EGI-ren Aberri Kontseiluko kidea

Amaia Larrañaga: "Oso garrantzitsua da Euskadi Europan eta munduan kokatzea"

Anartz Izagirre 2022ko api. 8a, 11:30

Amaia Larrañaga EGIren Aberri Kontseiluko kidea. (Anartz Izagirre)

EGI antolakunde politikoko militantea da Amaia Larrañaga (Azkoitia, 1992), eta buru-belarri dabil bihar Azkoitian egingo den EGI Eguna prestatzen. Aberri Kontseiluko ordezkaria ere bada.

EGIren Aberri Kontseiluko kide izendatu zintuzten urrian, beste bi urterako. Zer-nolako esperientzia ari da izaten?

Oso esperientzia ona ari da izaten eta asko ari naiz ikasten. Aberri Kontseiluan hasi nintzen lehen bi urteetan, klima aldaketaren arduraduna nintzen; Aitana Agirrerekin batera Gipuzkoako ordezkari izendatu ninduten. Orduan, besteak beste, trantsizio energetikoaren nahiz ekonomia zirkularraren inguruan hitz egiten nuen. Datozen bi urteetarako Aitor Iriondorekin batera hautatu naute Gipuzkoako ordezkari, eta berdintasunaz zein kanpo harremanez arduratzen naiz. Kanpo harremanen eremua asko interesatzen zait; oso garrantzitsua da Euskadi Europan eta munduan kokatzea, azkenean, besteek gu ezagutzea ere garrantzitsua baita gure estatua sortu nahi badugu.

Horren harira, zer-nolako harremana duzue Espainiako Estatuko zein Europako beste gazte antolakundeekin?

Joventut Nacionalista de Catalunya (JNC) antolakundekoekin oso harreman ona daukagu, baita Balearretako zein Kanarietako beste antolakunde batzuekin ere. Europa mailan, berriz, Young Democrats for Europe taldearen barruan gaude, eta horren barruan frantsesekin nahiz alemanekin harreman handia egin dugu, beste hainbaten artean. Horrez gain, Europatik kanpo oso garrantzitsua da Young Democrats of America taldekoekin dugun harremana ere.

Eta nolakoa da Euskal Herriko beste antolakunde politikoekin duzuen hartu-emana?

Oso puntu garrantzitsua da Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), askotariko erakundeak batzen baikara bertan. Egia da alderdi batzuetako ordezkariek ez dutela bertan parte hartzen, baina iruditzen zaigu oso tresna egokia dela alderdi denok komunean ditugun helburuak lortzeko; esaterako, gazteen langabezia tasaz eta lan baldintzez hizketan aritzen gara. Horrelako kontuetan lana elkarrekin egin behar dugula iruditzen zait. Orain, esaterako, EAEko lehen Gazteria Legea onartzea lortu da EGK-n egindako lanari esker.

Noiz piztu zitzaizun politikagintzan aritzeko interesa?

Txikitatik gustatu izan zait politika. Akordatzen naiz haurra nintzenean asko gustatzen zitzaidala Ibarretxe lehendakaria; oraindik ez nituen kontu asko ulertzen, baina hura oso ausarta eta gure herriarekin oso konprometitua zela iruditzen zitzaidan. Ondoren, nire lehentasuna ikasketak amaitzea zen, baina ikusten nuen politikarekiko nuen interesak oraindik ere hor jarraitzen zuela. Gehiago irakurtzen hasi nintzen, eta ondorio batetara iritsi nintzen: EAJri esker lorpen asko egin ditugula. Umiltasun osoz diot, baina, esaterako, nork esango zuen egun euskara horrenbeste pertsonak ezagutuko eta ikasiko zutela? Arlo horretan herritarrek ere lan asko egin dute, baita elkarteek ere, baina iruditzen zait instituzioetatik ere aurrerapauso handiak eman direla gure askatasunaren eta balioen alde. Egun batean Zarauzko ekitaldi politiko batera gonbidatu ninduten, eta asko gustatu zitzaidan giroa. Poliki-poliki, orduan sartu nintzen EGIn.

Mugimendu "euzkotar, abertzale, euskaldun, independentista eta humanista" moduan definitzen duzue EGI. Zeintzuk dira hori lortzeko jarraitu beharreko pausoak?

Garrantzitsuena demokrazia da, beti jendearekin eta jendearentzat egin behar dugu lan. Bestalde, atzera begira jartzen bagara, erritmoa beti izan da eztabaidagai; batzuek gauzak azkarrago egiteko gaitasuna izatea aldarrikatu dute, baina errealitatea hartu behar da kontuan, momentu bakoitzeko egoera eta indarren banaketa; esatea egitea baino errazagoa da. Azkenean balio duena emaitzak lortzea da, apurka-apurka gauzak lortzen joatea eta Gernikako Estatutua betetzea; hau da, gure menpe dauden eskumen guztian berreskuratzea. Epe ertainera begira, herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea izatea lortu behar dugu.

Zeintzuk dira gaur egun EGIren erronka nagusiak?

Arlo desberdinetan ari gara lanean. Pandemia batean gaudenez, azken bi urteetan asko hoztu da gure aurrez aurreko ohiko jarduna, eta EGIko nahiz alderdikide guztion harremana berraktibatu nahi dugu. Eta, gero, adibidez, euskararen erabilera bultzatu nahiko genuke, berdintasunaren arloan ere ikusten dugu gauza asko ditugula egiteko, eta klima aldaketaren arloan ere bai. Horrez gain, iruditzen zait oso garrantzitsua dela jendearekin egotea, askok politika gero eta urrunago ikusten baitute. EAJk martxan du orain Entzunez Eraiki deitzen den proiektu bat, politika gizartearengana gerturatu eta gizarteari entzuteko.

Bihar EGI Eguna egingo duzue Azkoitian. Zein helbururekin?

Urtero antolatzen da EGI Eguna. Pandemia dela eta, ordea, azken bi urteetan ez dugu egin; azkena 2019an izan zen Tolosan. Aurten Azkoitian izango da, eta bereziki Xabier Arzalluz azkoitiarra gogoratu nahi dugu. Egon den politikaririk eredugarriena izan da hura, eta asko egin du herri honen alde. Bestalde, aipamen berezia egin nahi diogu Emakume Abertzaleen Batzari ere, ehun urte bete baitira sortu zenetik.

Azkoitiarra izanik, zer-nolako garrantzia du zuretzat egun hori zeure jaioterrian egiteak?

Garrantzi handia. Zazpi lurraldeetariko batean egin ohi da EGI Eguna, eta oso zaila da zure herrian egokitzea. Gainera, garrantzitsua da EGI Azkoitian zein eskualdean existitzen dela erakustaraztea, eta, bide batez, aprobetxatu nahi dut gonbidapena egiteko gure balioekin bat egin eta herrigintzan aritu nahi dutenei, pausoa emateko eta gugana hurbiltzeko.

Alemanian bizi eta lan egiten duzu egun. Faltan botatzen al duzu Euskal Herria?

Oso gustura itzultzen naiz Alemaniatik Azkoitira. Militantziari dagokionez, pandemiak erakutsi digu telematikoki ere gauza asko egin daitezkeela; denon parte hartzea aurrera eramateko malgutasuna eman digu aukera horrek. Beraz, ondo daramat Alemanian bizi eta lan egin arren, hemengo gauzetan parte hartzea.

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide