Oleta gainean lau haize errota jartzeko prozedura abiatu duen Capital Energy enpresako arduradunak biharko, osteguna, Antolakuntza Batzordera gonbidatu ditu Azkoitiko Udalak. Erakundeak adierazi duenez, Javier Zubizarreta alkateak eskatu die horiei 17:00etarako deituta dagoen bilkuran parte hartzeko, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariek "zuzeneko informazioa" jaso dezaten. "Kontrasterako, argibideak eskatzeko edo zalantzak argitzeko aukera" izango dute horiek.
Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Azkoitiko alkateak joan zen azaroan izan zuen lehen hartu emana aerosorgailuak jarri nahi dituen enpresako ordezkariekin, enpresak berak deituta. "Bilera informatiboa izan zen, Gipuzkoarako esku artean zituen proiektuen berri emateko deitua". Izan ere, egoitza Madrilen duen enpresak lau parke eoliko egin nahi ditu Gipuzkoan. Horietako batek, Buruzai izenekoak, Azkoitiko eremua ere hartzen du, lau haize sorgailu jarri nahi dituztelako Oleta inguruetan. Beste hiru aerosorgailuak, berriz, Zumarragako eta Urretxuko lurretan kokatu nahi dituzte. Buruzai izeneko parke eolikoko haize errota horietako bakoitzak 4,5 MW-eko potentzia izango du.
Beste hiru parke eolikoak, berriz, honako leku hauetan egin nahi ditu Capital Energy enpresak: Trekutz izenekoa da bat, Urretxu eta Antzuolan kokatzeko asmoa dutena; Ezkeltzu izenekoa da bestea, Zizurkil eta Usurbilgo lursailetan gauzatu nahi dutena; eta hirugarrena Karakate izenez deitu dutena, Soraluze eta Elgoibar eremuetan jarri nahi dutena.
Udalak azaldu duenez, arlo horretan aritzen diren enpresek Buruzai eta Trekutz eremuetako parke eolikoen gaineko eskaerak egiteko epe, eta ez dute eskaera bat bera ere aurkeztu. Ondorioz, aldez aurretiko administrazio baimena izapidetzeko, Capital Energy enpresak Buruzai eta Trekutz proiektuen gaineko dokumentazioa aurkeztu beharko du orain Eusko Jaurlaritzan. Gainerako bi parkeak jendaurreko epean daude, eta enpresek eskaerak egin ditzakete oraindik ere.