Pello Benitez: "Oso motibagarria da Espainiako Txapelketan aurreneko postuetan egon naitekeela ikustea"

Ane Olaizola 2022ko mar. 10a, 15:00

Igeriketako masterren Espainiako Txapelketa jokatu zuen joan zen asteburuan Pello Benitezek (Azkoitia, 1991) Galizian, eta urrezko domina eskuratu zuen 50 metro libre proban. Horrez gain, zilarrezko eta brontzezko beste bana ere eskuratu ditu Zubiaurreko igerilariak eta entrenatzaileak. Aurreneko aldiz lehiatu da Espainiako Txapelketan, eta lortutako emaitzekin "gustura" itzuli da. Benitezek Cadizera (Espainia) bidean erantzun ditu galderak, haren ikasle Olaia Gaitanek infantilen Espainiako Txapelketa jokatuko baitu egunotan.

Igeriketako masterren Espainiako Txapelketa jokatu zenuen joan zen asteburuan Pontevedran (Galizia). Nolako proba izan zen?

Guztira, lau proba jokatu genituen, distantzia zein modalitate desberdinetan. Ondo sentitzen nintzen, eta hasierako sailkapenean ikusi nuen lau probetatik bitan aurreneko postuetan nenbilela. Horrek erakutsi zidan proban emaitza txukunak lortzeko aukerak banituela.

Zer helburu zenuen txapelketan?

Aurreneko helburua izaten da zure denbora hobetzea, eta podiumera iristea lortzen baduzu, oraindik eta hobeto. 100 metroko proban, lortu nuen denbora hobetzea, eta zilarrezko domina eskuratu nuen han. 50 metrokoan, berriz, ez nuen denbora hobetzerik izan, baina lehen postua eskuratu nuen.

Igeriketako masterren Espainiako Txapelketan lehiatu zaren lehenengo aldia izan al da?

Bai, eta oso gustura egon naiz. Pozik nago emaitzarekin, baita han izandako esperientziarekin ere. 1.300 bat igerilarik parte hartu genuen, giro ederra nagusitu zen eta oso txapelketa potentea izan zen. Horrez gain, oso motibagarria da halako txapelketa batean aurreneko postuetan egon naitekeela ikustea. Zubiaurreko master taldean, ordea, igerilari asko gaude, eta aurrera begira, gustatuko litzaidake taldekideak ere txapelketetara animatzea. 

Zenbat lagunek osatzen duzue Zubiaurre master taldea? Zein dira zuen helburuak?

40tik gora igerilarik osatzen dugu taldea, eta adin desberdinetakoak gaude: gazteenak 18 urte ditu, eta zaharrenak 65 urte inguru. Adierazgarria da, gainera, emakumeak gehiago direla.

Helburu nagusia, berriz, igeriketa sustatzea da. Izan ere, igerilari gehienak gaztetan lehiatzen hasten dira, baina gero, arrazoi batengatik edo bestearengatik, utzi egiten dute. Zentzu horretan, hutsune bat zegoela sumatzen genuen, eta jendeak eskatzen zuen igerian egiteko halako talde bat sortzea. Aukera hori jarri genuen duela bost urte, eta egia esan, harrera oso ona izan du. Batzuetan, itsasora joaten gara, eta esaterako, Getaria-Zarautz zeharkaldia egin izan dugu. Duela ez asko, zenbait taldekide Benidormen (Herrialde Katalanak) izan ziren Oceanman proban lehiatzen, eta podiumean sailkatu ziren horietako batzuk.

Banakako kirola da igeriketa. Zentzu horretan, gogorra al da?

Igeriketa banakakoa da, eta helburuak, beraz, zureak dira, norbanakoak. Dena den, kale bakoitzean igerilari bat baino gehiago aritzen gara, eta uretatik kanpo ere jendearekin zaude. Beraz, banaka lehiatzen bagara ere, taldean lantzen den kirola da igeria.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide