"Zalantzak" agertu dituzte Oletako Buruzai ­parke eolikoaren inguruan

Ane Olaizola 2022ko mar. 23a, 09:50

Oletan parke eolikoa jartzeko asmoa duen Capital Energy enpresak zuzeneko informazioa eman die Azkoitiko udal taldeei, eta bileraren balorazioa egin dute EH Bilduk eta Azkoitia Baik.

Capital Energy enpresa Azkoitiko udaletxean izan zen joan zen ostegun arratsaldean, udalak deituta zuen Lurralde Batzordearen saioan. Egoitza Madrilen duen enpresak lau parke eoliko egin nahi ditu Gipuzkoan, eta horietako batek, Buruzaik, Azkoitiari eragingo dio; izan ere, Buruzai proiektuaren barruan lau aerosorgailu jarriko dituzte Oleta mendian; bi Azkoitiko udalerriari dagokion eremuan eta bana Zumarragan nahiz Ezkio-Itsason. Javier Zubizarreta alkateak hala eskatuta, enpresako ordezkariek proiektuaren inguruko informazioa eman zien Azkoitiko Udala osatzen duten alderdi politikoei ostegunean, eta horietako bik, Azkoitiko EH Bilduk eta Azkoitia Baik, saioaren balorazioa egin dute; biek ala biek hainbat "zalantza" eta kezka agertu dituzte Capital Energy enpresak Oletan egin asmo duen parke eolikoaren inguruan.

Jakinarazi dutenez, enpresa, hasiera batean, haize errota bat jartzekoa zen Azkoitian, baina kokapenari dagokionez hainbat moldaketa egin, eta azkenean bi haize-errota zehaztu ditu Azkoitiari dagokion eremuan. Aerosorgailu bakoitzak, guztira, 200 metroko altuera eta 4,5 MWeko potentzia izango du.

Ikerketzea "ezinbestekoa"

Azkoitiko EH Bilduk adierazi duenez, proiektua "hasierako pausoetan" dago oraindik —enpresak prozedura abiatuta du, baina Eusko Jaurlaritzari proiektua ez dio aurkeztu oraindik—, eta ostegunean jaso zuten informazioa "lurreratzea" behar du. Koalizioaren esanetan, aztertzeko dago parke eolikoak ingurumenean izango duen eragina, hala nola hango landarediari, animaliei eta Azkoitia, Azpeitia eta Zumarraga artean dagoen Iruarrietako Estazio Megalitikoari dagokiona. "Hori guztia ikertzea ezinbestekoa da", adierazi du. Era berean, taldeak azpimarratu du proiektua "oso errentagarria" dela enpresarentzat, eta helburua argia dela: "Negozioa egitea". Bide horretan, EH Bilduren ustez, halako proiektuek "Euskal Herriko energia burujabetzaren bidean" eta"herritarren beharrei egokituta, eta ez enpresa handien etekinei begira" joan beharko lukete. Oletan egin nahi duten proiektuan, berriz, azken hori nagusitzen dela uste du koalizioak.

Enpresaren arabera, parke eoliko arrunt baten "ia bikoitza" ekoizteko gaitasuna izango luke Azkoitian ezartzeko asmo duen proiektuak, EH Bilduk jakinarazi duenez. Bestalde, talde politikoak aurreratu du bileran "agerikoa" izan zela enpresak proiektua "azkar" egin nahi duela; "2024rako errotak martxan jartzea nahi dituzte", esan du.

Hori hala, koalizioak bi eskaera egin ditu: batetik, proiektua gauzatu ahal izateko Azkoitiko arau urbanistikoak aldatzeko galdegin du, eta azaldu du ez duela onartuko "udalaren subiranotasunaren eta independentziaren" aurkako saiakerarik; horrez gain, Capital Energy enpresari gonbidapena egin dio herritarrentzako bilera ireki bat antola dezan, haiei proiektuaren nondik norakoak azaltzeko eta bertaratzen direnek izan ditzaketen zalantzak argitzeko asmoz.

Herritarren hitza

Azkoitia Baik, bere aldetik, antzeko kezkak plazaratu ditu, eta hark ere proiektuaren azterketa egiteko premia azaleratu du: "Parke hori al da herritarrentzat egokiena? Beharbada ez. Haratago joanda, bailararentzat eta lurraldearentzat hori al da irtenbide bakarra eta onena? Ez dakigu, azterketa hori inork ez digu azaldu, eta hortik hasi beharko genuke", esan du.

Taldearen arabera, "diru kontuak tartean" daudenean herritarrek "ezer gutxi" izan ohi dute erabakitzeko, baina haren iritziz, "hausnarketa sakon" baten ondotik hautatu beharko luke herriak bere ustez zer energia mota den egokiena, "haren etekina, kokapena, beharra eta ingurumena" kontuan hartuta. "Baina Oletan eraiki nahi den parke eolikoak ez du horrekin zerikusirik", gaineratu du.

Azkoitia Bairen esanetan, "enpresa pribatu batek etekin handienak ateratzeko" aukeratu duen eremua da Oleta. Taldearen ustez, halako gaiak ez lirateke "enpresa pribatuen interesetatik" abiatu behar: "Etorkizunean zerikusi handia izango duten gai mardulek Aldundiak eta Jaurlaritzak aurretik aztertu beharko lituzkete, eta osasunaren eta hezkuntzaren arloetan egiten duten bezala, adostasun handiarekin erabaki".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide