Amaitu da Azkoitiko Udalak Urola Erdiko Mankomunitatearen aurka irekitako auzibidea. Hala adierazi du gaur, osteguna, mankomunitateak, ohar bidez. Horrenbestez, 2015eko abenduan Urola Erdiko Mankomunitateak, Lapatx Zabortegiak eta Azpeitiko Udalak sinatutako hitzarmena eta haren barruan hartutako erabakiak "legezkoak eta egokiak" direla ondorioztatu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Gainera, mankomunitateak adierazi duenez, behin betikoa da epaia.
Duela sei urte hitzarmen hartan jaso zutenez, Azpeitiko Udalak 3.850.000 euroko dirulaguntza eskuratu behar zuen ingurumen programetara bideratzeko. Hain zuzen ere, Lapatx zabortegiak zabalik izan zen 30 urtetan eragindako kalteak arintzeko eta Azpeitiko Udalari horren kalteordaina emateko egin zuten akordioa. Zehazki, Lapatx Zabortegiak 500.626 euro eman zizkion Urola Erdiko Mankomunitateari, eta 3.850.000 euro Azpeitiko Udalari.
Epaitegietara bidean
Urola Erdiko Mankomunitateak 2015eko abenduaren 10ean egindako batzar orokorrean onartu zuen hitzarmen hura, eta Azkoitiko Udalak alegazioak aurkeztu zituen. Dena den, mankomunitatearen mahaiak behin betiko onartu zuen hitzarmena; Azkoitiko Udaleko EAJren bi ordezkariek hitzarmenaren kontra egin zuten.
2016an, hitzarmen haren aurka epaitegietara jo zuen Azkoitiko Udalak, "Azkoitiko herriaren interesen kontrako" erabakia zela argudiatuta; sei demanda aurkeztu zituen. Ordutik, luzea izan da epaitegietan auziak egin duen bidea. Izan ere, 2020ko uztailean Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiko epaile batek baliogabetzat jo zuen hitzarmena, Azkoitiko Udalaren eskaerei arrazoia emanez. Horren aurrean, Urola Erdiko Mankomunitateak helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, eta mankomunitatearen aldekoa izan zen erantzuna.
2021eko ekaineko udalbatzarrean Azkoitiko Udalak aho batez onartu zuen Espainiako Auzitegi Gorenera jotzea eta han kasazio errekurtsoa aurkeztea, EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziaren aurka. Orain, azken auzitegi horrek Urola Erdiko Mankomunitatearen alde egin du, eta beraz, "bertan behera" gelditu dira Azkoitiko Udalaren "demanda guztiak".
Mankomunitateak azaldu duenez, erakunde horren kudeaketa eta haren batzordean azaldutako idazkarien txosten tekniko, juridiko eta ekonomiko guztiak "egokiak eta legezkoak" direla dio epaiak. Gaineratu du mankomunitateko batzarretan eta Lapatxeko kontseiluan hartutako
erabakien inguruan ere "gauza bera" ondorioztatu duela auzitegiak.