Gogoan al duzu Euskal Herriko eskola batera joan zinen lehen eguna?
Eskolara ez, baina AEKra bai. Gogoratzen naiz eskolara joan baino lehenago hara joan nintzela, eta ni bezalako jendea zegoen.
Hezkuntza sisteman arrazakeriarik sumatu izan al duzu?
Bai, noski. Saihetsezina iruditzen zait. Hasieran, ez zara jabetzen, oso emozionatuta etortzen zarelako, ilusioz... Joaten zara eskolara, eta ikusten duzu bakarra zarela eta jendeak ez dizula normal begiratzen: begiratu arraroak; hasieran ez dira atrebitzen, baina pare bat hilabete pasatu eta gero komentario ez oso erosoak...
Irakasleek aurreiritziak izan dituztela ikusi izan duzu?
Normalean ez dira izaten irakasleak, ikasleak baizik. Helduago izan ahala, nire kasuan behintzat, irakasleei ere sumatu diet. Belo bat eramaten duzunean ikasgelara, edo zure iritzia ahots gora esaten duzunean, aurreiritziak sumatzen dizkiezu irakasleei ere.
Adibidez?
Batxilergoan, komentarioak. Irakasgai batean islamaz hitz egiten ari bagara, bakoitzak bere ideologia dauka; zuk defenditzen duzuna esaten duzu, eta ez zaizu ematen aukerarik: irakasleak pentsatzen duena dago ondo, eta listo. Irakasleak daukan aurreiritzia ikasleei pasatzen die. Unibertsitatean ere, beloagatik eduki izan ditut pare bat komentario: «Nire ikasgelara ez sartu beloa jantzita», eta horrelakoak.
Berria egunkariak argitaratutako elkarrizketa. Irakurri osorik.