Imanol Larrañaga: "Eguraldia ez zen ona, eta gustura nago lortutako emaitzekin"

Ane Olaizola 2022ko mar. 29a, 09:00

Larrañaga, helmugara iristen.

Imanol Larrañaga korrikalari azkoitiarra sailkapen orokorreko 12. postuan helmugaratu zen joan zen larunbatean jokatu zuten Azkoitia-Azpeita maratoi erdian, eta hiru izendapen eskuratu zituen; izan ere, Gipuzkoako txapelduna izan zen, azkoitiarren artean helmugara iritsi zen lehen korrikalari gizonezkoa izan zen, eta beteranoen mailan ere hura izan zen azkarrena.

Nola joan zen lasterketa?

Ordubete eta bederatzi minututan dut marka jarrita, eta denbora hori gutxitzea zen nire asmoa. Banekien eliteko emakumezkoak erritmo horretara zihoazela, eta erabaki nuen beraiekin batera irtetea. Aurreneko 12 kilometro, Loiolara arte, beraiekin egin nituen, baina hasierako denbora baino zerbait azkarrago zihoazela ikusi nuen, eta jabetu nintzen beren erritmoan ez nintzela iritsiko. Beraz, taldea utzi eta bakarrik egin nituen azken zortzi kilometroak. Luze egin zitzaidan, baina eutsi nion erritmoari, eta azkenean, 01:09 denbora egin nuen. Beti nahi izaten dugu ezarritako denboran egitea, baina eguraldia ez zen ona, eta gustura nago lortutako emaitzekin.

Zer sentitzen da eliteko korrikalariekin bidean joatean?

Polita da maila horretako korrikalariekin joatea. Entretenigarria da, eta aldi berean, arraroa ere bai. Baina ilusio berezi bat pizten du maila horretako korrikalariekin bidea egiteak; beren ogibidea korrika egitea da, eta saiatzen zara haiek errespetatzen eta atzealdean joaten. 

Hiru domina lortu dituzu. Hirurak al ziren esperotakoak?

Ez. Ez nekien zein azkoitiar aterako ziren, eta beraz, hori behintzat ez zen esperotakoa izan. Gipuzkoako Txapelketan ahalik eta maila onena ematea banuen buruan, eta irabazi nuen, baina, egia esan, ez zegoen izugarrizko mailarik ere. Beteranoena irabazteak, berriz, ilusio gutxiago egiten dit, zahartzen ari naizen seinale baita [barreak]. 

Helburua zen ordubete eta bederatzi minututik jaistea, eta pare-parean geratu zinen.

Eguraldia kontuan hartuta, oso zaila zen denbora jaistea. Uste dut garaiz utzi nuela emakumeen taldea, 16. kilometrora arte beraiekin egin izan banu, asko kostatuko zitzaidan azken lau kilometroak egitea. 

Ordea, txapeldun nagusia baino zortzi minutu beranduago besterik ez zinen helmugaratu.

Gure mailarako nahiko denbora polita da. Sevillako Maratoia egin nuen otsailaren 20an, baina ez zitzaidan oso ondo atera, eta pentsatu nuen ordurako entrenatu nuena Azkoitia-Azpeitirako aprobetxatzea. Normalean, sasoi honetan mendi lasterketetarako prestatzen aritzen naiz; orain hasiko naiz horretan. 

Haizea eta bero handia egin zuen larunbatean. Eguraldiak asko baldintzatu al zintuen?

Ez naiz beroarekin oso gaizki ibiltzen, baina bat-batean egun beroa atera zen, eta gorputza giro horretara ohitu gabe genuen. Egun arriskutsua zen, eta horrek ematen zidan beldurra. Baina ondo sentitu nintzen eta lasterketa osoan zehar hidratatu nintzen; uste baino hobeto egokitu zitzaidan gorputza.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide