Nolatan hasi zinen organoa ikasten?
Aurretik pianoa ikasten nuen Bizkargi musika eskolan, eta behin aitonak galdetu zidan ea joango al ginen bere lagun Frantzesena organoa jotzen ikustera; asko gustatu zitzaidan. Organoa ikasten hastea proposatu zidan hark, eta hala hasi nintzen.
Ez da oso ohikoa gazte bat organoa jotzen aritzea…
Ez. Egia esan, oso gazte gutxi ari gara organoa ikasten. Azkoitian ni naiz ikasle gazte bakarra; Azpeitian badaude beste laupabost.
Frantzesena konposatzailea duzu organo irakasle.
Azkoitiko parrokian elkartzen gara, astean hiru aldiz. Dena den, bera azpeitiarra denez, noizean behin Azpeitiko Esklabetan ere egin izan ditugu entseguak. Egun, organoa mezan jotzen ikasten ari naiz, eta horregatik, batzuetan asteburuetan ere elkartzen gara meza orduan entseatzeko.
Zer eragiten dizu organoa jotzeak?
Organoa musika tresna izugarria da. Instrumentu pila baten soinuak ateratzen ditu, eta indar handikoa da; musika tresna oso polita da.
Zer da organoaren gauzarik konplexuena?
Organoaren aurretik pianoa jotzen nuenez, eskuekin abilezia hartuta nuen ikasten hasi nintzenerako. Kontua da organoa hankekin ere jotzen dela, eta horrek zaildu egiten du lana. Dena den, batzuetan pianoa jotzea zailagoa egiten zait, teklak nola zapaltzen dituzun ere kontuan hartu behar delako. Organoan, berriz, ezin da kontrolatu tekla indarrez zapaltzen duzun edo ez.
Organoa ez ezik, pianoa ere ikasten ari zara Donostiako kontserbatorioan.
Aurten hasi naiz kontserbatorioan, eta astean hiru egunetan joaten naiz hara. Musika eskolan, laupabost urte egin nituen pianoa ikasten, eta gurasoei esaten nien gerora ere horretan jarraitu nahi nuela. Duela hiru urte, musika udalekuetara joan nintzen Madrilera, eta han ezagutu nituen lagun asko kontserbatorioan ari ziren ikasten. Ordura arte ez nuen kontserbatorioari buruz askorik entzunda, baina zer zen jakin nuenean, gurasoekin hitz egin eta bide hori hartu nuen nik ere.
Nolakoa da kontserbatorioko zure egunerokoa?
Musika eskolan, musika tresnaren bat edota solfeoa bakarrik ikas ditzakezu, baina kontserbatorioan musika tresna jakin bat ez ezik, beste ikasgai asko ikasi behar dituzu. Kontserbatorioko eskoletan, saxofoia ere ari naiz ikasten, bigarren musika tresna gisa.
Nolako piezak gustatzen zaizkizu?
Kontserbatorioan, batez ere, autore klasikoen piezak lantzen ditugu, Bachenak eta halakoenak. Musika eskokoei pianoa ikasten jarraitzeko asmoa nuela azaldu nienean, teknika hobetzeko pieza klasikoak jotzen hasi nintzen. Hasieran ez nituen oso gogoko pieza klasikoak, baina orain asko gustatzen zaizkit.
Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?
Familiatik; aitaren zein amaren senideen aldetik, baina, batez ere, amarenetik. Izan ere, aitonak klarinetea jotzen zuen Azpeitiko Musika Bandan, eta amak zein izeba-osabek ere musika tresna bana jotzen zuten talde horretan. Etxetik jaso dut zaletasuna, eta horrek eragina izan du.
Musika ikasteko bide bat hasi duzu dagoeneko. Etorkizunean, musikaren munduan kokatzen al duzu zure burua?
Ez dakit. Kontserbatorioko ikasketak amaitzen dudanean ez dut uste musika ikasketekin jarraituko dudanik. Baina hori orain esaten dut, ez dakit orduan zer pentsatuko dudan. Antzerkia ikasten ere ari naiz, eta gustatuko litzaidake arte eszenikoetan trebatzea. Zestoako Antzerki Eskolan ari naiz egun ikasten, eta dezente erakartzen nau mundu horrek. Oraingoz, ordea, kontserbatorioko ikasketak amaitzea nahi dut.