Atzo, asteazkena, urteko batzar orokorra egin zuen Azkoitiko Gure Eskuk. Elkargunean egin zuten bilkura, eta zuzendaritza aldaketa gauzatzea izan zen eguneko puntu nagusia. Gaur egungo zuzendaritzak sei urte egin ditu karguan, baina "egoera pertsonalek behartuta", zuzendaritzako hiru kideek, Leire Lopezek –lehendakaria–, Julen Garatek –idazkaria– eta Miguel Angel Zuazolazigorragak –diruzaina–, kargua utziko dutela iragarri zuten.
Zuzendaritza berria osatzea hizpide izan zuten batzarrean, baina ez zen aurkeztu erreleboa hartuko duen norbanakorik edo talderik. Hori horrela, otsailaren amaieran Azkoitiko Gure Eskuk bere jarduna bertan behera uztea erabaki zuten bileran parte hartu zutenek. Hala eta guztiz ere, hilaren amaierara arte itxarongo dute egungo taldeko ordezkariek, zuzendaritzara batzeko prest inor balego ere. Zuzendaritzan sartzeko interesa duten herritarrei lagunduko ditela adierazi dute gaur-gaurkoz karguan diren lagunak. "Horretarako prest gaude, barruko lanetan aholkuak emanez –zuzendaritza berria inskribatzen, diru kontuak ematen eta abar–, osatuta dagoen lantaldearen babesa ziurtatuz".
Zuzendaritzako kideek azaldu dutenez, azken urteetako ibilbidea "ederra" izan da, eta gogorarazi dute hainbat ekitaldi jendetsu antolatu dituztela, adibidez, Azkoitian 2017ko maiatzaren 7an egin zen herri galdeketa. Orain ere erronkak badatozela adierazi dute horiek –Pirinioetako Bidea tartean–, lekukoa beste herritar batzuei emateko unea dela jakinarazita. Zuzendaritza berria osatzen ez bada, ordea, Azkoitiko Gure Eskuk jarduna etengo du.