Azkoitiko Udalak Dirulaguntzen Plan Estrategikoa deituriko tresna du elkarteei edo proiektuei zuzenduriko laguntzak planifikatzeko zein kudeatzeko. Aurreikuspenen arabera, 2022an dirulaguntza horietara 3.796.545 milioi euro bideratuko dituzte, besteak beste, pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko, kultura zein kirola dinamizatzeko, euskara sustatzeko, enpresen lehiakortasuna, enplegua nahiz tokiko merkataritza indartzeko eta turismoa bultzatzeko.
Arloz arlo, Urola Erdiko Mankomunitatera bideratuko dute zenbatekoaren zatirik handiena: 1.363.917 euro. Hondakinen bilketagatik udalak egiten duen ekarpena izango da hori. Bestalde, 294.374 euroko partida aurreikusi dute enpresa, enplegua, merkataritza zein turismoa sustatzeko, eta horietatik 212.374 euro Iraurgi Lantzenek jasoko ditu bailarako enpresen arteko lankidetza eta enplegu politikak sustatzeko. Partida horren bitartez, langabezian dauden kolektiboetara egokitutako formazioa eskaintzeko hainbat programa egingo dituzte. Horrez gain, merkataritzara 82.000 euro bideratuko dituzte, eta udalaren Merkataritza Sailak partida hori izango du erabilgarri Azkoitiko Herrixen merkatari elkarteari laguntzeko, elkarte horrek lokal hutsetan jarduera sor dadin alokairurako laguntzak eman eta merkatarientzat onuragarriak diren jarduerak antola ditzan. Turismoaren sustapenerako, bestalde, 53.178 euro emango dituzte Iraurgi Berritzenen bitartez.
Gizarte Zerbitzuei dagokienez, 406.925 euro izango ditu sail horrek adikzioak gainditzeko tratamenduan dauden pertsonei, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei eta baliabide gutxi dituzten herritarrei laguntzeko. Horrez gain, garapen bidean dauden herrialdeetan lanean ari diren GKE-ek eta eragile sozialek ere laguntza jasoko dute, hala nola Caritasek, Hurkoak, Elikagaien Bankuak, Malen Etxeak edo Izan Fundazioak.
Kirola sustatzeko, berriz, 718.200 euro bideratuko dira, eta kulturarako 596.700 euro. Alor horietako elkarteei laguntzak emateaz gain, Elkargune Zubiaurre Instituturako, Eskola Kirolerako edota Musika Gunerako dirulaguntzak daude aurreikusita zenbateko horren barruan.
Sail horietara guztietara bideratutako laguntzaz gain, Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita daude euskara sustatzeko, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko edota festen antolakuntzarako kudeatzen diren laguntzak ere.