Martxan dira Azkoitiko landa lurrak digitalizatzeko lanak

Andoni Elduaien 2022ko ots. 8a, 09:00

Urrategibideko argazki bat. (Argazkia: Tinko)

Azkoitiko 11 zenbakidun poligonoko lursailen mugak zehazteko eta eguneratzeko lanak ari da egiten Azkoitiko Udala. Aldundiak hamar urtean lortu nahi du landa lur guztien kokapena geoerreferentziatuta egotea, eta horretarako udalerri bakoitzaren gastuaren erdia hartuko du bere gain.

Gipuzkoako hainbat herri beren landa lurrak digitalizatzeko lanetan ari dira, eta horien artean da Azkoitia. Iaz jarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak lursailen mugak definitzeko eta eguneratzeko proiektua, modu horretan lursailen kartografia digitala ahalbidetzeko. Azkoitian, esaterako, Urrategibidean dagoen 11 zenbakidun poligonoko mugak ari da zehazten Azkoitiko Udala. 17.127 euroko aurrekontua izan dute lanek, baina aldundiak gastuen erdia hartu du bere gain.

Erakundeak urtero emango ditu laguntzak lan horiek gauzatzeko; izan ere, hamarkada batean lortu nahi du Aldundiak landa lur guztien kokapenak GPS bidez geoerreferentziatuta egotea. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi du udalen eta lurjabeen laguntza "ezinbestekoa" izango dela proiektu honetan. "Landa lurrak digitalizatuta, datu base eguneratu bat izango dugu, eta horrela, errazagoa izango da Gipuzkoako landa ingurunea kudeatzea eta sustapen nahiz plangintza politika eraginkorrak ezartzea, oinarri sendo eta berritzailea dugula".

Aldundiak 2021ean jarri zuen abian ekimena, Gipuzkoako landa lurretako sailen mugak digitalki jasotzeko. Horretarako, hiru milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute (300.000 euro urtean). Udalerri bakoitzak gastuaren erdia jarri beharko du, eta Aldundiaren arabera, proiektuak "inolako kosturik ez" die ekarriko lursailen jabeei. Azkoitiko Udalak 50.000 euro onartu ditu 2022. urteko aurrekontuetan landa lurren digitalizaziorako; izan ere, lanketa horretan "sakontzen" jarraitzeko asmoa du erakundeak.

Digitalizatzeko prozesua

Aldundiak udalentzako diru laguntzen deialdia urtero egingo du, eta lanak egiteaz arduratuko den enpresak, udalak eta Aldundiak osatutako lantalde bat jarriko dute martxan. Lursail mugakideekiko behin betiko mugak, berriz, lursailen jabeek zehaztuko dituzte. Adostasunik ez balego, bitartekaritza egingo dela zehaztu dute erakundeek, eta akordiorik ez bada lortzen, mugarri horiei buruzko informazioa eguneratu gabe geratuko da.

GPS bidez jasoko dituzte kokalekuen puntu zehatzak, eta jasotze topografikoa doitasun dezimetrikoz egingo dute, mugarriak eta beste zenbait puntu interesgarri identifikatuz. Muga lerroaren ibilbidea ere egingo dute, eta posizio puntuak hartuko dituzte mugaren izkinetan. Akordio bidezko altxaera horrek katastroko lursailen %90 hartu beharko du gutxienez. Ondoren, lokalizazioak GIS (Geographical Information System) programara eramango dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide