Zakelen kro-kro hotsen artean nahasten da Benito Lertxundiren Euskal pizkundea abestia. Horrela hasten da azkoitiar asko eta askori belarrian ezaguna egingo zaien sintonia, horrela ekiten baitiete Juan Bautista Mendizabalek (Azkoitia, 1961), Arkaitz Lopezek (Zestoa, 1975), Xabier Arenazak (Azkoitia, 1984) eta Ekaitz Etxezarretak (Azkoitia, 1988) Zakel zaltuk saioei. Sei urte beteko dira otsailaren 7an zuzeneko lehen irratsaioa egin zutenetik.
Kontrako Eztarrixe irratiak FM emisioa amaitu duenez, laukoteak podcasten bidez helarazten die azkoitiarrei herriaren historia. Modua aldatu badute ere, laukoteak filosofia bera du: Azkoitiko kontakizun historikoa herritarrei sakonduta eman nahi diete. Arenazak "ordena" ematen dio saioari eta informatika kontuak ere bere gain hartzen ditu; Mendizabalek Azkoitiko kontuak, historia eta datuak mahaigaineratzen ditu; Etxezarretak kontu guztiak mundu mailako historiaren testuinguruan kokatzen ditu; eta Lopez, berriz, gidoilaria da. Azken horrek aukeratzen ditu gaiak, eta hark taldean egin ohi du gero proposamena. Oniritzia jasotakoan, Mendizabalek eta Etxezarretak beren ikerketa lanak hasten dituzte, eta guztia prest dutenean, saioa grabatzeko eguna adosten dute.
"Desberdinen artean eztabaidatu daitekeela nabarmendu nahi dugu"
Baina nola elkartu zen laukotea? Honela oroitzen du Arenazak saioaren jatorria, berari bururatu baizitzaion ideia: "Behin, Mozkorra parregarri opera izan zen Baztartxo antzokian, eta ikuskizunaren amaieran, Juan Bautista agertokira igo zen Juan Inazio Uriari –alkate ohia– buruzko azalpen batzuk ematera, hilberria baitzen orduan. Segituan ohartu nintzen herriaz ezer gutxi nekiela". Izen hura aipatu orduko piztu zen argia Arenazaren buruan. "Kontrako Eztarrixe irratiko Hankak lurrin irratsaioa martxan zen ordurako, eta beste zerbait egin behar genuela bururatu zitzaidan. Baztartxotik etxera abiatu nintzen, eta bidean Ekaitzekin egin nuen topo. Info 7 Irratiko Kaleko mobida saioan aritzen zen hura orduan, eta historialaria izanda, Juan Bautistaren istorioak grabatu behar genituela proposatu nion". Arenazak "zerbait txukuna" egin zezaketen sentsazioa zuen. Mendizabalek, ordea, ez zuen protagonismorik nahi izan, eta hasieran ez zuen proposamena onartu. Gerora, baina, errezeloak alde batera utzi eta saioan parte hartzea erabaki zuen.
Arenaza, Etxezarreta eta Mendizabal Matadeixen hasi ziren Zakel zaltuk grabatzen; artean Lopez ez zen taldean. Zestoarra irratsaioaren jarraitzaile sutsua zen, eta beste hiru lagunekin kolaboratzen zuen, baina estudiotik kanpo. "Hankak lurrin eta Beltza ta gorrixe saioak entzuten nituen, baina bikoteak jakinarazi zidan bazegoela Kontrako Eztarrixe irratian niretzako moduko beste saio bat. Segituan entzun nituen ordura arte grabatuta zituzten saio guztiak". Gero, hizlari izateko aukera eskaini zioten Lopezi. Hasieran zalantzak izan zituen. "Zerbait hauts nezakeela pentsatzen nuen hizlari moduan parte hartzen hasita; eta ez nuen hori nahi". Gero, ordea, aurrera egitea erabaki zuen hark.
Kronologikoki aurrera
Laurak bata bestearekiko desberdinak dira, eta desberdina dute pentsaera ere. "Badu bere grazia desberdina izateak. Gaurkotasunari buruz mundu ikuspegi bat du bakoitzak, eta uste dut gure saioa aberatsagoa egiten duela horrek. Era berean, desberdinen artean eztabaidatu egin daitekeela nabarmendu nahi dugu; eredu izan nahi dugu horretan", azaldu du Lopezek. Arenazak dio izaten dituztela eztabaidak, baina garbi dutela "haserretzetik oso urrun" daudela. Bestalde, Etxezarretak uste du orain hitz egiten duten moduan solastea "ez litzatekeela posible" izango duela urte batzuk. Azkoitiko historiari ekarpena egin nahi izatea; hori da laukoteak elkarbanatzen duen ideia.
Herriko historia kronologikoki kontatzen hasi zen hirukotea. Munoaundiri buruz hasi zirenetik, askotariko gaiak izan dituzte hizpide Zakel zaltuk saioan: herriko kale izendegia, Iriaun gaztelua, Aste Santua, jaiak, herriko sinboloak, Karlistadak… Herriko hainbat lagun ere elkarrizketatu dituzte, horien artean "bereziena" 101 urte dituen Javier Azpitarte Imuntzo. Orain, 2022. urtea prestatzen ari dira Matadeiko putzuko lau zakelak. "Aurtengo urtea antolatu nahi dugu, saioak prestatu", azaldu du Etxezarretak. Izan ere, kronologikoki daramaten ibilbideari gertu ikusten diote amaiera. "XX. mendera asko ari gara hurbiltzen, gaur eguna gero eta hurbilago dugu, eta horrela bakoitzaren mundu ikuspegia agerian gelditzeko arriskua dago". Arrazoi hori tarteko, lau lagunak jakitun dira "zerbait desberdina" pentsatzen hasi beharrean direla, eta buruan dituzte gai zehatz batzuen inguruko saio bereziak.
"Ondo pasatzen ahalegintzen gara; terapia moduko zerbait da guretzat Zakel zaltuk"
Laukotea "gustura" dago orain arte egin duten ibilbidearekin. "Geure buruari ez diogu ezertarako konpromisorik jartzen. Saiatzen gara hilean behin elkartu eta saio bat grabatzen, baina arrazoi batengatik edo besteagatik ezin bada, ez da ezer gertatzen. Ondo pasatzen ahalegintzen gara; azken finean, terapia moduko zerbait da guretzat Zakel zaltuk", aitortu du Arenazak. Mendizabalek ere baieztatu du "gustura" daudela beraien saioari jendeak eman dion erantzunarekin. "Lantegietan entzuten gaituzte, garraiolariek ere bai. Batek, adibidez, gure saioa entzunez egin zuen Gironara (Katalunia) bidaia. Japonian, Australian eta Venezuelan ere entzun izan gaituzte, eta badakit herritik kanpo bizi diren moja eta fraile azkoitiarrek ere jarraitu izan gaituztela".
2016ko otsailaren 7az geroztik 51 saio egin ditu Zakel zaltuk saioak; guztira, 72 orduko grabazioa dute. "Baliteke norbait gu entzuten hainbat orduz egon izana, baina guk gure bizitzako hiru egun oso igaro ditugu hemen sartuta", esan du Arenazak. Egun Ivoox eta Spotify plataformetan entzun daitezke laukoteak grabatutako saioak. Aurrerantzean ere izango da Matadeiko zakelaren uhinetan saretzeko aukera, asko baitute esateko, asko baitute kontatzeko.