Udalbatzak behin betiko onespena eman dio San Jose egoitza Aldundiaren esku uzteari

Anartz Izagirre 2022ko urt. 29a, 10:00

Urtarrileko osoko bilkurako une bateko irudia. (Anartz Izagirre)

EAJ, EH Bildu eta PSE-EE udal taldeen aldeko botoekin onartu zen egoitza jabari publikokoa izatetik ondare ondasun izateko izapidea, eta Azkoitia Baik aurka bozkatu zuen.

Azkoitiko Udalak San Jose egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku uztea behin betikoz onartu zuen joan zen asteazkenean egindako urtarrileko osoko bilkuran. 2015eko maiatzaren 18an hitzarmena sinatu zuen herri erakundeak Aldundiarekin, modu horretan San Jose egoitza haien esku gera zedin, eta orain, ondasun higiezin horren desafektazioaren azken urratsa onartu dute udalbatzarrean; hau da, San Jose egoitza jabari publikokoa izatetik ondare ondasun izatera igaro da. Ana Azkoitia udaleko Ogasun zinegotziak osoko bilkuran nabarmendu zuenez, ez da alegaziorik egon, eta orain, bilkuran onartuta, azken ukituak besterik ez dira falta desafektazio prozesu hori amaitzeko.

Puntu hori gehiengo osoarekin onartuta gelditu zen, hau da, EAJ, EH Bildu eta PSE-EE udal taldeek baiezko botoa eman zuten. Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxaniz zinegotziarena izan zen kontrako boto bakarra, eta hark adierazi zuenez, egoitzako langileek eskumena udalaren esku egon dadin aldarrikatzen dute: "Inbertsio falta salatzen da, bertako egoiliarren eta langileen bizi kalitateak okerrera egin duela diote, eta berriro ere udalaren esku egotea nahiko luketela aldarrikatzen digute. Udalak lehen ere erakutsi zuen gauzak beste era batera egin daitezkeela, eta Aldundiaren esku utzi aurretik, horrela egiten jarraituko dela exijitzeko unea dela uste dugu". Herriaren eraikina Aldundiaren esku utzi aurretik, bai egoiliarrek eta bai langileek, gutxienez aurretik zituzten baldintzak berreskuratu beharko lituzketela dio Azkoitia Baiko bozeramaileak: "Iruditzen zaigu egun egoitzan dauden arazoak asebeteko dituen irtenbideak ematen saiatzeko momentua dela, eta, ondoren, guztiontzat onurak ekarriko dituela ziurtatu ostean, desafektaziorako eman beharreko pausoak eman behar direla". Irakurri hemen, adierazpen osoa.

Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak Etxanizen hitzei erantzun zien, eta "gauza batek bestearekin zerikusirik ez" duela nabarmendu zuen hark. "Hitzarmena sinatu zen 2015ean, lege baten ondorioz. Izan ere, egoitzaren eskumena Aldundiarena da, eta ez udalarena. Hitzarmen hori egikaritu behar dugu, eta gaur pauso hau ematea tokatzen da". Ildo horretatik, Azkoitiak Etxanizi gogoratu zion 2015ean hitzarmena sinatu zenean baiezko botoa eman zuela Azkoitia Bairen udal taldeak ere. EH Bilduk ere baiezko botoa eman zuen bozketan, hitzarmena egikaritzeko "beste pauso bat" dela argudiatuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide