Karnabalak 2022

Tabernak, mozorroen erakusleiho

Andoni Elduaien 2022ko ots. 25a, 08:45

Dean taberna zirku mozorrotu zen urteko argazkia. (Dean taberna)

Tabernak, taberna izateaz gain, gune berezi bihurtuko dira asteburu honetan; izan ere, bakoitzak bere gaia oinarri hartuta, aupegi berria erakutsiko die herritarrei. Hormak apainduko dituen elementuei eta mozorroei azken ukituak ematen ari dira, esaterako, Dean eta Etxe Aitz tabernetan.

Herria festarako gogoz da, larunbata iritsi zain. Mozorroei azken ukituak ematen ari dira herritar gehienak, eta buruari bueltaka, zer mozorrotu asmatu nahian besteak. Tabernak betidanik izan dira dantzarako nahiz festarako guneak, baina asteburu honetan koloretako jantzien eta mozorro distiratsuen erakusleiho bihurtuko dira. Herria karnabal giroan murgildu asmoz, ordea, Azkoitiko taberna gehienak azalberritu egin ohi dira. Dean eta Etxe Aitz tabernen kasua da, esaterako; bi tabernak astebururako apaintzen hasiak dira dagoeneko. 

Urtero-urtero dotoretzen dituzte beren tabernak Paola Epeldek (Mutriku, 1964) eta Xabi Artetxek (Azkoitia, 1987), Etxe Aitz eta Dean tabernetako kideek, hurrenez hurren. Biek azpimarratu dute azken urteetan mozorro festak "indar handiagoa" hartu duela Azkoitian. Hori horrela, Deaneko Artetxek lehen baino "garrantzia handiagoa" ematen die orain karnabalei. "Ondo mozorrotzea nahi izaten dugu. Garai batean, larunbat karnabalerako prestatzen ginen taberna gehienak bezala, baina, orain, saiatzen gara ostiral arratsalderako tabernari karnabal ukitua ematen". Etxe Aitz taberna, berriz, "azken 30 bat urteetan" mozorrotu izan da Epeldek gogoan duenez. "Poliki-poliki hasi ginen karnabalak bultzatzen, ikusten baitzen jendeak gogoa zuela".

Hori bakarrik ez, karnabaletan festa egiteko modua aldatu egin dela baieztatu dute bi tabernariek. Horrela azaldu du Epeldek: "Adin guztietako jendea mozorrotzen da orain. Badago inauteriak gustuko ez dituen jendea ere, baina gustuko dutenentzat egun aproposa da anonimotasunean pasatzeko". Artetxek ere nabaritu du joera aldaketa bat. "Zerbitzari lanetan hasi nintzenean, festa larunbatera mugatzen zen. Jendea afaltzera-eta joaten zen, eta gauez mozorrotzen zen; gaueko festaz gozatzen zuen soilik". Orain, aldiz, nabaritu du familiak, kuadrillak, gazteak zein helduak mozorrotzen direla karnabaletan. "Umedun familiek eta gazteek bazkariak egiten dituzte, eta horrela, garai batean izaten ez zen festa giroa sortzen da egun osoan zehar". Hori horrela izanda, larunbat karnabalak "indarra hartu" duela iritzi diote bi tabernariek. "Gazte jendeak gero eta garrantzia handiagoa ematen die karnabalei, eta mozorroak egiterakoan ere lan gehiago hartzen dute".

Etxe Aitz tabernako irudi bat. (Etxe Aitz)

Artisten lana

Udalak tabernen mozorro lehiaketa antolatu ohi du urtero, baina Deanek eta Etxe Aitzek tabernak ez dituzte lehiaketarako soilik dotoretzen. Karnabalei eta festei beren ekarpena egitea da bi tabernek duten asmoa. "Lehiaketan parte hartzen dugu, aurretik taberna prestatzen lan handia hartzen dugulako. Are gehiago, festa giroan eta karnabaletan murgiltzea da gure asmoa. Gainera, ostiral arratsaldean ere umeentzako festa egiten da plazan, eta pentsatu genuen merezi zuela taberna egun horretarako ere prest izatea", dio Artetxek. Epeldek ere bide beretik jo du. "Taberna inauterietarako prestatzen dugu, eta bide batez lehiaketarako izena eman ohi dugu". 

Aste batzuetako lana izan ohi da tabernak apaintzea. "Hiru bat aste" lehenago hasten dira zer egin pentsatzen, eta behin ideia mahai gainean, eskulan ugari egin behar izaten dute, batetik, taberna barruko dekorazioa sortzeko, eta bestetik, barruko hormei bestelako itxura bat emateko. Dean tabernan Xabier Etxanizek hartzen ditu lan horiek egiteko ardurak, bereziki. "Gaitasun handiak ditu hark horrelako gauzetarako, eta bururatutako ideiak haren eta nire bikotearen artean egiten dituzte. Etxeza tabernako ukuiluan muntatzen dituzte elementuak. Tabernako zerbitzariok ere egiten ditugu ekarpenak eta dekorazioa muntatzeko lanetan ere parte hartzen dugu", dio Artetxek. Etxe Aitz tabernan, berriz, Mikel Triviñoren eskua izan dute bidelagun azken urteetan. "Artista hutsa da, oso ona da marrazten nahiz ideiak irudikatzen. Urteetan hark egin ditu karnabaletako lanak gurean. Orain ez dago tabernan, eta aurten tabernako sukaldariak hartu du taberna apaintzeko ardura", azaldu du Epeldek.

Larunbaterako gogotsu daude biak ala biak. Oraindik lan batzuk egiteko dituzte Dean zein Etxe Aitz tabernetan, eta datozen egunetan emango diete "errematea" lan guztiei. Herriko plazako tabernako mozorroak "azkenaldi honetan Azkoitiko herrian gertatu den zerbaitekin" izango du lotura, eta naturarekin uztartuko dute mozorroa, aldiz, Plazaberriko tabernan. Sorpresa jakiteko, asteburura arte itxaron behar.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide