"Giza emantzipaziorako borroken" irudiak eta hitzak, plazako arkupeetan zintzilik

Maialen Etxaniz 2022ko api. 2a, 19:05

Kultur jardunaldien barruan, Urola Erdiko GKSk bederatzi koadro jarri zituen zintzilik atzo arratsaldean plazako arkupeetan. Horien bitartez, "historian zehar egon diren altxamendu edo iraultza desberdinei erreferentzia egitea" izan dute xede, "historiako garai desberdinetan jendeak zituen jakinminak ikusarazi eta jendeak horien inguruan hausnartzeko".

Kultur jardunaldiak egin ditu Urola Erdiko GKSk joan zen ostegunetik gaur eguerdira bitartean. Jardunaldien barruan, Giza emantzipaziorako borrokak izeneko erakusketa sortu dute, eta Azkoitian atzo arratsaldean jarri zuten ikusgai. 

Guztira, dozena inguru lanek osatzen dute Giza emantzipaziorako borrokak izeneko erakusketa. Horietako batzuk koadro artistikoak dira, beste batzuk olerkiak, argazkiak ere badaude eta beste zenbait agitazio edo propagandako kartelak dira. Horietatik abiatuta, historian zehar gizakiak emantzipatzeko bizitako borroken azalpenak izan zituzten hizketagai atzokoan. GKSko kideek adierazi dutenez, erakusketarako aukeratu dituzten bederatzi koadroen bitartez, "historian zehar egon diren altxamendu edo iraultza desberdinei erreferentzia egitea" izan dute xede, "garai desberdinetako gizarteetan jendeak zituen jakinminak eta abiatutako borrokak erakutsiz". Beste helburu bat ere jarri diote erakusketari: "Ulertaraztea momentu historiko bakoitza ez dela betierekoa, eta aldagarria dela; herritarrei ikusarazi nahi diogu garai batean jende batek miresia aldatzeko borroka egin zuen bezala, gaur egungo egoera aldatzea gure esku dagoela". 

Erakusketaz gain,  eskualdeko hainbat artistek hausnarketak elkarbanatu zituzten Zestoan egindako mahai inguruan. Gaur amaitu dituzte jardunaldiak Azpeitian egindako egitarauarekin. Bertan, Gazte Koordinadora Sozialistak apirilaren 9an Berriozarren (Nafarroa) egingo duen jardunaldiaren nondik norakoak azaldu dituzte, eta bazkaria egin dute ondoren.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide