Izapide kontuak izan ziren aztergai Azkoitiko Udaleko martxoko udalbatzarrean. Joan zen astean, asteazkenez, egin zuten hileko ohiko bilkura EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Azkoitia Baiko udal ordezkariek. Azkoitiko Udaleko, Zubiaurre-Elkarguneko eta San Jose egoitzako kredituak aldatzeko espedienteak izan zituzten aztergai aurrena, eta puntu horien inguruko azalpenak ematen eta eztabaidatzen eman zuten denbora gehien. Ondoren murgildu ziren gainerako gaietan, hala nola San Jose egoitzaren desafektazioaren ondorengo udal inbentarioaren aldaketaren onespena, bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko jardunbideari hasiera ematea eta udal langileen ordainsarien igoera.
Kreditu aldaketak, beharrei erantzuteko
Kreditu gehigarrien bidez Azkoitiko Udaleko eta Zubiaurre-Elkarguneko kredituak aldatzeko espedienteak onartu zituzten EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin. Ana Azkoitia Ogasun Batzordeburuak eman zituen azalpenak. Udalari dagokionean, Azkoitiak azaldu zuen gerakinetatik 205.000 euro bideratuko dituztela udaleko kreditu aldaketara. Hau da, askotariko lanak egitera bideratuko dute diru partida hori. Hain zuzen, 205.000 euro horietatik 145.000 euro estalitako parkea berreraikitzeko lanetara bideratuko dute, eta gainerakoa 20.000 euroko hiru partidetan banatuko dute. Hau da, 20.000 euro udal eraikinetan egin beharreko inbertsioetara bideratuko dituzte; 20.000 euro Floreagako Zuazola plazako garajeen konponketa lanetara –udalari dagokio konponketa obren kostuaren zati bat ipintzea– eta gainerako 20.000 euroak udal erakusketa areto berriko lanetara. Ogasun batzordeburuak azaldu zuenez, lanak aurrera doaz, baina erakusketa aretoa guztiz prest eta erabilgarri egoteko zenbait lan egitea falta da oraindik.
Halaber, gerakinetatik 116.500 euro bideratuko dituzte Zubiaurre-Elkargunera. Azkoitiak azaldu zuenez, Elkarguneko teknikoek ikusitako eta identifikatutako beharrei erantzuteko bideratuko diru partida berria, helburua zerbitzuak hobetzea baita. Partida horretatik 18.000 euro aniztasun funtzionala duten aurren aldagelak egokitzera bideratuko dute. "Hasiera batean, igerileku berriaren obrekin batera egitea zen asmoa, baina hainbat eragiletako kideek [Instalakuntza Duinak Orain eta Marea Urdina] erakutsitako kezka tarteko eta egindako eskaerak kontuan hartuta, lanak aurreratzea erabaki dugu", azaldu zuen Ogasun batzordeburuak. Gainerako dirua bestelako beharretara bideratuko dute: larrialdietako argiak, segurtasun kameren grabagailu berrira, ur iragazki berria...
San Jose, berriro eztabaidagai
Udalbatzarreko hirugarren puntuak eztabaidarako soka ekarri zuen. Hain zuzen, kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko San Jose egoitzako 1 zenbakidun espedientearen onespenak. Ana Azkoitiak emandako azalpenean arabera, San Jose egoitza Foru Aldundiaren eskutan uzteko beste tramite bat baino ez zen mahaigaineratu zutena. Hau da, "kontu tekniko" bat. "Dakizuenez, pendiente dago San Jose fundazioaren likidazioa; 2015ean sinatu zen egoitzaren lagapena egiteko hitzarmena, baina orduz geroztik tramitazio kontuekin tira-biran ibili gara, baita likidazioarekin ere. Dena den, ematen du iritsi garela behingoz adostasun batera, eta 91.000 euroko kreditu aldaketa egingo dugu, gerakinak erabiliaz, 2015eko likidazioa ordaindu ahal izateko", azaldu zuen Azkoitiak. Azalpenean sakondu zuen: "91.000 jarri genuen, garai hartan pentsatzen genuelako 90.000 euro ingurun itxiko zela, baina aldundiko zenbait departamenduk oker zegoela zioten, eta kalkulu guztiak berriro egin behar izan zituen kontu-hartzailetzak; izan ere, 200.000 eurotik gorako likidazioa eskatzen ziguten, eta udaleko kontu-hartzailetzak ikusi zuen hori ez zegoela ondo. Ordutik tira-biran ibili gara, baina dagoeneko itxi dugu erabakia, eta 67.000 euro pasatxoko likidazioa ordainduko dio udalak Foru Aldundiari". Udaleko Ogasun batzordeburuak adierazi zuen, emaitza "juridikoki eta teknikoki zuzena" dela, baina "legearen irakurketa desberdinak" egitea posible dela baieztatu zuen. "Legeak interpretazio desberdinak ditu, hartzailetzak zioen gure aldera partida gehiago sar zitekeela, baina Foru Aldundiak uste zuen ezetz". Hala ere, kontuak kontu, erabakitakoa 67.000 euroko likidazioa dela esan zuen Azkoitiak. "Bada garaia 2015ean hasitakoa 2022an ixteko, eta horretarako da kreditu aldaketa", azaldu zuen.
Proposamenaren alde bozkatu zuten EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk, eta aurka agertu zen Azkoitia Bai. Herri plataformako bozeramaile Jose Joakin Etxanizen arabera, "San Jose egoitzan uneotan eman beharreko pausoak bertako egoiliarren eta langileen ongizatera bideratutakoak dira", eta "ondasun eta diru kontuak ez dira lehentasunezkoak". Dena den, Azkoitia Baik eztabaidagai zeuden diru kontuen inguruan duen iritzia plazaratu zuen Etxanizek: "Udaleko kontuhartzailetzatik egindako zenbakien arabera, San Jose egoitzako eraikinaren lagapenagatik, 39.727,60 euro kobratu behar lituzke Azkoitiko herriak, hitzarmena egin zen garai haietan egin genituen inbertsioak urteetan amortizatu behar izaten direlako. Aldundiak, ordea, ez ditu kontuta hartu inbertsio horiek, eta 67.996,76 euro ordaindu beharko ditugula agindu digute pasa den martxoaren 24an, hau da, pasa den asteko ostegunean". Hori esanda, aldundiari egoitzak "ez diola axola" salatu zuen Azkoitia Baik: "Beraz, aldundiari ez dio axola gure herriak egoitzako ongizatera bideratutako inbertsioak egin dituen edo ez, ez dio axola egoitza erortzeko zorian utzi izan bagenu, ezta bertako egoiliarren bizi kalitatea bermatzera garamatzan inbertsioak egingo ez bagenitu ere. Aldundiak ez liguke inongo eragozpenik jarriko eta diru kopuru berdina ordaintzea eskatuko liguke. Eskerrak, Aldundiaren esku utzi aurretik, udaletxeak arduraz jokatu eta gastatu behar zena gastatu zuen garai haietan". Halaber, udaleko kontu-hartzailearenganako konfidantza osoa erakutsi zuen herri plataformak. "Nahiko garbi dago aldundiak dioenak ez duela inongo zentzurik, eta garbi uzten du dirua ongizatearen gainetik duela. Baina, udaleko teknikariak arrazoi osoa duela ez dugu inongo zalantzarik, eta ez dago abokatua izan beharrik Foru Aginduan idatzita dagoena ulertzeko, hitzarmen horren 4. artikuluaren C atalean argi eta garbi esaten baitu inbertsio-amortizazioak kontutan hartu behar direla". Azkoitia Baik udalbatzarrean egindako puntuz puntuko ekarpena osorik, hemen.
Gainerako udal ordezkariek desadostasuna agertu zuten Etxanizek esandakoarekin, eta "kontuak nahastea" egotzi zioten. "Tramite kontu hutsak, bestelako kontu batzuekin nahasten ari zara, eta hori ez da zuzena", adierazi zion Ana Azkoitiak. Ildo horretatik, azpimarratu zuen kontuhartzaileak ez zuela esan azken zenbatekoa okerra zenik, eta horren jakinaren gainean egotea leporatu zion Etxanizi. EH Bilduk ere "suari egurra botatzea" egotzi zion Azkoitia Bairi, eta adierazi zion jakin bazekitela kreditu aldaketak ez zuela zerikusirik EAJ eta PSE-EE egoitzetan egiten ari diren kudeaketarekin. Horri lotuta, kudeaketaz kezkatuta daudela adierazi zuen koalizioaren bozeramaile Iraitz Otañok, eta azpimarratu zuen askotan egin dutela bat egoitzetako langileen borroka eta aldarriekin: "EAJ eta PSE-EE ematen ari diren kudeaketa eskasaren ondorioz, borrokan jarraitu behar dugu, eta EH Bilduren konpromisoa irmoa da: Azkoitiko zein beste herrietako egoitzetan bizi direnen egoera hobetzeko eta duintzeko lanean jarraituko dugu egunero". Azkoitiko EH Bilduk udalbatzarraren harira plazaratutako adierazpena, hemen.
Bestelako gaiak, mahaigainean
Bosgarren puntuak ere piztu zuen eztabaida: 2022ko ordenantza fiskalen aldaketaren hasierako onespena, udal jabari publikoa okupatzeagatiko tasa arautzen duena, laginketak edo zangak irekitzeagatiko tasa.
San Jose egoitzaren desafektazioaren ondorengo udal inbentarioaren aldaketaren onespena ere onartu zuten, Azkoitia Bairen kontrako bozarekin. "San Jose egoitza Aldundiari uzteko eman behar den beste pausu bat da hau ere. Kudeaketa aldundiaren esku gelditu zenetik, bai gure taldearen ustez eta bai bertako egoiliarren, senideen eta langileen iritziz egoitzako bizi kalitateak behera egin du, eta beraz, ezetz bozkatzen jarraituko dugu", adierazi zuen Etxanizek. Gainerako alderdietako ordezkariek "gaitik aldentzea eta gauzak nahastea" leporatu zioten, beste behin, Azkoitia Baiko bozeramaileari.
Bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko jardunbideari hasiera ematea eta udal langileen ordainsarien igoera (%2) ere onartu zituzten.
Amaitzeko, 5G teknologiaren inguruan EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Baik aurkeztutako mozioa landu zuten udalbatzarrean. Hain zuzen, Urola Aktibo taldeak egindako proposamenaren harira ondutako mozioa da aurkeztu eta onartu zutena.PSE-EEk kontrako botoa aurkeztu zuen, mozioaren edukiarekin desadostasunak tarteko. Mozioaren edukia osorik, hemen.
Udalbatzarra amaitzean, Javier Zubizarreta alkateak jakinarazi zuten Foru Aldundiak onartu duela Azkoitiko bandera berriaren proposamena, eta dagoeneko tramiteak martxan daudela.