Egon edo ez egon zure bakarkako bederatzigarren diskoa aurkeztuko duzu bihar. Gogotsu al zaude Azkoitian aritzeko?
Oraintxe hasi gara diskoaren aurkezpenak egiten. Bartzelonan izan gara, eta beraz, lehen emanaldietako bat izango da Azkoitikoa; ikus-entzuleek akatsen bat sumatzen badute, jakin propio egindakoa izango dela [barrez]. Dena den, eta jakinda trikitilariontzat Azkoitia zein herri den, gogotsu gaude Baztartxon aritzeko. Esango nuke trikitiaren habitat naturala Azkoitia dela Gipuzkoan. Atsegin handiz joango gara hara ostiralean gure azken diskoa aurkeztera.
Beste diskoekin alderatuta bereziagoa da zure azken lana, soinu kromatikoarekin aritu baitzara.
Soinu handiarekin egindako abestiak dira diskoan jaso ditugunak. Trikitia jotzen hasi baino lehen, soinu kromatikoa jotzen nuen. Gure osaba trikitilariak soinu handiaren oso zaleak ziren, eta haiek bultzatuta aritu nintzen hura jotzen. 14 urte bete arte aritu nintzen Mikel Bikondoa eskolan, gero trikitia hartu bainuen. Azken disko honetarako, ordea, berriro hartu dut soinu handia. Kantuaren atzetik abiatzen naizenean, askotan musika tresnak nahiz erritmoak aldatzen ditut; zerbait desberdina edo berria prestatzen ahalegintzen naiz diskotik diskora. Zuzenekoan, ordea, denetik entzungo dute ikus-entzuleek, bai soinu kromatikoarekin jotako disko berriko kanta batzuk, bai trikitiarekin jotako abesti zaharragoak ere.
Musika dantzagarriak eta herrikoiak jaso dituzu zure azken lanetan.
Nire diskografiaren ibilbidea bi zatitan banatzen da: Tapia eta Leturiaren ibilbidea eta bakarkako ibilbidea. 2000. urtean ekin nion bakarkako bideari, eta Azkoitian aurkeztuko dudan Egon edo ez egon lana nire bederatzigarrena da. Gehitxo esatea izango da beharbada, baina nire bakarkako ibilbidearen antologiatxo bat egingo dugu Azkoitian.
Bakarkako ibilbidea hasi zenuenetik aldatu al da Joseba Tapia?
Aldaketa etengabekoa da. Biak gustatzen zaizkit, bai aldatzen ez den ondarea eta bai berrikuntza. Garai bateko trikitilarien soinua jotzeko modua, janztekoa edo gozatzekoa, dantza kasu, gustuko ditut. Gu, ordea, gehiago aritu gara berrikuntzan murgilduta. Mundua bezala, musika, ohitura eta kulturak aldatzen ari dira, eta gure sorkuntzak ere bide horri jarraitu dio. Etengabeko aldaketan ari gara, beti ere zerbait berria edo desberdina egin nahian.
Trikitiaren etorkizuna nola ikusten duzu, modu klasikoan edo bide berriak urratuta?
Ez dut izaten trikitiarekiko kezkarik, gehiago kezkatzen nau gure gizarteak. Kezka izaten dut gure euskal munduak nola segituko duen eta nora joango den. Borroka horretan murgilduta, aldaketa handiak somatzen dira. Interes gehiago sortzen didate euskal munduak eta euskal giroak, horiek beraien bizitzan eta garapenean jarraitu dezaten. Gure garaian trikitia egokitu da eta egun ere horrela ari gara, baina hurrengo belaunaldiei agian beste zerbait jotzea egokituko zaie.
Iturri berriekin aritu zara, esaterako Chill Mafia taldearekin kolaboratu duzu.
Etengabe aritu gara trikitiaz gain, beste influentzia batzuk erakarri nahian. Oso puruak direnentzat edo garai bateko trikitia bere horretan nahi dutenentzat, kolpea izan daiteke guk Chill Mafiarekin kolaboratu izana; berritu nahi dutenentzat, ordea, ez. Iruditzen zait modernizatu egin behar dugula, guk ere munduan bizi behar dugu eta. Horregatik, ezinbestean azalberritu behar gara. Saiakera horretan gauza batzuk oso onak agertzen dira, eta beste batzuk, ez hain onak. Chill Mafiak, gainera, lotura handia du gure ibilbide propioarekin. Tapia eta Leturia bezala hasi ginenean, antzerako kolpea izan zen garai bateko trikiti munduarentzat eta dantzarentzat; gazteek, ordea, ondo hartu zuten. Gaur egun, gauza bera gertatzen da Chill Mafia eta halakoekin. Sortuko dituzte kontrako iritziak, hanka sartuko dute, baina, beharbada, ez guk sartu genuen bezainbeste.
Koldo Izagirreren testuak dira abestietan jaso dituzunak.
Talde bat osatzen dugu Koldok eta biok. Bakarkako bidea hasi nuenean ere Izagirrerekin egin nuen diskoa. Kontu horiek guztiak biko talde horretatik sortu dira; lankide bezain lagun dut hura. Konexioa lortzen dugu artistikoan ere, eta esango nuke hori oso garbi ikusten dela bakarkako lan guztietan.
Lantalde handi bat duzu atzean. Ostiralean, kide ugari igoko zarete Baztartxoko agertokira.
Zuzenekoetan zortzi-hamar lagunek parte hartu ohi dugu; buelta horretan ibiltzen gara. Nolabait, azken bi diskoen estiloan eskainiko dugu zuzenekoa Azkoitian. Kontzertuaren oinarrian rocka baino gehiago nabarituko da soula, gauza asko nahasten baitira: gauza dantzagarriak, testu landuak… Horretan ari naiz saiatzen nire bakarkako bederatzi diskoetan. Ziur nago zarata handia aterako dugula Baztartxon.