Tomas Soraluze Epelde trikitilari azkoitiarra omenduko dute aurtengo San Jose trikiti jaialdian. Martxoaren 12an, larunbatez, izango da emanaldia, Soreasu antzokian (17:30), eta dagoeneko sarrera guztiak agortuta daude. Dena den, jaialdiaren antolatzaileek gaur, osteguna, egin dute haren aurkezpena Azpeitiko udaletxean, eta han izan dira aurtengo edizioko protagonista nagusia, udaleko ordezkariak nahiz Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideak.
Epelderen izana goraipatu du Ibon Errazu jaialdiaren antolatzaileak; izan ere, hark esan duenez, "bakarra" da Martirieta auzoko trikitilaria. "Tarteka omenaldiak egiten ditugu, eta egitekoen artean genuen Epelderena. Izan ere, aipatzekoa da nolako trikitilaria izan den; autodidakta. Lajarekin batera, trikitiaren munduan bide oparoa egin du, eta Sakabik nahiz Egañazpik hasitako bidea gazteengana eraman du". Haren hitzetan, transmisio "lan handia" egin du Epeldek urteetan. "Plazak utzita dago, baina bakarra da. Guk oso etxekotzat dugu Urola Erdian, baina Euskal Herri osoan ibilia da, diskoak kaleratutakoa da, erromerietan aritua ere bai, beti barrez, umoretsu eta laguntzeko prest".
Azkoitiarrari jaialdian parte hartzeko "ateak zabalik" utzi dizkio Errazuk aurkezpenean, Epelde trikitia jotzen "jende askok" ikusi nahi duela azpimarratuta. Eta gonbidapen horri ez dio muzin egin trikitilariak: "Besterik ez bada, pieza bat, baina zerbait egingo dugu". Hark, baina, jaialdiak bertigo pixka bat ematen diola aitortu du. "Askotan jo dut San Jose trikiti jaialdian, baina urduri jartzen naiz; izan ere, jendea gertu eta isilik egoten da. Errespetua ematen du".
Lehen ere han eta hemen omenaldiak jasotakoa dela adierazi du azkoitiarrak, hilaren 12an jasoko duenari garrantzirik kendu gabe. "Esan zidatenean pozik ez nuen sentitu [barrez], lehen ere jasotakoa naiz-eta aitortzak Azkoitian, Oñatin, Aizarnazabalen...". Dena den, gustura agertu da Epelde, eta soinua astintzeko tartea ere hartu du agerraldiaren bukaeran –hona hemen bideoa–.
Aurtengo jaialdian agertokian izango diren trikitilariek, era batera edo bestera, Epelderekin lotura dutela azaldu du Errazuk. Izan ere, haren hurrengoak ez ezik, Martirietako musikariak ere izango dira Soreasun. Hain zuzen ere, Martittetarrek eta Jauregik, Elustondo anai-arrebek, Izerrek eta Alabierrek, Monttetarrek, Epelde anaiek, Itzederrek eta Txibilterrek nahiz Zabalek, Berastegik eta Lutxurdiok eramango dituzte trikiti doinuak Soreasura.
Urteetako bidea
Agurtzane Elustondo Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideak jaialdiaren historian egin du atzera. Haren hitzetan, elkartearen egitekoen artean dago trikitixa sustatzeko lana, eta horren barruan kokatu du San Jose trikiti jaialdia. Hark gogorarazi duenez, 1991n egin zuten lehen jaialdia, Donostian, baina bi edizio eginda, Azpeitira lekualdatu zuten egitasmoa. Jaialdiak urtez urte izan duen arrakasta ekarri du gogora: "Zorionez edo zoritxarrez, sarrerarik gabe gelditu gara aurtengoan ere, eta barkamena eskatu nahi dugu horregatik, baina hauxe da egoera".
Elustondok hastapenetara egin du jauzi, duela 50 urte, 1972an, Sakabi eta Egañazpi omentzeko hainbat trikitilarik elkartu eta antolatu zuten emanaldira. "Haren ostean, jarraitu egin zuten jaialdiak antolatzen, eta 1991n, trikitixa elkarte ofiziala sortu zenean, jarraipena eman zitzaion ordura arte egindako lanari".
Gainera, San Jose jaialdia antolatzen duen Urola bailarako lantaldeak egiten duen lana goraipatu du hark, baita Azpeitiko Udalak emandako laguntza ere, haren esanetan, bestela ezinezkoa litzatekeelako halako jaialdi bat antolatzea. Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura zinegotziak azaldu duenez, "bizitzeko eta izateko eraren isla" da trikitixa elkarteak egiten duen lana. "Pribilegiatuak sentitzen gara, elkarren eskutik jaialdia eta bestelako egitasmoak antolatzeagatik. Horregatik, beti egongo gara zuen ondoan".