Oporrak Bakean programa harrera familien bila ari da

Andoni Elduaien 2022ko mar. 11a, 09:32

Nayat eta Aichatu haur sahararrak hondartzan. (Darahli elkartea)

Saharako haurrak udan etxean hartu nahi dituzten harrera familiek martxoaren 27a baino lehen Darahli elkartearekin jarri beharko dute harremanetan. Egun, pandemia eta gerra betean murgilduta daude Mendebaldeko Saharan. 'Aurten bai, aurten elkartuko gara' lemapean, bi urteko etenari amaiera eman nahi diote.

Pandemia tarteko, azken bi urteetan Mendebaldeko Saharako haur errefuxiatuak Euskal Herrira etorri gabe egon dira, baina Oporrak Bakean programaren eskutik aurten etortzeko aukera izango dute. Saharar haurrek Euskal Herrian uda igarotzea ahalbidetzen du Darahlik, eta orain, harrera familien bila ari da elkartea. Aurten bai, aurten elkartuko gara lemapean berrartu du programa Darahlik.

"Bi hilabetez etxean beste kide bat gehiago izan nahi duten pertsonen bila gabiltza. Mendebaldeko Saharar herriarekin elkartasuna duten familien bila gabiltza. Mahaian beste plater bat gehiago jartzeko prest daudenen bila, uda ezberdin bat pasa nahi duten familien bila", azaldu du Darahli elkarteak. Harrera familia izateko prest daudenek martxoaren 27a baino lehen Darahli elkartearekin jarri beharko dute harremanetan, darahlizumaia@gmail.com helbide elektronikora idatzita edota 605 70 14 63 telefono zenbakira deituta. 

Pandemian eta gerran

Darahli elkarteak nabarmendu du, Saharako haurrek izaten dituzten ohiko arazoei –janari eta ur eskasia, 55 gradutik gorako tenperaturak eta mediku errebisio gabeziak–, pandemia eta gerra gehitu behar zaizkiela. "Mundu mailako pandemiak bortitz jo du errefuxiatuen kanpamenduetan. Mugak itxita izateak ondorio larriak ekarri ditu kanpo laguntzetatik bizirauten duen herrian", azaldu du elkarteak.

COVID-19ak sortutako gaixotasunez gain, hango bizilagunek "paraleloki" beste hainbat eragozpen izan dituzte; komunikabideek gerra "isilpean" mantentzen dute. "2020ko azaroaren 13an Marokok amaiera eman zion su etenari, eta ordutik soldadu sahararrak 'lotsaren harresia' ari dira babesten". Ia urte eta erdi luzatu da gerra, eta Darahli elkarteak adierazi du heriotza ugari eragin dituela. "Oporrak Bakean programan parte hartzen duten haurren aitak, anaiak edota senideak dira borrokan ari diren soldaduak, baita duela urte batzuk gure herrietan harreran egondako haurrak ere". 

Oporrak Bakean 2022 Aurten bai! from Euskal Fondoa on Vimeo.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide