Hitz bitan

Irantzu Iturbe: "Arteterapia saioek aukera eskaintzen dute norberarekin bat egiteko"

Ane Olaizola 2022ko api. 5a, 09:51

Irantzu Iturbe arteterapeuta, eliz atarian.

Irantzu Iturbe (Azkoitia, 1991) arteterapeuta da, eta Azkoitiko Udalak emakumeak ahalduntzeko antolatzen dituen ikastaroen artean, arteterapia saioak eskaintzen ditu.

Zer da arteterapia? Eta zein du jatorria?

Sorkuntza eta artea erabiltzen diren terapietako bat da; terapia alternatiboen barruan nahiko berria da. Finean, arteterapiaren funtzioa da barruan duzun eta hitzez adierazi ezin duzun hori beste hizkuntza batzuen bidez kanporatzea. Herrialde batzuek terapia ofizialtzat dute arteterapia, eta ospitaleetan, espetxeetan edota hezkuntzan erabiltzen dute. Edozeinentzat da aproposa, eta esaterako, gaixo terminalekin zein Downen sindromea dutenekin oso ongi funtzionatzen du. Indarra hartzen ari den diziplina da, emaitza onak dituela ohartu direlako.

Zer egiten duzue saioetan?

Arteterapia bidaia bat da, eta bidaia guztietan bezala, lehenengo maleta prestatzen duzu. Arteterapian erremintak dira motxila hori: margoak, plastilina, buztina, musika... Aurreneko saioetan, taldea eratu, kideak elkar ezagutu eta segurtasun espazio bat sortzen dugu. Asmoa da norbera gustura joatea saioetara, den bezalakoa adierazteko askatasuna edukitzea eta besteen prozesuarekin gozatzea. Izan ere, barrura begiratzen laguntzen du arteterapiak, baina taldera ere irekitzen da; taldekideen arteko harremana ere asko lantzen da.

Prozesua, beraz, norbanakoarena zein kolektiboa da.

Hori da. Norbere buruarekin egoteko eta denbora norbere buruari oparitzeko tarteak dira saioak. Horiek hiru zati dituzte: aurrenekoa berotze ariketa izaten da, eta batzuetan erreferente diren artista emakumeak aipatzen ditugu. Ondoren, proposamen artistikoa egiten dugu, eta saio bakoitzean zerbait desberdina lantzen dugu, hala nola autoestimua, harremana, dualtasuna, beldurra... Obra amaitzen dugunean, hori taldean erakustea da azken pausoa. Berdin dio amaierako lana nolakoa den, prozesua da garrantzitsua.

Nola interpreta daiteke norbera nola dagoen arte adierazpenaren bidez?

Arteterapia bizi egin behar da, ez da mentalki uler daitekeen zerbait. Prozesuan, askotan ez dakizu zer ari den gertatzen, eta amaieran konturatzen zara. Era berean, nire zeregina da prozesuan zehar egiten dituzten lanak eta erabiltzen dituzten erremintak aztertzea. Helburu terapeutikoetarako ez ezik, norberaren garapenerako ere egokia izan al daiteke? Horretarako erremintak ematen ditugu. Benetako terapia batek tresnak eman behar dizkigu, horiek ondoren gure bizitzan ezartzeko eta gure kasa lantzeko. Hori da oinarrizkoena.

Zein dira saioen onurak?

Saioek aukera eskaintzen dute norberarekin bat egiteko. Autoestimua eta autonomia asko lantzen ditugu; izan ere, sortzaile bihurtzen gara, eta horrek ahaldundu egiten gaitu.

Emakumeak ahalduntzeko ere egokia da, beraz.

Emakumeek, oro har, espresiorako mundu zabala eta aberatsa daukagu, baina egunerokoan ez dugu praktikan jartzen. Askok esaten dute: "Iruditzen zait intuizio handia dudala, baina itzalita daukat". Arteterapiak aukera ematen du adierazpen emozionala, intuizioa eta zentzumenak lantzeko. Esparru horiek lantzean, gure buruarekin konektatuago sentitzen gara, eta horrek ahaldundu egiten gaitu. Bat egite horrek, gainera, bizitzaren aurrean altxatu egiten gaitu. Bestalde, emakumeek taldean lan egiten dutenean energia polita sortzen da. Bakoitzaren bizipenak ez dira berberak, baina gauza asko ditugu komunean.

Iaz zer-nolako emaitza izan zuen ikastaroak?

Adin desberdinetako emakumeak batu ginen, eta hori oso polita izaten da. Oso gustura amaitu zuten ikastaroa, eta niretzat ederra izan zen haiek nola hasi ziren eta zer prozesu izan zuten ikustea; oso emankorra izan zen. Aberatsa da bakoitzak daraman motxila partekatzeak besteari zertan eragiten dion ikustea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide