Urola ibaitik zaborra atera ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzak aprobetxatzeko deia egin die Eguzki talde ekologistak Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalei. Erakunde ekologistak azaldu duenez, udalei otsailaren 22an jakinarazi zien foru erakundeak ibaietako zabor sakabanatu pilaketak saihesteko eta zabor hori jasotzeko jarduerak gauzatzeko dirulaguntza lerro bat jarri duela martxan.
Eguzkik esan duenez, "zabor tonak" ikusi ditu Urola ibaiaren Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako inguruetan, hala nola kableak, gailu elektronikoak, gurpilak, pneumatikoak, teila zatiak, metalezko egiturak, paletak, gomak, plastikozko poteak, bidoiak, tetrabrikak, kazolak, txarra eta arropa. "Aipatzekoak dira nekazaritzarako erabiltzen diren plastiko beltzak eta zuriak, burdinazko eta plastikozko sareak, olanak nahiz oihalezko zakuak", gaineratu du taldeak.
Urola ez dela ibai bat azaldu du erakunde ekologistak, "zabor hustubide bat" baizik. "Berriro salatu behar dugu Urola ibaira isurketa gehiago egin direla, baita beste errekasto batzuetara ere". Hori dela eta, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako ibai ertzak "kaltetuta" daudela salatu du erakundeak. Ez da, baina, Eguzkik Urola ibaiaren egoera salatzen duen lehen aldia.
Erakundearen arabera, "argi" dago hiru herri horietako udalek ez dutela "kostaldean areagotzen ari den" arazoa sortu, baina arazoaren "parte" direla azaldu du. "Horregatik, aldundiaren laguntzak aprobetxatzeko eta Urola ibaia kutsatzen duten zabor tonak kentzeko eskatzen diogu udalari. Era berean, gainerako administrazio eskudunekin lankidetzan, ibai sistemak zaintzeko eta kontserbatzeko beharrezko bitartekoak jartzea ere galdegiten diegu udalei, ingurumenarekiko gero eta sentikorragoa den gizartearen nahiarekin bat eginez".
Garbiketa egingo dute Azpeitian
Azpeitiko Udalak gaur, osteguna, jakinarazi du datozen asteetan Urola ibaiaren Azpeitiko zatia garbituko duela. Txukun lorezaintza enpresak egingo ditu lanok, zehazki, Azkoitiko San Juan futbol zelaiaren ingurutik Corrugados Lasaora arteko 9,8 kilometroko ibai zatian. Hondakinen bilketa bizpahiru astez egingo dute, astelehenean hasita.
Garbiketan atzematen dituzten isurketa guneak desagerraraztea ere nahi dutela adierazi dute Azpeitiko Udaleko eta Urola Bizirik taldeko ordezkariek. Horregatik, Txukun enpresari eskatu diote atzematen dituzten isurketa guneen kokapenen berri emateko: landaguneetan kokatzen badira, Ura agentziari jakinaraziko diote; eta herrigunean kokatzen baldin badira, berriz, Azpeitiko Udalari. Bestalde, Urola ibaian biltzen duten zaborra Lapatxera eramango dute, hondakin horiek han sailka eta kudea ditzaten.
Ibai garbiketa ez ezik, kontzientziazio lana ere egingo dute. Urola Bizirik taldeko kideek argazkiak atera eta bideoak grabatuko dituzte garbiketa gauzatzen duten egunetan, ondoren, kontzientziazio eta sentsibilizazio lanak egiteko. Garbiketa lanak bukatzean, irudi horiek erakusteko ekitaldi bat egiteko eta erakusketa bat ikusgai jartzeko asmoa agertu dute Urola Bizirikek eta udalak.