Txaber Altube nagusi, Errezilgo kanporaketan

Jon Gurrutxaga 2022ko mar. 7a, 12:33

Txaber Altube atzoko saioan. (Erniarraitz)

Atzo, igandea, hasi zen Erniarraitz Sariketaren XI. edizioa, Errezilgo Borondegin. Urko Arregi, Ekhiñe Zapiain, Irati Alcantarilla, Txaber Altube, Unai Mendiburu eta Iker Letamendia aritu ziren kantuan. Dozenaka bertsozale izan ziren han, eta Altube nagusitu zen; hura martxoaren 25ean Azpeitiko Gaztetxean izango den finalera sailkatu da, zuzenean. Hurrengo saioa Zestoko Kultur Etxean izango da, igandean. Jon Gurrutxagak egin du atzoko saioaren kronika.

Bildua da Errezilgo Borondegiko aretoa, eta batu ere dezente egin gara. Normaltasun kutsua hartzen diogu Erniarraitz sariketari, aldarte umoretsua nabari zaio jendeari, gosea, eta badator oholtzan gora bertsolari gazteen seikotea; txaloz hartu ditugu. 

Agurretan, hasi Errezilen ezaugarri berezietatik, eta aurreneko parranden biharamunera, pauso arinean eta zirika ekin diote lanari bertsolariek entzuleongan aurreneko algaratxoak eraginez.
Saio puntuagarriari ekitearekin bat doinu eta tonu solemneagoak nagusitu dira 8ko handiko ariketan. Gai sozialak lantzeko parada daukate, baita zeresana ere. Pantailaren aurrean orduak pasatzen dituen haurraren guraso kezkatuak, jokoak menderatutako bi kuadrilako eztabaidan... 

Ofizio bat aukeratzen hasita, Txaber Altubek eta Urko Arregik osatu dutena. Gustuko artista batek sexu erasoa gauzatu, eta horrek artistaren eta bere obraren gainean eztabaidan jarri ditu bi jarraitzaileak. Altubek argi du artelana ezin dela bereizi artistarengandik; Arregik ez dauka hain argi. "Ta ezin dugu edozerekin dantzan pasatu udara/ jarraitzen dugun irudiaren erantzuleak gu gara", kontu hartu dio Altubek. "Aldarrikapen pila bat daude berez kantutan beretan/ kantu hoietan esaten dena islatzeko jarreretan", ihardetsi Arregik kantuen beren gainean jarriz fokoa. Artea artistak kontrolatzen duen mailua da Altuberen ustez, eta badirudi amaieran laguna konbentzitu duela, Errezilera bidean kotxean datozela justu artista horren kanta hasten baita irratian, eta Arregik kanta pasatzeko agintzen baitu.

Umorera jauzi atzera; 8ko txikian Unai Mendiburu eta Ekhiñe Zapiain aita-alaben elkarrizketa. Alabak etxetik alde egin eta gutxira, bisitara doan batean, han topatzen du bere logela erreformatuta eta aita yoga egiten. "Ni joatea nahi zendun ni naiz testigua, hargatik ordaintzen dit alokairua". Eta aitak erantzun zuzena: "Zu irten zinen eta bakea heldu da". Umorez josi dute bertsoaldia, eta publikoak eskertu egin du.

Puntu-erantzunena ariketa labaina da, bertsoa pentsatzeko logika alderantzizko bilakatzen baitu. Muturrez aurreraka zoaz ziurgabe, erdi itsuan, baina biderik balego satisfazioa helmugan. Arregirena osorik transkribatzekoa da, borobila: "Garrantzitsua omen da/ galtzen ikastea...". Eta erantzuna: "Hortako lehen urratsa jolasten hastea/ baina jolasak behar lukeenez askea/ hobe ez galdu eta ez irabaztea".

Hamarreko txikian elkarrizketa  serioa osatu dute Iker Letamendiak eta Irati Alcantarillak psikologoaren kontsultan elkartu diren bi kuadrilakoren paperetik. "Trago artean zeinen gutxi hitz eiten den", diotso Letamendiak, eta Alcantarillak, berriz: "...elkarri ezin esan lagunak izaki/ ta kontatzen diogu ezezagun bati", bueltan. 

Kartzelako ariketan gai irekia proposatu du gai-jartzaileak: "Iritsi da eguna, ezin duzu gehiago atzeratu". Alcantarillarena eta Altuberena ekarriko ditut. Alcantarillak Bidasoako errealitatea oroitarazi du, migratzaile baten azalean sartuta. Bizitza eta heriotza, txapon baten bi aldeak, gaur ez bada bihar ibaia igaroko duenaren itxaropena… Narrazio sinesgarria osatu irundarrak. Altubek, bere partetik, "gerezi baten gerizan" elkarri aurreneko muxua eman zioten eta denboran agortu den bikote harremana ekarri du. Erremate polita eman dio bertsoaldiari: "...maitatzen zaitut nire burua ia ez maitatzeraino/ eta nahiago zintuzket libre neure penen jabe baino".

Sariketa bat da, eta sariketetan sentsazioei zenbakiak jartzen zaizkie. Gai-jartzaileak bota du emaitza, eta irabazleak, presioa erantzi eta hala deklaratzen du: "...lekuren bat badago kantau nahi dudana/ uste dut Azpeitiko Gaztetxea dana".

Altube abadiñarrak seguru daki han izango dela, besteek itxaron egin behar, eta guk, bertsozaleok, Zestoan daukagu hurrengo zita hilaren 13an. 

Hona hemen atzoko saioko sailkapena:

  • Txaber Altube: 259,5 puntu.
  • Urko Arregi: 252 puntu.
  • Irati Alcantarilla: 251 puntu.
  • Unai Mendiburu: 250,5 puntu.
  • Ekhiñe Zapiain: 230 puntu.
  • Iker Letamendia: 202 puntu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide