Karlos Ostolaza: "Uste genuen Ukrainatik umeak ekartzea erraza izango zela, baina ez"

Ane Olaizola 2022ko mar. 12a, 09:00

Ukrainako haur baten harrera familia eta Chernobilen Lagunak gobernuz kanpoko erakundeko lehendakaria da Karlos Ostolaza (Azkoitia, 1971) Azpeitiko bizilaguna. 2019az geroztik, haren familiaren etxera joan izan da 9 urteko Sofia neskatoa denbora tarte bat igarotzera. Erradiazio maila handiko eremuan bizi da hura, eta gerrak bete-betean harrapatu du haren herria.

Chernobilen Lagunak gobernuz kanpoko erakundearen bidez, Ukrainako haur baten harrera familia zara. Noiztik?

9 urteko alaba dugu, eta alaba bakarra izanik, ahizpatzat izango zuen ume ukrainar bat ekartzen hastea erabaki genuen, modu horretara Ukrainako umeari lagunduko geniolako. 2019an ekarri genuen Sofia aurrenekoz; 7 urte zituen orduan. Ondoren, COVID-19agatik bi udatan ezin izan zuen etorri. Azkenengoz, Gabonetan izan zen gurean.

Txernobylgo esklusio eremuan, hasiera baten behintzat, ezin du inork bizi. Erradiazio maila handiko beste eremu bat badago, bertan bizi bai baina, esaterako, han landatutako barazkiak jan ezin direna; Ivankiv eremua da hori. 15.000 biztanleko herri bat da Ivankiv, eta inguruan herrixka asko daude. Guk ekartzen ditugun umeak eremu horretakoak dira. Beroarekin, erradioaktibitatea gehiago zabaltzen da, eta batez ere udan handik alde egitea oso mesedegarria izaten da haientzat. Bi hilabete eskas igarotzen dituzte hemen, eta asko indartzen dira. Txernobyl ingurua oso aberatsa zen lehen, baina zentral nuklearraren hondamendiaren ondotik oso pobrea bilakatu da; jendeak, oro har, baliabide gutxi du han. Hona etortzen direnean, beraz, mundua zabaltzen zaie. Esaterako, inoiz itsasorik ez dute ikusi, eta beste aukera bat ematen diezu hemen. 

Ivankivko herrixka batean bizi da Sofia. Erasotako herria al da?

Errusiako tropak Bielorrusiatik sartu dira Ukrainara, eta handik Kievera joateko Ivankiv igaro behar da; hori da hiriburura sartzeko bide zuzena. Dagoeneko errusiarren esku dago eremu hori. Gaur gaurkoz, udaletxean bandera errusiarra jarri dute, eta bonbardaketarik ez dago Ivankiven. Dena den, bonbardaketak jasan dituzte han. Herritarrak, oro har, egurrezko baserrietan bizi dira, eta azpialdean despentsa bat izaten dute jakiak-eta hobeto mantentzeko. Bonbardaketetan han sartuta egon dira.

Ba al duzue hango familiaren berririk?

Joan zen larunbatera arte, egunero genuen haiekin harremana. Baina hango errepikagailua edo antena eraso egin zuten, eta orduz geroztik ez dakigu ezer. Hainbaten mezuak-eta iristen zaizkigu, eta esaten dute hangoak ondo daudela, jada gerrarik ez omen dagoelako han. Baina ez dakizu zer den egia eta zer ez; esaterako, batzuek diote errusiarrak janaria ematen ari direla ukrainarrei, baina haiek ez dutela errusiarrek emandako elikagairik nahi; auskalo.

Urtean zehar, Whatsapp bidez komunikatzen gara haiekin, baina gerraz geroztik Telegram aplikazioa erabili dugu. Errusiako aplikazioa da Telegram, eta beren artean Whatsappa erabiltzeko ohiturarik ez dutenez, whatsapp mezuak bidaliz gero badakite atzerritarrekin komunikatzen ari direla; nabarmena da zein etxetan ari diren Whatsappa erabiltzen. Horregatik aldatu ginen Telegramera. Harremana moztu aurretik, mezua bidaltzen genien eta bihotz baten irudiarekin erantzuten ziguten edo ez genuen erantzunik jasotzen. Uste dut beldurragatik egiten zutela hori.

Harremana moztu arte, zein zen bere eta haren familiaren egoera, eta zer asmo zuten?

Beldur handia zuten. Zer asmo zuten, berriz, ez dakit; ez ziguten esan. "Oxala Sofia zuekin egongo balitz" zioen mezua bidali ziguten, baina ez dakit familiak etortzeko asmorik duen edo ez.

Duela bi aste piztu zen gerra. Aurreikusten al zuten zetorkiena? 

Ez dakit sumatzen al zuten, baina beldurra zuten. Izan ere, 50 kilometrotara dute Bielorrusiako muga; oso gertu. 

Harrera familia ez ezik, Chernobilen Lagunak gobernuz kanpoko erakundeko lehendakaria ere bazara. Zein da zure eta taldearen egitekoa?

Egun, 22 bat familiak osatzen dugu taldea. Guztiok gara boluntarioak eta denek zerbait egiten dute. Lau urtero aldatzen da zuzendaritza, eta orain niri suertatu zait lehendakari izatea. Uda sasoian Ukrainatik umeak ekartzeko kudeaketak egiten ditugu batez ere: familiak bilatu, dirulaguntzak eskatu… Gerrak, ordea, ezustean harrapatu gaitu, eta egia esan, egoerak gaindituta gaude. 

Familiek nola bizi duzue egoera?

Kezka eta ezjakintasun handiz. Bestalde, Espainian elkarte asko daude, eta ikusten dugu autobusak etorri eta etorri ari direla handik. Guk erradiazio maila handiko eremutik ekartzen ditugu haurrak, baina ikusten ari gara beste eremu askotatik ari direla ukrainarrak etortzen. Horrek ezinegona sortzen digu. Izan ere, bai Txernobyl elkartearen eta gure erakundearen bidez hartzen ditugun umeak ezin ekarrita gabiltza.

Hain zuzen ere, Txernobyl elkarteak adierazi du Euskal Herriarekin lotura duten 200 ume baino gehiago Ukrainan blokeatuta daudela.

Uste genuen Ukrainatik umeak ekartzea erraza izango zela, baina ez. Udan umeak ekartzen direnean, dokumentazio eta agiri ugari behar izaten da; berme asko ematen diegu hango familiei. Orain, berriz, hango umeak ekartzeak adin txikikoak babesteko legearekin talka egin dezake. 

Gerra piztu denetik, zein da Chernobilen lagunak gobernuz kanpoko erakundearen egitekoa?

Eskatu ahala ari gara jendeari erantzuna ematen. Ukrainarekin lotura zuzena duten familia asko daude Gipuzkoan, eta baliteke haien familiak hona etortzea. Migrazio handia espero da Ukrainatik, eta baliagarriak izan gaitezkeelako harremanetan gaude Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Eusko Jaurlaritzarekin. Gerra piztu denetik, askok deitu digute, eta gure eginbeharra ere asko aldatu da. Gainera, bat-batean gauza asko egiten hasi gara intentzio onez, baina gero aldatu behar izan ditugu horiek, protokoloak direla eta. Esaterako, hasi ginen janaria biltzen, baina gero jakin genuen logistikako hainbat baldintza bete behar genituela, eta noski, guk horiek ez genekizkien. Halako gauzak ari zaizkigu gertatzen. Beraz, une hauetan, lehentasuna da gure umeak eta familiak ekartzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide