Martxoaren 8aren harira, Emakumeen Nazioarteko Egunari irudia jartzeko kartel lehiaketa egin dute herriko ikastetxeetan Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailarekin elkarlanean eta Hezkidetza Foroaren baitan. Izarraitz Lanbide Heziketako ikasle Malen Pazosek irabazi du lehiaketa, eta haren kartelak irudikatuko du Azkoitian aurtengo Emakumeen Nazioarteko Eguna. "Oso kartel koloretsua da, eta emakumeen ahalduntzea aipatzen du. Emakumea besoak altxatuta ageri da, baina eskuan lorea duela; boterea beste era batera ulertuta, eta emakumeen gorputzen eta bizipenen aniztasuna aldarrikatzen du", azaldu dute lehiaketaren sustatzaileek.
Bigarren saria Azkoitia BHIko Salma Lemtanten ikasleak jaso du. Ni ez naiz inoren jabe eta inor ez da nire jabe lelo hartuta, collage batekin osatu du kartela. Hirugarren saria Floreaga Ikastetxeko Ibai Martinek eskuratu du. Inoiz baino indartsuago leloa irakur daiteke kartelean. Bertan, emakume talde bat ikusten da besoak altxatuta, aurrera egiteko prest.
Lehiaketan parte hartu dute Floreaga Ikastetxeak, Xabier Munibe Ikastolak, Azkoitia BHIk eta Izarraitz Lanbide Heziketak. DBHko ikasleek kartelak egin dituzte eta Lehen Hezkuntzakoek paparrean eramateko txapak diseinatu dituzte. Kartel lehiaketara guztira 124 lan aurkeztu dira.
Kartel lehiaketara aurkeztutako lanak ikusgai jarri dituzte Berdura Plazan, eta bertan izango dira gaurtik hilaren 11ra bitartean.
Modu horretan, udalak eta ikastetxeek "berdintasunaren aldeko konpromisoa" berretsi dute. Horrela azaldu du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak: “Hausnarketarako eguna da, urte luzeetan emakumeen berdintasunaren eta aintzatespenaren alde egindako borroka oroitzeko eguna. Aurrerapen handiak egin dira, baina oraindik berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea sustatzen jarraitu beharra daukagu. Ez da lortu oraindik benetako berdintasuna gizon eta emakumeen artean”.
Emakume bertsolarien saioa
Berdura Plazako erakusketaz gain, Ez da kasualitatea bertso saioa antolatu dute Martxoaren 8aren bueltan. Hain zuzen, hilaren 13rako antolatu dute saioa, eta egun horretan lau emakume bertsolari arituko dira oholtzan: Maddalen Arzallus, Alaia Martin, Julene Iturbe eta Oihana Iguaran. Gai-jartzailea Eresti Oiarbide izango da eta musikaz Gari Otamendi eta Araitz Bizkai arduratuko dira.
Hilaren 13ko bertso saioa 18:00etan hasiko da, eta Floreaga Ikastetxeko On Bosco aretoan izango da. Sarrerak dagoeneko salgai daude eta zortzi eurotan eskura daitezke www.azkoitia.eus/agenda loturan edo www.entradium.com atarian.