Herriz herriko Korrika batzordeak, 'Hitzekin' eta ekintzekin laguntzeko

Anartz Izagirre 2022ko ots. 2a, 16:00

Korrikaren azken edizioko irudi bat, Azkoitian.

Bi hilabete eskas falta dira Korrika eskualdera iristeko, eta AEK dagoeneko jo eta su ari da prestaketa lanetan. Datorren asteartean, hilak 8, bilduko da lehen aldiz Azkoitiko Korrika batzordea, besteak beste, Korrika Eguna eta Korrika Kulturala antolatzen hasteko. Ane Arrizabalaga Azkoitiko AEK-ko koordinatzaileak herritarrei batzordeetan parte hartzeko deia egin die.

Hiru urteko etenaren ostean, bueltan da Korrika; 22. edizioa izango da aurtengoa, eta betiko moduan, Euskal Herriko ehunka txokotatik igaroko da bazter guztietako euskaldunak batzen dituen ekimen ibiltaria. Hitzekin da aurtengo leloa, eta honela dio mezuaren zati batek: "Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak". Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte aurtengo edizioan.

Eskualdera datorren apirilaren 8an, ostirala, helduko da Korrika, eta egun horretako 14:07an zapalduko ditu Azkoitiko mugak. Eguna iritsi aurretik, ordea, dozenaka prestakuntza lan izaten dituzte AEK-ko kideek, eta egitasmoa igaroko den herrietan Korrika batzordeak antolatu dituzte egun handirako zein aurretik egingo diren ekintzetarako dena prest izateko. Azkoitian, datorren asteartean, otsailak 8, egingo dute lehen bilera, 19:30ean, Elkarguneko Oteiza aretoan. Ane Arrizabalaga Azkoitiko AEK-ko koordinatzaileak bertaratzeko deia egin die interesa duten herritar guztiei.

Arrizabalagaren arabera, Korrika pasatuko den eguna arduratzeaz AEK-ko kideak arduratzen dira, baina beste hainbat egiteko izaten dira horren aurretik: "Batzordearen egitekoa, besteak beste, Korrika Eguna eta Korrika Kulturaleko ekintzak antolatzea da, baina bestelako lanak ere izaten dira; esaterako, kartelak itsastea eta dendetara joatea Korrika Lagun ekimenaren inguruko informazioa ematera". 

Hainbat ekitaldi

Korrika Eguna antolatzeko askotariko aukerak eskaintzen ditu AEK-k Korrikaren webgune ofizialean, eta herri bakoitzean zer egin "batzorde bakoitzaren esku" egongo dela dio Arrizabalagak. Dena den, Azkoitirako dagoeneko badute ideia bat, baina aurrerago zehaztuko dute, batzordean hitz egin eta gero. Bestalde, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa artean "zozketa handi bat" antolatzeko asmoa iragarri du Arrizabalagak, eta landetxe batean asteburu bat zozkatuko dute. Horrez gain, ohi bezala, Korrika Txikia ere egingo dute eskualdeko ikastetxeetako kideek: "Gure asmoa da Korrika pasatu aurretik egitea Korrika Txikia".

Kilometroak eskuratu nahi dituztenek ere dagoeneko badute aukera. Horretarako, Azkoitiko AEKra deitu (943-15 10 89) edo idatzi beharko da (azkoitia@aek.eus).

Korrika Lagun

Arrizabalagak azaldu duenez, "laguntza handia" da Korrikaren batzordeetan herritarren partaidetza izatea, besteak beste, herri askotako Korrika Kulturaleko ekintzak nahiz bestelako hainbat kontu kudeatu behar izaten dituztelako AEK-ko kideek. Ildo horretatik, batzordeko kideen beste egiteko bat herriko saltokietara Korrika Lagun bila joatea izan ohi da. "Korrika diruz lagundu nahi duten dendek aurten bizum edo transferentzia bidez egin ahal izango dute ekarpena, eta beti bezala anonimoa izango da", dio azkoitiarrak. Herri bakoitzeko batzordeetako kideak arduratuko dira leku horietara gutun-azalak eramateaz, eta horietan izango dute dendariek Korrika txartela ere, saltokietako erakusleihoetan itsasteko.

Bestalde, Korrika diruz lagundu nahi duten norbanakoek Korrika.eus webgunean dute horretarako aukera. Hamabi euroko ekarpena eginda, zozketetan parte hartzeko aukera, AEKren ikastaroetan deskontuak eta bestelako hainbat abantaila izango dituzte herritarrek.

Modu batean edo bestean, Arrizabalagak Korrikaren parte izateko deia egin die herritarrei, batzordean ez bada Korrikaren ekitaldietan nahiz egitasmoa herritik pasatzen denean parte hartuz, hitzekin ez ezik, ekintzekin ere, denen artean, euskara sustatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide