Jose Maria Piris omenduko dute larunbatean Azkoitian

Anartz Izagirre 2022ko mar. 29a, 11:30

Jose Maria Piris.

13 urte zituela hil zen Piris, 1980ean, gaurko egunez, ETAk guardia zibil bat hiltzeko haren auto azpian utzitako kirolerako poltsari ostikoa eman zionean. Eusko Jaurlaritzak eta Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak antolatu dute oroimen ekitaldia, eta Azkoitiko Udalak ere parte hartuko du. Pirisek Floreagan duen monolitoan izango da ekitaldia larunbatean, apirilak 2, 11:00etan.

Datorren larunbatean, apirilak 2, Jose Maria Piris biktima oroituko dute Azkoitian, Floreaga auzoan bere omenez jarrita dagoen monolitoan, 11:00etan. 1980. urteko martxoaren 29an futbol partida bat jokatzetik bueltan zen Piris, auto baten azpian zegoen pakete bati ostikoa jo zionean. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenaren arabera, paketeak lehergailu bat zeraman barruan, ETAk guardia zibil baten ibilgailuaren azpian utzitakoa, hain justu. Autoa martxan jartzean lehergailua askatu eta lurrera erori zen, eta kale erdian gelditu zen, Pirisek ostikoa eman zion arte. Eztandaren unean hil zen haurra, eta harekin batera zihoan Fernando Garcia 12 urteko haurra larri zauritu zen ezbeharrean.

Gertaera haren 42. urteurrenean Piris omentzeko ekitaldia antolatu dute Eusko Jaurlaritzak nahiz Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak, eta Azkoitiko Udalak ere bat egin du bi erakundeen deiarekin. Ekitaldian izango dira Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua zein Jose Antonio Rodriguez Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea. Horrez gain, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteko kideek ere parte hartuko dute bertan, baita gertaeraren unean bertan egon zen Fernando Garciak eta Jose Maria Pirisen anaia Juan Antonio Pirisek ere. Lore eskaintza eta aurreskua egingo dizkiote biktimari ekitaldian.

Erakunde antolatzaileak 2020an ziren Pirisen omenezko ekitaldia egitekoak, orduan bete baitziren 40 urte ezbeharretik; pandemia dela eta, ordea, bi urtez atzeratu behar izan dute memoria ekitaldia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide