Felipe Juaristi: "Literatura egiaren antza duen gezur bat da, sorkaria"

Anartz Izagirre 2022ko mar. 13a, 09:56

Felipe Juaristi idazlea. (Argazkiak: Arnaitz Rubio)

Beti du liburu bat eskuartean Felipe Juaristik, irakurtzeko ez bada idazteko, eta iaz argitaratu zuen bere azken lana, poesiari buruzko Itzultzeko etorri naiz saiakera liburua. Idaztea du afizio zein ogibide, eta sorkuntza lanetaz aparte, kazetaritzan ere aritu izan da lanean. "Uneoro ikasten" ari dela dio azkoitiarrak.

Baztarrikalden jaio zen Felipe Juaristi (Azkoitia, 1957), eta azken 40 urteetan Donostian du bizilekua, Intxaurrondon. "Haurtzaro oso polita" igaro zuela dio, eta gogoan ditu Plazaberrin jolasean ibiltzen ziren garaiak: "Orduko kalea ez zen gaur egungo kalea, ez zen kotxerik ibiltzen", dio. Apurka-apurka bere lehen idatziak ontzen hasi zen, eta egun, dozenaka liburu ditu idatziak, genero eta estilo askotarikoak. Argi du, ordea, formak forma, poesia dela egiten duen guztia.

Hainbat arlotan aritu zara, baina esan daiteke, funtsean, idazteagatik zarela ezagun. Noiztik datorkizu hitzekiko duzun pasio hori?

Hortik bizi naiz. 90eko hamarkadan autonomo egitea erabaki nuen, eta ordutik, idaztetik bizi naiz. Gustuko dudan lana dut, eta, gainera, dirua ematen dit; ez nago kexatzeko moduan. Azkoitian bizi nintzenean, poema mordoa nituen idatzita, azkoitiarrez, gainera, oraindik ez bainengoen alfabetatuta, eta kalean entzuten nuen moduan idazten nuen. Gero, lagunen bati-edo utzi nizkion olerki haiek, eta galdu egin ziren. Betidanik asko irakurri izan dut, eta Azkoitiko liburutegira ere asko joan izan naiz; biblioteka ona zen, eta probetxua atera nion. Uste dut bakoitzak norberaren onena eman behar diola gizarteari, eta nire onena literatura da.

Madrilera joan zinen Informazio Zientziak ikastera. Idazteko grina gehiago piztu al zitzaizun fakultatean?

Bai. Han ere asko irakurtzen nuen, fakultateko bibliotekan milaka liburu baikenituen. Gero, aspertu egiten nintzenez, Soziologia ikasten hasi nintzen, eta formazioari eskaini nion denbora. Munduak beti ematen dizu zerbait, eta zuk hartzeko prest egon behar duzu; nik ez dut idazlerik ezagutzen hori egin ez duenik. Ni oraindik ere ikasten ari naiz, eta hil arte horretan jarraituko dut. Ezin duzu esan "dena dakit" edo "dena irakurri dut". Hori gezurra da. Eskuartean zerbait dudala hil nahi dut, irakurtzen edo idazten. Bestalde, baratzean aritzea ere asko gustatzen zait. Niretzako garrantzitsua da lurra eskuetan duzula sentitzea, eta ez beti airean egotea, gogoeta abstraktuetan. Lurrean ere bizi behar dugu, eta horretarako aukera bat da familia eta baratze bat izatea, eta, bestea, fikzioa; literatura egiaren antza duen gezur bat da, sorkaria, edo ondo kontatutako gezur bat.

Atzera begira, 1985ean argitaratu zenuen Denbora, nostalgia deituriko zure lehen poesia liburua. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Bost urte-edo neramatzan liburu hura hori idazten, eta luze jo zuen. Oraindik ere irakurtzen dut liburua, eta gustura nago. Ondo eutsi dion lana da. 1985ean 28 urte nituen, eta 23 urte izatetik 28 urte izatera badago aldaketa bat, nerabezaroa pasatuta helduaroan sartzen ari bainintzen, eta oreka hori ikusten da lanean. Liburu hark markatu egin ninduen, eta hor dago ni naizena.

Lehen liburuarekin batera, orduantxe heldu zitzaizun lehen saria ere, Espainiako Kritika Saria euskarazko poesiaren arloan. Gehiago idaztera bultzatu al zintuen horrek?

Bai. Esango nuke sariak garrantzitsuak direla gaztea zarenean, eta gero, ez horrenbeste. Ni garai hartan gaztea nintzen, eta unibertsitatean klaseak ematen nituen. Ondo nengoen, eta denbora nuen irakurtzeko nahiz idazteko, aldizkari bat ateratzen ere hasiak ginen… Zurrunbilo horretan sartuta nengoen. Bultzada da saria jasotzea, zeure buruari esateko: "Baleko liburua da".

 

"Uste dut gizarteari bakoitzak bere onena eman behar diola, eta nire onena literatura da"

 

Idazle batek behar al du beste pertsona baten errekonozimendua idazten jarraitzeko?

Uste dut baietz. Hasiberriak diren idazleentzat oso garrantzitsua da munduak idazle balio hori aitortzea. Zahartzaroan ez, gu kontsagratuak gara, eta orain horrek ez du niretzat horrenbesteko inportantziarik. Iruditzen zait askotan idazle bat galdu egin daitekeela inork ez diolako kasurik egiten, baina gizartea halakoa da, eta gure literatur sistema oso lehiakorra. Literaturan laguntza aurkitzea konplikatua da; zuk topatu behar duzu laguntza hori. Balea Zuria argitaletxean badugu poeta gazteentzako sari bat: lehenbizi norbaitek irakurri egiten du idazle horien lana, ondoren baloratu, eta saria jasotzen duenari liburua argitaratzen zaio. Beraz, bide bat irekitzen du horrek, edo behintzat horretarako aukera ematen du. Okerrena da aukerarik ere ematen ez denean; aukerarik gabe idazleak hil egiten dira, landareak eguzkirik gabe bezala.

Literaturaren barruan genero batetik bestera jauzika ibili zara. Non sentitzen zara egun erosoen?

Niretzat idazketa, idazketa da. Nire erara idazten dut, eta hori prosa poetikoa da; nobela bat idazten badut ere, atzean poesia dago. Beraz, egiten dudan guztia poesia dela esan dezaket; lan batzuek nobela baten forma hartuko dute, eta beste batzuek agian gazte literaturako liburu batena. Beste gauza bat da poesia hutsa egiten dudanean; Denbora, nostalgia liburua, adibidez, poesia hutsa da, eta Itzultzeko etorri naiz poesiari buruzko saiakera. Gogoeta liburu bat da Itzultzeko etorri naiz, eta badago Azkoitiari buruzko zati bat ere. Norberak bere estiloa lortu behar du, eta hori urte askotako ariketa da.

Eta zuk lortu al duzu zure estilo propioa garatzea?

Bai, eta zorroztu, findu eta laburtu egin dut. Orain ez ditut hain esaldi luzeak egiten, eta idazten dudana zehatzagoa eta argiagoa da. Uste dut artista batek azkenean argia bilatzen duela, eta nik ere hori lortu nahi dut; iruditzen zait horretarako bidean nabilela, eta agian lortuko dut hil aurretik.

Poesian ikusten zenuten hutsunea betetzeko, Balea Zuria argitaletxea sortu zenuten duela urte batzuk. Zer-nolako ibilbidea ari da egiten?

Konturatu ginen poesia gutxi argitaratzen zela, eta garbi esanda, ez zela errentagarria. Bestetik, ohartu ginen zerbait argitaratzekotan, izena zuten idazleen lanak izaten zirela gehienak. Guk ez genuen zer galdurik, eta jende berria erakartzen saiatu ginen. Horregatik sortu genuen Balea Zuria argitaletxea, eta poeta gazteei zuzendutako lehiaketa antolatu genuen Donostia Kulturarekin batera. Dena guk egiten dugu, eta dirua liburu berriak ateratzeko erabiltzen dugu; hori da gure funtzionamendua, ia frantziskotarra. Ez dugu liburu askorik atera ez dugulako dirurik, baina pozik gaude jende berria ezagutarazi dugulako.

 

"Bultzada bat da saria jasotzea; zeure buruari esateko: 'baleko liburua da'"

 

Zure lan guztiak, gehienak ez bada, euskaraz idatzitakoak dira. Erabaki kontziente bat izan al zen?

Ez. 6 urte bete arte ez nuen gazteleraz hitz egiten, eta kalean nahiz familiarekin euskaraz hitz egiten nuen beti. Amak gazteleraz oso gutxi zekien, eta nire aitak oraindik gutxiago. Idatzi dezaket poesia gazteleraz, baina beste gauza bat da; ez dut esaten hobea edo okerragoa denik, baizik eta desberdina. Nik ez dut identitate arazorik, kontziente naiz poesia euskaraz ateratzen zaidala, eta inoiz ez dut zalantzarik izan gai horren inguruan. Zeure buruarekin hitz egiten duzun hori da zure hizkuntza, eta nirea euskara da.

Euskal literatura eta irakuzaletasuna osasuntsu ikusten al dituzu gaur egun?

Euskal literatura datuetan ondo dagoela esango nuke, baina susmoa daukat ez dela asko irakurtzen, eta irakurtzen dena praktikoa da: eskoletan, institutuetan… Ikusi besterik ez dago zeintzuk diren libururik salduenak. Hor ikusten dut arazoa. Orain, geroz eta idazle gehiago daude, baina zer-nolako etekina ateratzen zaio horri? Ez dakit, iruditzen zait badagoela idazleen mundu bat, baina nik irakurleena ez dut ezagutzen.

Eta hori Euskal Herrian bakarrik pasatzen dela iruditzen al zaizu?

Ez, leku ugaritan pasatzen da. Gaur egungo irakurlea, batez ere, emakumea eta gaztea da, eta irakurtzen diren liburuen kasuan ere gauza bera; gehien irakurtzen diren liburuak emakumeek idatzitakoak dira. Bestalde, liburu errazak eskatzen dira gaur egun, eta guk literaturari eskatzen genion hori galdu egin da. Eta gero kritikaren kontua dago. Lehen bazegoen erreseinak idazteaz arduratzen zen jendea, eta orain ez dago halakorik, noiz edo noiz bai, baina oso gutxi. Kritika fuerte batek egon behar du irakurzaletasuna bultzatzeko. Hein handi batean, kazetaritza hilda dago. Ni lanean hasi nintzenean bizi nintekeen astean bizpahiru zutabe idatzita, eta orain ezinezkoa da hori.

Kazetaritza egiteko modua etengabe aldatzen ari da, eta zuk, bizi izan duzu bilakaera hori. Nola ikusten duzu egun ofizioa?

Orain kazetaritza beste gauza bat da. Gazteleraz egiten den kazetaritza botere konkretu baten zerbitzura dagoen aparatu handi bat da, eta euskarazko kazetaritzan ere gauza bera gertatzen da. Hor ba al dago ahots kritikorik? Bai, baina gutxi. Gaur egun, soldata ateratzeko gaur egun lan asko egin behar da, lehen beste kontsiderazio bat zegoen.

 

"Zeure buruarekin hitz egiten duzun hori da zure hizkuntza, eta nire hizkuntza euskara da"

 

Literatura ez ezik, kazetaritza ere izan duzu ogibide urte hauetan guztietan. 2010ean Euskadi Irratiko zuzendari postua hartu zenuen. Erronka handia izan al zen?

Garai konplikatua izan zen. Saiatu nintzen programazio aldetik-eta aldaketa batzuk egiten, baina batez ere kudeaketa lana izan zen egin nuena, eta horrek jan egiten zaitu. Ez nuen ondo pasatu, eta ez nuen gustuko lana izan. Dena kontra nuen, egiturak eginda daude Euskadi Irratian, eta ni kanpotik nentorren, nahiz eta 80ko hamarkadan han lanean aritu nintzen zenbait urtez. Bakarrik egon nintzen sentsazioa nuen, eta, gainera, Patxi Lopezek murrizketak egin zituen, bost greba izan ziren… Halere, audientzia datu onak izan genituen; halako leku batean sartzen zarenean disfrutatzeko edo ikasteko sartzen zara, eta nik asko ikasi nuen.

Argitaratutako lan guztiak eta gero, zer geratzen zaio Felipe Juaristiri idazteko eta sortzeko?

Gauza asko. Erretiroa hartuko dut, baina ez idaztetik, idazleak beti jarraitzen baitu idazten. Badut azken 30 urteetan hasita dudan Azkoitiari buruzko olerki luze bat, eta ea bukatzen dudan. Ez dut presarik

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide