Visi Gutierrezek (Eibar, 1974) kasik azkoitiartzat du bere burua; izan ere, duela 24 urte iritsi zen Azkoitira, Zubiberri gimnastika erritmikoan aritzen ziren kirolariak entrenatzera. Umetan hasi zen eibartarra kirol horretan, 7-8 urte zituela. "Eibarren hasi nintzen gimnastika erritmikoan. Pixkanaka- pixkanaka, ordea, ikasle lanak uzten joan nintzen", dio Gutierrezek. Kirolari izateari utzi zion, baina ez gimnastika erritmikoari. "Eibarko entrenatzaileari laguntzen hasi nintzen berehala. Zaletasun moduan hartu nuen orduan lan hura, baina Eibarko entrenatzaile hark taldekide batzuk entrenatzaile izatera bultzatu eta animatu gintuen".
Gutierrezek ia bizitza guztia eraman du gimnastika erritmikoari lotuta. "Txiki-txikia nintzenetik jardun dut; betidanik gustatu izan zait". Era berean, Gutierrezek balioa eman dio kirolaren bitartez taldekideekin egiten den harremanari. "Kirolaria nintzenean oso harreman estua genuen taldekideen artean; esaterako, taldekideren bat txapelketa garrantzitsuren batera sailkatuta bazegoen, elkarri laguntzen genion". Besteari laguntzea "gustuko" izan du beti Zubiberriko entrenatzaileak, eta kirola utzi zuenean entrenatzaileari "laguntzen hastea" erabaki zuen. Behin urrats hori egin zuenean, entrenatzaile titulua ateratzen hasi zen, eta bere jaioterrian, Eibarren, egin zituen lehen lanak. 1998an iritsi zen Azkoitira, baina aurrez inguruko beste herri askotan jardun zuen gimnastika erritmiko taldeak zuzentzen.
Kirola besteen esanetara praktikatzea edo norbere erara besteei praktikaraztea ez da gauza bera; argi du hori Gutierrezek. Hala eta guztiz, entrenatzaile izateak "gauza on bat baino gehiago" dituela uste du. "Ikaragarria da ikasleei lana ondo ateratzen zaienean eta hura gustura ikustean sentitzen dudan poza. Azken finean, entrenatzaileak izan ohi gara ikasleei bidea egiten laguntzen diegunak, eta emaitza ona bada, gu ere poztu egiten gara". Era berean, alde gogorrak ere baditu entrenatzaile lanak. "Zaila eta tristea izaten da ikasleek ariketa behar bezala egiten ez dutenean. Txapelketaren egunean minutu eta erdian duten guztia eman behar izaten dute, eta denboraldi onena egiten ari den ikasleak ere edozein unetan egin dezake huts. Urduritasunagatik edota norbere gain ez dauden beste arrazoi batzuengatik gaizki irten daiteke ariketa. Oso gogorra da une hori".
Zubiberri, egonkor
24 urteko ibilbideak kluba inork baino hobeto ezagutzeko balio izan dio Gutierrezi, eta entrenatzailearen esanetan "ondo" dago Zubiberri. "Emaitzei erreparatuta, ondo gabiltza. Izan dira urte hobeak, baina baita txarragoak ere". Egun, 80 ikasle inguru dituzte Zubiberri taldean. "Ikasle kopuru berbera dugu azken urteetan, eta hori ona da. Ni iritsi aurretik ere, Azkoitian jende asko ibli ohi zen kirol horretan. Gimnastika erritmikoa gustukoa dute Azkoitian". Entrenatzailea, baina, ez zaio gustatzen emaitzei gehiegi erreparatzea. "Ez diet garrantzirik ematen, azkenen finean, podiumera hiru kirolari igotzen direlako. Posible da, ordea, laugarren gelditu denak bere ibilbideko txapelketarik onena egin izana. Ikasleei esaten diet garrantzitsuagoa dela txapelketa batetik bestera hobetzen joatea; izan ere, hurrengo txapelketa aurrekoa baino hobea izan dadin saiatu behar dute kirolariek. Beti beste pertsona batzuen aurka lehiatu behar izaten da, eta guztia eman arren, posible da beste pertsona hobea izatea. Horrek ez du esan nahi zu txarra zarenik, ordea. Horregatik guztiagatik, esfortzuari ematen diot garrantzia".
Ofizialki, Gutierrez da Zubiberriko entrenatzailea, baina eibartarra ez da bakarrik aritzen ikasleak zuzentzen; izan ere, Lourdes Muñoz gimnasta ohiak laguntzen dio entrenamenduak gidatzen. "Muñozek bezala, tartean-tartean beste ikasle ohi batzuk ere lagundu izan didate, baina egun, biok zuzentzen ditugu lan saioak".
Entrenatzerakoan lanari eta konstantziari garrantzia ematen saiatzen dira taldearen bi zuzendariak. "Lan eginda lortzen dira emaitzak. Lasai egotea garrantzitsua da gimnastika erritmikoan, baina urduritasun puntu bat edukitzea ere normala zein ona da. Gozatu egin behar da kirol honetan. Beste kirol batzuetan ez du axola aurpegi txarra edukitzeak edo haserretzeak, baina gimnastika erritmikoan hori ezin da aurpegian nabaritu ariketa zailena egiterakoan ere". Gimnasta txikienekin edo helduekin lan egitea, ordea, "desberdina" da haren arabera. "Haurren kasuan, motibazioari ematen diogu garrantzia, jolasetik gehiago baitu haientzat. Halaber, gauzak sarriago aldatu behar izaten ditugu, bestela ikasleak aspertzeko arriskua dago. Helduena, berriz, diziplina hutsa da. Urtearen hasieran ariketa bat prestatzen dugunetik maiatzean denboraldia amaitu arte, behin eta berriz errepikatzen dugu ariketa".
Gimnastek koreografiak landu behar izaten dituzte eguna joan eta eguna etorri, asteburuan jokatzen dituzten txapelketetan erakusteko. Ez da lan samurra izaten beti berrikuntzaren atzetik jardun behar izatea, baina Gutierrez ondo moldatzen da. "Urteen poderioz lortzen den esperientziak laguntzen du koreografia berriak sortzen eta prestatzen. Hasierako urteetan asko kostatu zitzaidan, irudimen eta sormen handia behar baitira. Orain, ordea, ia bere kasa sortzen dira koreografiak". Gimnastika erritmikoan zuzen errespetatu behar diren arauak daude, kodeen araberako elementuak sortu behar izaten baitituzte. Gutierrezek "asko" jarraitzen ditu bideoak, txapelketak eta gainerako kluben lanak.
Gimnasiaren beste ertzetan
Zubiberri moduko eskoletan aritzen diren entrenatzaileek ez dute prestaketa lana bakarrik egiten. Bestelako egiteko asko ere izaten ditu Gutierrezek, eta horregatik, haurrekin lanean aritzetik haurrentzat lan egiten jarraitzen du etxera joandakoan ere. "Entrenatzailea izateaz gain, gimnastika erritmikoarekin lotura zuzena duen beste hamaika gauza egin behar izaten ditugu: musika, ariketak eta arropa prestatu. Mailotak diseinatu ere egin behar izaten ditugu, eta horretan gurasoen laguntza izaten dugu gehienetan. Entrenatzaileak makilatzaileak, ile-apaintzaileak eta psikologoak ere bagara. Lan asko egiten dugu. Nire bizitzako gauza gehienak gimnasiari lotuta daude, gimnastika erritmikotik kanpo ere". Gutierrez, gainera, federazioan ere ari da lanean. Besteak beste, Gipuzkoako Gimnastika Federazioko batzorde teknikoko presidentea da eibartarra, eta Euskadiko Gimnastika Federazioko epaileen batzordeko kide ere bai.
Gimnastika erritmikoa "guztia" da entrenatzailearentzat. "Gimnastika erritmikoari esker ari naiz bizitza aurrera ateratzen, eta horregatik, zortekoa naiz, gustukoa eginez lan egiten dudalako". Eibartarrak Azkoitian jarraitu nahi du datozen urteetan ere. "Ez diot epemugarik jarri nahi nire lanari. Espero dut erretiroa hartu arte Azkoitian segitzea. Herri askotan aritu naiz entrenatzaile lanetan, baina ez Azkoitian bezainbeste urtez".
Motzean:
- Adina: 47 urte.
- Ikasketak: Selektibitatera arte egin nituen.
- Lanbidea: Entrenatzailea eta epailea.
- Entrenatzailea ez banintz... ez nau beste ezerk asebetetzen. Gimnastika erritmikoa da nire mundua.
- Entrenamenduak amaitutakoan... etxeko beste eginkizunak egin behar izaten ditut.