbidea eta lana goraipatuz, haren bidetik jarraitzera dei egin die EGIko gazteei. "Benetako abertzaleak, abertzale orijinalak" jeltzaleak direla esan die alderdiko buruak militante gazteei, ezker abertzalea eta "bere gazte disidenteak [GKS]" kritikatu ondotik. Ezker abertzalearentzat ez ezik, kritikak izan ditu bateko eta besteko "populismoentzat" ere, eta kritika horiek Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoaren presidentearengan pertsonalizatu ditu, hark atzo Euskal Herriko enpresekin egindako bileraren ondoren.
Arzallusi aitortza
Ekitaldiaren eszenografian eta hizlarien ahotan ez ezik, Xabier Arzallusen izena eta izana nagusitu dira ekitaldiaren amaieran.
11 urtez –1980-1984 eta 1987-2004 tarteetan– EBBren presidente izan zen azkoitiarraren etxekoak Azkoitiko plazan izan dira gaur, eta aitari eskainitako omenaldia jaso dute, oholtzara igota, Arzallus beraren hitzak jasotzen zituen bideo pantailan ikusi ostean.
Ordubete inguru iraun duen ekitaldi politikoaren ondoren, triki-poteioa eta bazkaria izango dituzte EGIko gazteek, eta bazkalostean festa giroan jarraituko dute eguna ospatzen.