Txalintxo inguruan
Joseba Epelde erlezaina da. Etxekoengandik ezagutu zuen jarduera hori, eta duela dozena bat urte piztu zitzaion erleak hazten hasteko ideia; ordutik, bere zaletasun nagusi bihurtu da. Hasieran, Martirieta eta Ipintza auzoetan izan zituen erleak, baina egun, Txalintxo mendiaren inguruan, Munoandira bidean, hazten ditu horiek. Erleak klima epeleko intsektuak izanik, erlezainak azaldu du hobe dela erlauntzak hegoaldera begira jartzea, ipar haizeaz babesteko. Horrela ditu egokituta azkoitiarrak erlez betetako kaxak.
Erle multzoak erosi
Kaxak erlez hornitu ahal izateko, erlauntza asko dituzten erlezainei erosi ohi dizkie erle multzoak Epeldek. Horretarako, prozesu jakin bat jarraitu ohi da: erlauntza ireki, eta polenaz, eztiz, arrautzez eta erlez osatutako hiruzpalau abaraska ateratzen dituzte handik. Erregina aparteko kaiola batean babestuta edukitzen dute, eta hura erlauntza berrira sartzen dute gero, egun batzuen buruan multzoan onar dezaten. Modu horretara sortzen dituzte erlezainek erlauntza berriak, eta multzo horiek udaberri aldera erosten ditu azkoitiarrak.
30 erle kaxa
Egun, egurrezko 30 erlauntza edo erle kaxa ditu Epeldek. Neguan, 3.000 erle bizi ohi dira kaxa bakoitzean, baina udaberrirako 60.000 erletara irits daiteke kopurua. Izan ere, udaberrian sortzen dira erleak, landare asko loratzen hasten direnean. Beraz, garaiaren arabera ere aldatu egiten da erlezainari dagokion lana: udazkenean, negurako erlauntzak prestatzen aritzen da, eta neguan, horien mantenu lanak egiten ditu, garai horretan erleak ez direlako jaiotzen. Udaberritik aurrera, berriz, erletegian lan ugari izan ohi du erlezainak.
Babes jantzia
Erlezainak abilezia behar du izan erleak hazteko, eta hainbat babes neurri ere hartu behar ditu. Erlezainak, lana egiten duen bitartean, arropa berezia jantzi behar du erleen ziztadak saihesteko: goitik beherako buzoa, aurrealdean eltxo-sarea duen aurpegi-babesa edo maskara eta larruzko eskularruak dira erlezainaren osagarri oinarrizkoenak. Izan ere, erlezainak goitik behera geratu behar du babestuta, eta jantziak lodia behar du izan, eztena ez dadin azaleraino iritsi. Bestalde, erlezainaren jantzia argia izan ohi da, kolore horrek erleak lasaitzen dituelako. Dena den, zera nabarmendu du Epeldek: "Ziztada mingarria da, baina alergiarik izan ezean, ez du aparteko arriskurik eragiten".
Operkulazioa
Erlauntza bakoitza hamar abaraskaz osatuta egon ohi da, eta abaraska bakoitzean argizari lamina bana jartzen du erlezainak, erleek han lan egin dezaten. Erleek zabaldu egiten dituzte laminen zuloak, eta han ekoizten dute eztia. Epeldek adierazi duenez, eguraldi eta loraldi on batekin, bi asteren buruan ekoitz dezakete eztia, eta hura argizariarekin estaltzen dute gero. Prozesu horri operkulazioa deitzen zaio.
Liztor asiarrentzako tranpak
Liztor asiarrak "mehatxu larria" dira erleentzat. Epeldek adierazi duenez, liztorrek erleak harrapatu eta eraman egiten dituzte. Horregatik, harrapakari horientzako hainbat tranpa ditu jarrita erlauntzen ondoan. Liztor asiarrak tranpan eror daitezen, Epeldek edari gozoren bat sartzen du potetxoan, eta modu horretara, liztorra hara erakartzen du. Behin potetxoan sartuta, ito egiten da.
Kea, erleak lasaitzeko
Erleak asko lasaitzen dira kearekin, eta erlezainak, lan egin ahal izateko, kea nahitaez bota behar izaten die erleei. Izan ere, erleek kea antzematen dutenean, sute sentipena izaten dute, eta eztia jaten hasten dira asetu arte: "Badaezpada egiten dute, sutea izanez gero handik irten behar badute ere. Eztia janda, erleak lasaitu egiten dira, eta orduan irekitzen ditugu abaraskak. Kerik gabe, oso aztoratuta ateratzen dira abaraskatik, eta halakoetan ez dago kaxa irekitzerik", azaldu du Epeldek.
Altza, bigarren kaxa
Udaberria aurrera doanean eta erleak hazten eta ugaltzen hasten direnean, erlauntzak edo erle kaxak erlez betetzen dira, eta orduan, Altza izeneko kaxa txikiago bat jartzen dute gainean. Altzek bederatzi abaraska izaten dituzte, baina han ez da egoten erreginik; beheko kaxan ugaltzen ditu erreginak kumeak, eta erregina altzara igaro ez dadin, sare bidez banatzen dira erlez betetako bi kaxak. Izan ere, erregina gora igaroko balitz, han ere arrautzak jartzen hasiko litzateke eta goiko kaxa ere kumez beteko luke. Gainera, erlezainek ez dute beheko erlauntzatik eztirik ateratzen; erleentzat izaten da guztia. Erleek altzan ekoizten duten eztia da erleizainek jasotzen dutena.
Eztia ateratzea
Operkulazioa eginda, eztia ateratzeko unea da. Abaraskatik eztia ateratzeko gailu modernoak daude egun, baina irudikoa tradizionala da. Modu horretara, Abaraska atera eta labana batekin argizaria kentzen zaio. Dozena bat abaraska sartzen dira gailuan, eta eskulekuari eraginda makina biratzen hasten da. Zentrifugazio efektua egiten du mugimendu horrek, eta iturritik eztia ateratzen da.
Argizaria trukerako
Erleek abaraskan lana egina dutenean, erlezainak hango argizari lamina kendu eta berria jartzen du, animaliek operkulazioa berriz egin dezaten. Erabilitako argizari panela desegiten du Epeldek: lapiko batean ura berotzen jarri eta baporearekin urtu egiten da argizaria. Hozten denean, solido geratzen da argizaria, eta hura Gipuzkoako Erlezain Elkarteari ematen dio; trukean argizari laminak jasotzen ditu.
Emaitza gozoa
Erlezaintzak uzta gozoak uzten ditu; eztia da erleek ekoizten duten elikagai ezagunena, baina ez bakarra. Izan ere, propoleoa zein erregina-jelea ere sortzen dituzte erleek, guztiak ere propietate nutritibo handikoak. Eztiaren ekoizpenak neguaren amaierarekin eta landareen loratzeekin bat etorri behar du, eta erlezainak, oro har, abuztuan atera ohi du jaki preziatu hori. Epeldek adierazi du bere jarduna "zaletasun hutsa" dela; ez dela bere asmoa eztia egitea. Dena den, urtero 50 kilo inguru ezti ateratzen ditu, batez ere mila lore eztia.