Ibaietako eta erreketako hondakin pilaketari aterabidea emateko eskatu die Eguzkik erakundeei

Julene Frantzesena 2022ko ots. 8a, 16:50

Joan zen abenduan Urola ibaiaren ertz batean agertu ziren hondakinak. (Eguzki)

Eguzkik joan zen abenduan salatu zuen Azkoitian, Urola ibaiaren ondoan, hondakin ugari agertu zela, baina orain zehaztu du lur eremu hori Azpeitikoa dela. Uraren Euskal Agentziak hondakinok "berehala" jasotzeko agindua eman duela eta, arazoari muinetik heldu behar zaiola adierazi du erakundeak. Gainera, URAri, Urola Erdiko udalei eta Urola Erdiko Mankomunitateari ibaietako eta erreketako egoerari irtenbidea emateko eskatu die erakunde ekologistak.

Joan zen abenduaren bukaeran, Eguzki erakunde ekologistak salatu zuen, Azkoitian, Urola ibaiaren alde batean, nekazaritzarako erabilitako materialen hondakinak agertu zirela, hala nola plastikoak, burdinazko eta alanbrezko sareak, oihal zuridun zakuak, uralitazko plaka bat eta adreiluak.

Eguzkik erakundeei ere helarazi zien salaketa, eta Uraren Euskal Agentziaren erantzuna jasota, kokapenarekin ez zutela asmatu jakinarazi du Eguzkik. Izan ere, URAren jakinarazpenak lur eremu hori Azpeitiari dagokiola zehaztu duela esan du erakundeak. Hain zuzen ere, hondakinak Azkoitiko Maxi Eroski supermerkatuaren ondoko biribilgunetik 700 metrora zeuden, baina Azpeitiko lur eremua da leku hori.

Eguzkiren arabera jakinarazpenaren berri badute dagoeneko Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, eta Uraren Euskal Agentziak hondakin horiek "berehala" erretiratzeko eskatu duela zehaztu du. Dena den, erakunde ekologista ez dago konforme, arazoaren "ondorioari" eutsi diolako URAk, "ez arazoaren erroari". Horregatik, euskal agentziaren jakinarazpenari "erantzuteko beharra" sentitu dutela azaldu dute hango kideek.

Eguzkik salatu duenez, hondakinen tokian izan den ikuskaritza zerbitzua "konturatuko" zen hondakinak handik gertu sortutakoak direla. "Era berean, ibaian behera joanda, hamabost metrora beste hainbeste hondakin dago, eta 45 metrora, beste hainbeste. Hiru eremu horiek aztertuz gero, nahita egindako isurketak direla ikus daiteke".

Gainera, Eguzkik gogorarazi du Uraren Legeak debekatu egiten duela ura kutsatzeko eta ingurunea degradatzeko arriskua sor dezaketen hondakin solidoak pilatzea, izan obra hondakinak edo substantziak, edozein izanda ere haien izaera eta lekua. "Kontrol neurriak abian jartzen badira, inguru horretan zer gertatzen den ezagutuko dugu, eta ziur ez dela halakorik berriro gertatuko; eta gertatzen bada, jakingo dugu hondakinok nork isurtzen edo uzten dituen han". Halakorik egin ezean, baina, abiapuntura itzultzen dela salatu du erakundeak. "Eguzkik salatu eta URAk berehala kentzeko eskatu".

Erakundeei eskaera

Bestalde, Azpeitiko Azoka Plazatik behera, ibai ertzeko landaredia hondakinez "gainezka" dagoela salatu du Eguzkik. Eremu horretan Errezil eta Ibai-Eder errekak elkartzen dira, eta erakundeak gogorarazi du 2020ko urrian eta azaroan Ibai-Eder errekaren 4,5 kilometroko zatitik 3.800 kilo zabor atera zituela Azpeitiko Udalak horretarako propio kontratatutako enpresa batek.

Garbiketa hark utzitako argazkiak "eskandalua" sortu behar zukeela azaldu du taldeak, eta ondorioz, "beharrezko neurriak" hartu behar ziratekeela, baina ez zela hala izan salatu du. "Urtebete pasatxora etorri den emaitza aurreikus zitekeen. Ingurumenarekiko gutxieneko sentikortasuna duen edonorentzat –baldin eta ibai horiek gure bizi kalitatean sortzen duten kalteaz eta duten garrantziaz jabetzen baldin bada– izan behar du mingarria ibaia dagoen egoera tamalgarrian ikustea".

Eguzkik esan duenez, bere garaian jakinarazi zion Azpeitiko Udalari berriz ere zabor kantitate handiak isuriko zirela. "Urte batzuk dira ibai horien ongizatearen alde lan egiteko konpromisoa hartu genuela. Izan ere, ikusi dugu gure gizarteko sektore txiki batek mota horretako hondakinen kopuru handiak ibaietatik eta erreketatik oso gertu biltzen dituela, eta herri gutxi dira horretatik salbu direnak".

Hori horrela izanik, erakundeetan jarri du arreta Eguzkik. "Erakundeek zerbait egiten badute, guk salatzen dugulako da, eta zaborrak kentzera mugatzen dira. Horrek arazoan gehiago sakontzen du, konponbiderik ez delako bilatzen. Modu horretan herriari helarazten zaion mezua zera da: kopuru izugarriak normaltasun osoz atera daitezke ibai bazterretatik, eta horrelako legez kanpoko praktikak egiten dituztenek, egin ditzatela".

Erakunde ekologistaren arabera, hori ez da ibaiek eta herriak behar duten heziketa. "URAk inork baino hobeto daki ibaietara eta erreketara egiten diren isurketek paisaian, landaredian eta faunan eragiten duten inpaktua zein larria den. Badaki, halaber, gure kostaldean hondakin plastikoek eragindako kutsadura errealitate bat dela, eta horrek eragin negatiboa izan dezakeela jarduera ekonomiko askotan, hala nola turismoan edo arrantzan".

Azkoitiko eta Azpeitiko udalei eskatu bezalaxe, URAri, Urola Erdiko Mankomunitateari nahiz Azpeitiko Udalari egoerari irtenbidea emateko jarduera plan bat martxan jartzea eskatu dio Eguzkik, hala nola babes neurriak eta eragozpen neurriak hartzea, Urola ibaira eta Azpeitiko erreketara isurketak egitea saihesteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide