Kronika

Oier Etxeberriak irabazi du Azkoitiko kanporaketa, eta erabaki da finaleko seikotea

Jon Gurrutxaga 2022ko mar. 21a, 12:29

Oier Etxeberria atzoko saioan.

Atzo, igandea, izan zen Erniarraitz Sariketaren XI. edizioko azken kanporaketa Azkoitiko Kultur Etxean. Oier Etxeberria nagusitu zen, eta harekin batera izan ziren agertokian Bittor Altube, Paule Loizaga, Aner Euzkitze, Maide Garmendia eta Julene Iturbe. Ostiralean izango da finala Azpeitiko Gaztetxean. Jon Gurrutxagak egin du atzoko saioaren kronika.

Azken kanporaketak galdera ikur baten antza izaten du, aurrez buruan genekarrenaren erabat bestelakoa izan daitekeelako amaierako emaitza. Izenak, faboritoak eta aurreikuspenak inoiz ez dira pronostiko segurua bertsoari gagozkionez, neurtezina puntuatzeaz ari garelako.

Azkoitiko seikoteak, hala ere, ez zirudien zalantza eta galdera asko zeukanik, saioari indartsu eta irmotasunez ekin baitzioten gehienek. Bittor Altuberena eta Maide Garmendiarena bereziki azpimarragarria iruditu zitzaidan. Kale zurrutean ibili eta isuna iritsi zaien bi kuadrillako, Garmendiak gehiago kale zurrutik ez egitea erabaki du, eta Altubek, aldiz, lehengoan jarraitzea. Ez daukate arazo handirik paperean sartzeko, eta erreferentzietan antzematen zaie. Bizitzaren garestitzeaz, kaña bat 2,5 euro ezin ordaindu ahal izateaz... oso sinesgarri biak, eta Altuberen errematea bereziki borobila: "Edaten segi beharko dugu gauero Aurum epela/eta egun berezia bada edan daigun San Migela". 

8ko txikian oso bizi jardun ziren. Erritmoarena, oro har, goraipatzeko faktorea da. Ez da ohikoa gazte sariketetan halako bizitasunez aritzea, akatsa ere erraztu egiten baitu erritmoak. Entzuleok asko eskertu genuen ahalegina, dinamikoa izan baitzen oso atzoko saioa. Denak ezin hona ekarri, eta Oier Etxeberriak Garmendiarekin osatutako ofizioan utzitako perla bat aipatu nahiko nuke. Pisukideak dira Etxeberria eta Garmendia. Etxeberriak berak prestatzen du janaria, eta Garmendiak amonaren etxetik poltsakada bete tuper dakar. Azpeitiarraren bigarren bertsoa benetan da fina: "Maide zuk ez gauzkazu lerdetan bustiak/ez dira heredatzen gaitasun guztiak".

Puntu erantzunetan ez zen inor erori, eta zerbait bada hori. Hala eta guztiz, ez da ariketa errazena ezpal dotoreak uzteko, eta gogoan ez zait geratu apartatzeko modukorik. 

Hamarreko txikian, aktualitatea hizpide. Paule Loizaga eta Garmendia garraiolariak kamioiari gasoila botatzen. Bertsoaren bukaera omen dela inportantea erakutsi ziguten bertso eskolan; ez da beti hala, ordea.  Tartean ere badago non jolas egin. Adibidez, Loizagak Espainian behera doinuan kantuan hasi, eta garraiolariaren paperetik "Espainian behera ta gero gorantza" kantatzen dizunean erakusten dizu burua bertsotara daukala, eta bertsozaleak ikusten dituzu elkarri begi-kliskaka. Kode konpartituak azaleratzen dituzten bertsoak dira ziurrenik magia gehien daukatenak. 

Kartzelako gaia: "Azkenean bai, irabazi egin duzu". Gainontzeko gaiak oso balekoak eta kantatzeko modukoak iruditu zitzaizkidan arren, kartzelako gaia ez zitzaidan iradokitzaileegia iruditu, helduleku gutxi zeukalako, nire ustez, bi bertso bakarrik kantatzeko. Azken urteetako eztabaida da kartzelako gaien irekitasunarena, eta ni bertsolaria eremu estuagora eramatearen aldekoa naiz, narratzailearen ahotsa erabakitzea, istorio sinesgarria sortzea, eta, gainera, zerbait originala kantatzea konplikatuegia baita minutu eta erdiko tartean, eta, areago, hortik gorakoa penalizatzen dizutenean. Kontuak kontu, asmatu zuten, asmatu zutenez, gaia lurreratzen. Julene Iturberen bertsoak izan ziren ziurrenik arratsaldeko txalotuenak. Ohiko erasotzaileari zaplasteko bat ematera ausartu izana lotzen du garaipenarekin azkoitiarrak. Inpaktantea izan zen lehenengo bertsoaren bukaera: "Zaplasteko bat eman diot nahiz orain arte neukan zaila/ta hankatartea baino beroago gelditu zaio masaila".

Horrenbestez, erabaki da ostiralean Azpeitiko Gaztetxean arituko den finaleko seikotea. Inguruko bertsozaleek galdu ezinezko zita izaten da, eta bertan espero zaituztegu; plaza ederra egongo da. Txaber Altube, Oihana Arana, Oier Etxeberria, Urko Arregi, Irati Alcantarilla eta Unai Mendiburu izango dira agertokian.

Hona hemen atzo Azkoitian izan zen saioko sailkapena:

  • Oier Etxeberria: 254 puntu.
  • Bittor Altube: 239,5 puntu.
  • Paule Loizaga: 239 puntu.
  • Aner Euzkitze: 233 puntu.
  • Maide Garmendia: 223 puntu.
  • Julene Iturbe: 221 puntu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide