Klik!

Aldabaz aldaba

Andoni Elduaien 2022ko api. 18a, 11:30

Ate zaharretan iltzatuta dauden metalezko piezak dira aldabak, eta horiek atearen aurka joaz ateratzen den danba-danba hotsa probestu izan da urte askoan etxeen barrualdeko lagunei dei egiteko. Egun oso aldaba gutxi daude Azkoitian, eta horien arrastoaren atzetik aritu da Maxixatzen.

Historia apur bat

Aldabek Antzinaroan dute jatorria, baina ez zuten garrantzia artistikorik izan XIII. mendera arte. Orduan, eta bereziki XIV. mendetik aurrera, etxeetan, jauregietan, katedraletan eta elizetan hasi ziren orokortzen aldabak. Apurka-apurka, itxura eta soinu desberdina zuten aldabak hasi ziren nagusitzen, eta funtzio praktikoa ez ezik, apaingarri modura ere erabili izan dira. Kale Nagusiko 51. zenbakiko aldaba da irudikoa.

Zaharrenak

Aldabarik zaharrenak mailu itxurakoak dira. Tipikoenak, ordea, uztai batetik zintzilik dauden giza edo animalia buru itxurakoak dira; horien artean lehoi burua izan da historian nagusi. Oraindik orain, Azkoitian badira horrelako eredu batzuk, adibidez Kale Nagusiko 49. zenbakian.

Sinesmenari lotuta

Garai batean sinesmenarekin lotura zutelako ere jartzen diren aldabak; izan ere, gizaki edo animalia burua zuten aldabak zortearen seinale ziren. Hala eta guztiz, animalien keinu basatia adierazten zuten aldabek edota izaki mitiko nahiz jainko itxura zutenek etxea babesten zutela sinesten zen. Kale Nagusia 118 bebarruaren aurreko atean dago irudiko aldaba.

Esku itxurakoa, ohikoena

Esku itxura dute Azkoitian dauden aldaba gehienek. Hatz findun eskua da, eta eraztunduna edo eraztunik gabea izan daiteke. Gainera, fruitu borobil bat du esku artean, atea jotzerakoan etxaurrean erortzen utziko balu bezala. Hori etxe horretako bizilagunen ontasun seinaletzat hartu izan da urte askoan. Irudiko aldaba Aingeru kaleko 20. zenbakiko atekoa da.

Aldaben arrastoa

Gero eta ate gehiagoren irudia da honako hau. Azkoitiko etxebizitza batzuen ateek erakusten dute garai batean izan zutela aldaba, baina, orain, ez dira mantentzen zenbait gorabehera tarteko. Horien artean, iragan historiko esanguratsua duten etxebizitzak daude Azkoitian. Inazio Iriarte kaleko ate hau da horren adibide garbiena.

Txirrina, lagun berria

Dagoeneko erabilerarik ez duten apaingarri bihurtu dira aldaba gehienak; izan ere, gaur egun, atari gehienek txirrinak dituzte alboan, solairu bakoitzean bizi diren bizilagunei esfortzu berezirik egin gabe dei egiteko. Kale Nagusiko 20. zenbakiko ateari ateratako argazkia da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide