Azkoitiko leku estrategikoenetariko batean dago kokatuta Berdura Plaza. Herriko plaza du aurrez aurre, Urola ibaia azpian, eta Kale Nagusia bertatik bertara. Bertan egon ohi dira inguruko ekoizleak beraiek ekoitzitako produktuak saltzen, horretarako egokitutako gune bat baitago. Azken urteetan, ordea, azpiegituraren oztopoak behin baino gehiagotan azaldu dituzte ekoizleek nahiz bertan egoten diren saltzaileek, eta Azkoitiko Udalak nahiz beste hainbat erakundek bultzatuta, Azkoitiko Azokaren Plan Integrala aurkeztu zuten joan zen uztailean, azoka biziberritzeko ekintza plan bat osatzeko eta hori martxan jartzeko. Lantalde bat ere martxan jarri dute, besteak beste, planean zehazturiko ildoak eta jarraibideak gauzatzeko. Sektorearen azken hamarkadetako bilakaeraren isla da ekoizleen egoera, eta kontziente dira egoera aldatzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Egoerak, ordea, ez ditu tartean dauden norbanakoak zein eragileak kikildu, eta azoka biziberritzeko pauso sendoak emateari ekin diote.
Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartea da bilera horietan parte hartzen ari den erakundeetako bat, eta lehen bi bileretan "sentsazio ona" izan dutela azaldu dute Yurre Peñagarikano kudeatzaileak eta Olatz Lacomba teknikariak. Hala dio Peñagarikanok: "Lehen bileran gauza mordoa atera ziren, eta jendeak parte hartu zuen. Garrantzitsua da hori, denen artean gauzatu behar delako ekintza plana". Eskualdeko elkartea izaki, inguruko beste hainbat herritako azoken berri ere badute Urkomekoek, eta guztietan behar antzekoak identifikatu dituztela azaldu dute; esaterako, azpiegitura egoki baten beharra: "Askotan errepikatzen den kontua da azpiegiturarena, eta Gipuzkoan herri askok dute egoera bera. Baina nik uste dut ez dela instalazioak hobetzea bakarrik, beste zerbitzu batzuk ere eskaini egin behar dira produktuak saldu ahal izateko", azaldu du kudeatzaileak. Bat dator Lacomba: "Jendeak joan ezin duen ordutegia badu azokak, jende horri lagundu egin behar zaio produktua berarengana eramaten".
Komunikazioaren garrantzia ezinbestekotzat jo dute Peñagarikanok eta Lacombak azoka biziberritzea lortzeko. "Iruditzen zaigu jende askok ez dakiela ekoizleak noiz joaten diren Azoka Plazara produktuak saltzera, eta ezagupen hori faltan sumatzen dugu. Bertako herritar askok jakingo dute, baina hori ez da nahikoa. Komunikazio aldetik lan handia dago egiteko", azaldu du Peñagarikanok. Ekoizleen erreleboa ere erronka handia dela onartu du: "Ekoizle gehienak adinekoak dira, eta Gipuzkoa osoan gertatzen da hori, nahiz eta azokatik azokara gauzak asko aldatzen diren".
Herritarren konpromisoa
Urkomeko kideek nabarmendu dutenez, azkoitiar guztien esku dago azokaren biziberritzea. Alde horretatik, Ikertaldek egindako ikerketaren emaitzak aipatu ditu Peñagarikanok: "Inkestak egin zirenean, Azkoitia izan zen Gipuzkoa osoan online inkesta gehien jaso zituen herria; ikaragarria izan zen, eta harrituta gelditu ziren emaitzarekin. Diagnostikoa egin zenean azokara joateko joera bat nabarmendu zen, baina egia da pandemia garaia ere bazela". Ildo horretatik, Lacombak dio pandemiaren ostean geroz eta gehiago baloratzen duela jendeak bertako produktua: "Herrietatik atera ezin ginenez, azokara joateko ohitura areagotu egin zen, eta horrek lagundu egin zien ekoizleei. Badago bertakoa kontsumitu nahi duen herritarren korronte bat; jendeak gero eta gehiago baloratzen du produktuak hemen landatutakoak izatea, nork ekoitzitakoak diren jakitea... Korronte horri heldu behar diogu".
Bestalde, herriko ekoizleekin harreman estua dute Urkomekoek, eta horiek azokaren biziberritzean aktiboki parte hartzeko prest daude; halere, horiei laguntza eskaini behar zaiela argi du Peñagarikanok: "Lehen baserrietan jende mordoa egoten zen, eta horietako bat joaten zen azokara saltzera. Orain, berriz, sarritan pertsona bakarra arduratzen da guztiaz". Beste erronka bat ere aipatu du: "Lortu behar dugu Azkoitiko ekoizleek herrian bertan saltzea, hor haustura bat baitago".
Digitalizazioak lehen sektorearen garapenean garrantzirik ba al duen galdetuta, baietz dio Peñagarikanok: "Dudarik gabe. Digitalizazioaz ari garenean askotan ordenagailuak eta sistemak etortzen zaizkigu burura, baina smartphone bat erabiltzen jakiteaz ere ari gara hizketan. Pandemia garaian, esaterako, salmenta pila bat egin zituzten ekoizleek Whatsapp bidez, eta gaur egun ere mantentzen da joera hori". Urkomeko kideak kontziente dira ekoizle askok "behartuta" egin behar izaten dutela digitalizaziorako jauzia, baina erraztasunak eskaintzen dituela nabarmendu dute: "Beizaman eta Errezilen, adibidez, banda zabala dute dagoeneko, eta ikusi dute horrek zer-nolako onurak ekarri dizkien. Hala eta guztiz, formakuntzaren beharra ikusten dugu digitalizaziorako jauzia egiteko, eta hor paper garrantzitsua dugu guk".
Funtsean, Urkomeko kideek azpimarratu dute azoken biziberritzerako erakundeek ez ezik, norbanakoek ere badutela zeresana. Hala dio Urkomeko kudeatzaileak: "Norberak, indibidualki, ardura dauka. Zergatik? Bakoitzak aukera dezakeelako produktuak non eta nola erosi. Supermerkatuetan ikurriña pila bat jarriko dizkizute, baina sarritan ez dakizu nori ari zaren erosten. Gainera, ekoizleari zuzenean erosten badiozu, lan horretatik bizi ahal izateko prezio duin bat ordaintzen ari zara. Ez nuke esango erantzukizuna erakundeena bakarrik denik". Pegañarikano eta Lacomba, biak ala biak, bat datoz gauza batekin: azkoitiarrek erabakiko dutela Azkoitiko azokak aurrera egingo duen ala ez. "Apustua udalak eta ekoizleek egingo dute, baina hori mantentzea eta horrekin aurrera egitea herritarren esku dago".
Salmenta zuzena helburu
Azkoitiko azokan egoten diren bi ekoizle dira Zabaleta Berri baserriko Edurne Osa eta Pikuñeta baserriko Luis Olano, eta biek ala biek ogia egiten dute. Olanok eta familiak duela 35 urte lursail zahar bat erosi zuten, eta ogia ez ezik, gazta ere egiten dute. Azkoitiko Berdura Plazakoa da egon ohi diren postu bakarra, larunbatetan, 08:00etatik 11:00etara. Osak eta familiak, berriz, Zabaleta Berri baserria egin zuten, eta duela 30 urte inguru hasi ziren ogia egiten. Aitarengatik ikasi zuen ofizioa, eta senarraren gurasoek Zabaleta Goikoa baserrian labe zahar bat zutenez, bertan hasi ziren lanean; orain, berriz, beren baserrian dute labea. Ostiral arratsaldeetan 17:30etik 20:00etara egoten dira, eta larunbat goizetan, 09:00etatik 12:00etara. Biak izan ziren azoka biziberritzeko lantaldearen lehen bileran. Osaren arabera, "aurkezpen moduko bat" izan zen lehen bilera, eta bigarrengoan, udal ordezkariek Berdura Plaza biziberritzeko duela urte batzuk zegoen proiektu zahar bat eraman zuten bilerara. Azokan saltzen urteak daramatzatenez, ondo baino hobeto dute haren berri, eta biak bat datoz azpiegitura egoki baten beharra aipatzerakoan. Hala dio Olanok: "Azken hamabost urteetan oso lagata egon da eraikina, eta justuko konponketak egin dira. Guk lan egiteko gutxieneko baldintzak behar ditugula eskatzen dugu, eta gaur egun ez dago baldintza egokirik".
"Ekoizle gehienak adinekoak dira Azkoitiko azokan, eta Gipuzkoa osoan gertatzen da hori"
Horrez gain, "hausnarketa falta" dagoela ere aipatu du: "Ez da hausnarketarik egon salmenta zuzenak herrian eragin dezakeenaren inguruan, ezta, besteak beste, elikadura burujabetzaren inguruan ere. Ez zaio kontra egin kontsumo eredu bati". Osak, bestalde, ekoizleen errelebo faltan egin du azpimarra: "Azken 30 urteetan joera bera izan da. Lehen ere ekoizleen profila jende heldua eta edadetua zen, orain bezala. Dena den, ikusten da gazte batzuek beste pentsaera bat dutela".
"Lortu behar dugu Azkoitiko ekoizleek herrian bertan saltzea, hor haustura baitago"
Erakundeei laguntza eske
Azokak biziberritzearen inguruan "denontzat zeregina" dagoela azaldu du Olanok, eta salmenta zuzenari garrantzia emateko laguntza eskatu du: "Ikusten duzu industria asko bultzatu dela dirulaguntzen bitartez, handik eta hemendik. Lehen sektorearekin, ordea, ez da halakorik gertatu. Baserri mundua berreskuratu nahi bada, laguntza eskaini behar da, eta azokari laguntza emateak salmenta zuzenari bultzada ematea esan nahi du. Salmenta zuzenik gabe ez dago etekinik, begira zer gertatu den esne eta okela ekoizleekin". Bat dator Osa ere: "Zure produktuak ekoizle bati saltzen badizkiozu hark ezartzen dizu prezioa, eta galtzen ateratzen zara. Hori dela eta, salmenta zuzena bultzatu beharko litzateke".
Azkoitiarrek herrian kontsumitzeko konpromisorik ba ote duten galdetuta, pandemian salmentetan igoera egon zela diote, baina igoera hori ez dela konfinamendua amaitu ostean mantendu. "Oso gauza puntuala izan zen. Jendeak ez zuen kanpora joaterik, eta etxean egiten zituen otorduak. Behin herrien arteko mugak ireki zirenean lehengora itzuli zen, eta sektorearen egoera orokorrarekin lotuta dago joera hori", azaldu du Olanok. Ildo horretatik, Osari "zalantza" eragiten dio ikerketak: "Inkestak azoka inguruan egin ziren. Nik neure zalantza propioak ditut inkesta Lidleko atean egingo balitz jendeak zer erantzungo lukeen".
"Ez da hausnartu salmenta zuzenak herrian eragin dezakeenaren inguruan"
Azokak aurrera egin dezan, ezinbestekotzat jo dute bi ekoizleek azpiegitura berritzea. Hala eta guztiz, Osak komunikazioa hobetzea ere garrantzitsua ikusten du: "Norbere bezeroek badakite noiz egoten garen, baina egia da produktu konkretu bat erosiko luketen bezero potentzialek postuetan noiz egoten garen jakitea garrantzitsua dela". Olanok, bere aldetik, ikuspuntu aldaketa eskatu du: "Kontzientzia sortzea eskatzen dut. Eta iruditzen zait lehen sektoreak beste kontsiderazio bat izan beharko lukeela erakundeen partetik. Denok batera egin behar dugu lan".
Eragile gehienek azpiegitura berritzea jarri dute Azkoitiko azoka biziberritzeko jo puntuan, eta Azkoitiko Udalak 2022ko udal aurrekontuetan 220.000 euro bideratuko ditu Berdura Plazako eraikina berritzera. Hala dio Ana Azkoitia Merkataritza zinegotziak: "Plazatik Azoka Plazara begira jarrita, eskuinean gelditzen den zati hori ikusten dugu okerren. Teilatua bere garaian berritu gabe gelditu zen, eta itukin dezente daude. Hori berritzea izango da gure lehentasuna, eta horrekin batera lurra aldatzea, margotzea... Eraikinaren irudia aldatzea da nahi duguna".
Azoka biziberritzea "elkarlanean" egin beharrezko zerbait dela azaldu du Ana Azkoitiak.
Udaleko ordezkariak ere azoka biziberritzeko lantaldean sartuta daude, eta han aipatu zuten garai bateko proiektu bat aitatu du Azkoitiak: "2008an egindako proiektu bat topatu genuen, eta horren zati batzuk egin ziren 2009an; beste batzuk, ordea, egin gabe daude. Egin gabe gelditu ziren zati horiei ekingo diogu, gaur egungo egoerara eguneratuta". Azkoitiak nabarmendu du azoka biziberritzeko lantaldean atera den ardura nagusia eraikina berritzearena dela, eta udalarentzat garrantzi handia duen proiektua dela: "Aurrekontuetan partidarik inportanteena bideratu dugu proiektu horretara, eta herritarrei erakutsi nahi diegu altxor bat dugula Azkoitian: herriaren erdi-erdian dagoen eraikin sinbolikoa da, eta gauza asko daude barnean; besteak beste, azoka. Herriko ekoizleak dira, gainera, bertan egoten direnak, eta gure esku dago horiek zaintzea, bertako produktuak dituztelako". Ildo beretik, pandemian izandako igoerari eutsi behar zaiola nabarmendu du: "Garbi dagoena da pandemiak bertako ekoizle batzuengan eragin positiboa izan duela, eta horri eutsi egin behar zaio. Batzuek oraindik ere eskaerak Whatsapp bidez jasotzen dituzte, adibidez".
Azoka biziberritzearena "elkarlanean" egin beharreko zerbait dela azaldu du Merkataritza zinegotziak, eta horretarako sortutako lantaldean konpromisoa igartzen duela: "Udaleko bi zinegotzi gaude talde horretan, ni eta Ingurumen zinegotzia, bi arloak ukitzen baititu gai horrek. Poliki-poliki joango gara ikusten zer behar dauden. Lanerako gogoa badago behintzat".