Arte Ederretan graduatua eta margoan espezializatua, musikaren eta margolanen artean bizi da Intza Arakistain (Azkoitia, 1997) artista. Marrazkiak eginez hasi zen sorkuntza lanetan, eta unibertsitate garaian egin zuen margolanetara salto: "Unibertsitatea deskubrimendu bat izan zen margoari zegokionez". Horrez gain, bateria jotzen du Nize taldean, eta tatuajeak egiten ditu noizbehinka. Egun, Bilbon bizi da azkoitiarra, eta hiriburu horretan arnasten den "giro artistikoa" nabarmendu du.
Noiz sortu zitzaizun artearekiko eta sormenerako sena?
Artearen inguruan hitz egiten hasten garenean, sena unibertsitatean garatu dudala uste dut, han artearekiko sentsibilitatea erakutsi didatelako. Egia da aurrez ere marrazten nuela, baina ez zegoen propio horretara bideratuta; gehiago ziren ilustrazioak. Pintura lantzen unibertsitatean hasi nintzen.
Artearen barruan diziplina ugari lantzen dituzu: musika, marrazketa, pintura… Ume zinenean hasi al zinen esparru horiek jorratzen?
Umetan guztiok marrazten eta margotzen dugu. Kontua da nik gerora ez niola utzi marrazteari. Beti gustatu izan zaidan gauza bat da marraztea, eta horretan jarraitu nuen gerora ere; asko gozatu dut. Musikari dagokionez, berriz, gogo handia nuen bateria jotzen hasteko. Gurasoei txapa handia eman nien bateria jo nahi nuelako, eta DBHn nengoenean, tresna hori praktikatzen hasi nintzen musika eskolan.
Unibertsitatean ikasten zenbiltzanean hasi zinen margotzen. Esana duzu marrazkiak eman ezin zizkizun gauzak ematen dizkizula margoak.
Azken finean, margoan zuk zeuk sortzen dituzu erabili behar dizuzun tresnak: koadroan egongo diren kolore guztiak, kromatismo osoa... Eta margotzeko moduak ere oso bestelakoak dira; izan ere, material asko sar ditzakezu geruza bakar batean. Bestalde, marrazkiek zein margolanek beren erreminta propioak eskaintzen dituzte sormenerako, eta ni saiatzen naiz bi gauzak erabiltzen.
Hau da, koadro batean margoa zein marrazkiak uztartzen dituzu.
Bai. Margotzeko modu asko daude, eta ni saiatzen naiz obretan marrazkiak sartzen. Espraia ere erabiltzen dut hainbat koadrotan. Gauza bakoitzak bere izaera du, eta horiek konbinatzea interesgarria izan daiteke.
Nolako margolanak egiten dituzula esango zenuke? Estilo jakin bat al duzu?
Lan bat estilo jakin baten barruan sartzea zerbait konplikatua iruditzen zait. Esango nuke nire margolanak dezenteko puntazorrotzak, tiranteak eta kirrinkariak direla. Baina nire burua ez dut kokatzen estilo jakin batean. Era berean, egia da, gaur egun Bilbon dagoen giro artistikotik guztiok jaten dugula, eta jasotako hori beste zerbaitetan bilakatzen dela gero. Baina ez nintzateke sartuko multzo jakin batean.
Sortze prozesuan zenbaterainoko askatasuna ematen diozu zure buruari?
Saiatzen naiz nire buruari ahalik eta askatasun gehiena ematen, emaitzak, modu batera edo bestera, ezusteko bat eragin diezadan. Beti berdina baino, gauza berriak egitea gustatzen zait. Dena den, nire margolanek beti izango dute neure egiten dituen zerbait; antzeman egingo da nik sortua dela, baina polita da ez igartzea ere.
Materialak berrerabiltzen dituzu lanak egiterakoan.
Askotan edukiontzietatik hartzen dut materiala: egurra, kristala, pintura poteak... Gauza asko egoten da zabor ontzian. Material bakoitzak, gainera, aukera desberdinak ematen ditu: beira zati baten margotuz gero, bi aldeetatik ikusiko da, eta margoa oso irristakorra da material horretan; espraia, berriz, beiran itsatsita geratzen da, baina beste material batean beharbada ez. Egurra, berriz, marratu egin dezakezu. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu.
Esperimentatzea gustatzen al zaizu?
Bai. Zerbait nire eskuetara iritsi bada, topatu egin dudalako da. Horrekin zer egin dezakeedan pentsatzea gustatzen zait.
Non aurkitzen duzu inspirazioa?
Une hauetan, inguruan ditudan pertsonengan inspiratzen naiz. Bilbon panorama astistiko indartsua dago, eta horrek asko laguntzen dit inspirazioa aurkitzen. Instagramen, berriz, artista ugari jarraitzen ditut, eta irudi asko kontsumitzen dut modu horretan ere.
"Bilbon panorama artistiko indartsua dago; horrek asko laguntzen dit inspiratzen"
Bilbon gaur egun giro artistiko indartsua dagoela diozu. Zer ari da egosten hiri horretan?
Jende interesgarri asko dago, eta antzeman egiten da non ikasi duten. Gainera, elkar kutsatzen gara.
Bilbo duzu bizileku. Zer eskaintzen die hiri horrek zu bezalako artista gazteei?
Dezente galeria eta erakusketa gune daude, eta inaugurazio asko egoten dira. Euskal Herrian arlo horretan dagoen leku indartsuena Bilbo dela iruditzen zait.
Margotzeko estudio bat duzu han, hainbat lagunekin batera. Ohikoa al da gazteen artean estudioa partekatzea?
Masterra egiten ari garen lau lagunek estudio bat hartu dugu, eta han margotzen dugu. Orain, ordea, beste estudio batera lekualdatuko naiz, eta han bospasei lagun ariko gara. Egia esan, estudioa modu horretan duten pertsona dezente ezagutzen ditut; Arte Ederren ikasketak amaitu dituzten eta margoaren munduan jarraitu nahi dutenen artean nahikoa ohikoa da hori.
Estudio bat modu kolektiboan izateak eragiten al du norberaren margotzeko moduan?
Bai, lehen esan bezala, guztiok elkar kutsatzen gara. Esaterako, ondokoak zerbait probatzen badu eta gustatu egiten bazaizu, zuk ere horixe probatzen amaitzen duzu. Estudioan besteen lana ere ari gara ikusten, eta horrek modu batera edo bestera norberaren margoan eragin egiten du.
Margo erakusketak ere egin dituzu azken urteetan. Jendearen zer erantzun jaso duzu?
Arte Ederren ikasketak amaitu ondoren, margoari buruzko masterra egin nuen, eta ikasketa horiek egiten ari nintzen bitartean, erakusketa kolektibo asko sortu genituen. Lagun batekin gauzatu nuen erakusketa izan zen adierazgarriena, eta jendearen erantzuna oso positiboa izan zen. Egia da lehen aipatutako giro artistiko horren bueltan dabiltzanek errazago egiten dutela errekonozimendua; beharbada, mundu horretan ibiltzen ez den beste pertsona bati gehiago kostatzen zaio ulertzea.
"Beti dago margotzeko eta deskubritzeko zerbait. Aldatzen ari den ibilbidea da hori"
Margotzen hasi zinenetik, zure sorkuntzek bilakaera izan dutela esango al zenuke?
Izan dute bilakaera mota bat, eta bilakaera hori une oro egongo da; ez du bukaerarik. Lanak beti joaten dira bilakatzen.
Zer da margolanak sortzerakoan gehien interesatzen zaizuna?
Aurrez zer izango den ez dakidan zerbait sortzea gustatzen zait. Aldez aurretik pentsatutako ideia bat baldin badut, edo ez izanda ere, horrek zer-nolako gorputza hartzen duen ikustea interesatzen zait; izan ere, emaitza inoiz ez da izango aurrez pentsatu duzun bezalakoa. Zure desiren manifestazio bat izan daiteke.
Margoari dagokionez, zure lekua topatu duzula uste al duzu?
Oso tristea litzateke hori. Beti dago margotzeko eta deskubritzen jarraitzeko zerbait. Bizitza bera bezala, aldatzen ari den ibilbide bat da jardun hori ere.
Duela hainbat urtetatik, musikan ere bazabiltza, bateria jotzen. 2016an Hartz taldea sortu zenuen Beñat Rodriguezekin batera, eta ondoren, Asier Etxeberria batu zen taldera. Disko bat ere argitaratu zenuten. Garai hartako zer oroitzapen dituzu?
Beste musikari batekin bateria jotzen nuen lehenengo aldia izan zen hura, eta oso nutritiboa izan zen niretzat. Garai hartan, musika eskolan oso gutxi ari nintzen ikasten: denbora gutxi nuen, oso klasikoa zen... Eta pertsona batekin musika jotzen hastean, neu ere sortzen hasi nintzen; asko erakutsi zidan horrek.
"Hartz-en hasi nintzen beste batekin bateria jotzen; oso nutritiboa izan zen niretzat"
Egun, Nize musika taldean aritzen zara bateria-jole gisa. Nola definituko zenuke talde hori?
Rock altertatiboa egiten dugu, eta melodia ilunak lantzen ditugu. Halako zerbait dugu jarrita gure biografian [barreak]. Hori ere zaila izaten da definitzea.
Zer-nolako ibilbidea egiten ari da taldea?
Duela hiru urte sortu genuen, eta abestiak egiten hasi ginen. Aurreneko kontzertua Leire Lakuntza artista bilbotarraren erakusketa batean jo genuen. Iaz disko bat kaleratu genuen, Ezin izenpean – Nize, alderantziz–. Orain, berriz, EP bat grabatu dugu, eta bideoklipa egiten eta azala diseinatzen ari gara. Oraingoz, proiektu hori dugu esku artean.
Nola ikusten duzu musika panorama?
Margoan gertatzen den bezala, musika sortzen duten talde asko daude Bilbon: Belako, Toc, Vulk, Senda... Indartsu dago panorama.
Egun, tatuajeak egiten ere aritzen zara. Nolatan hasi zinen horretan?
Marraztea gustatzen zaidanez, irudiak beste pertsona baten azalean egiten ditut, eta finean, diru pixka bat lortzeko modua ere bada. Duela bi urte inguru hasi nintzen tatuajeak egiten, baina oso modu lasaian egiten ditut; noizbehinka. Ez nago tatuajeen munduan erabat sartuta. Presarik gabe nabil, ez dut oso agenda estua, egia esan. Denbora librea daukadanean eta inork tatuajeren bat nahi duenean, egin egiten diot, eta listo.
Etorkizunean, zertan eta non ikusten duzu zure burua?
Espero dut margotzeko estudio bat edukitzea eta horretarako denbora izatea. Nahiko nuke, era berean, artearen munduan bide berriak irekitzen jarraitzea.