Ados Teatroak Kopaz Kopa antzezlana taularatuko du etzi Azkoitiko Baztartxo antzokian, eta Iñigo Aranbarri, Ainara Ortega, Ainhoa Aierbe eta Asier Sota aktoreen eskutik, larunbat iluntzeko poteoa Errioxako upategietako dastaketekin ordezkatzeko parada izango dute hara bertatzen diren ikusleek. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke www.entradium.com atarian, zortzi eurotan. Egunean bertan ere egongo da horretarako aukera, leihatilan.
Rex Pickett idazlearen Sideways eleberrian oinarritutako obra da Garbi Losadak —Losada da zuzendaria— eta Jose Antonio Vitoriak oholtzarako egokitu dutena. Honako hau da istorioaren muina: "Miguel eta Andres bizitza osoko lagunak dira, baina bikote bitxia osatzen dute, porrot egindako grinak eta gaztaroa pasatu izana direlako komunean duten bakarra. Astebeteko bidaia egitea pentsatzen dute, Andresen ezkondu aurreko agur festa gisa. Biek daramatzate kopaz kopa beren segurtasun gabeziak arrastaka, bizirik sentiarazi eta eskastasunari ihes egiteko aukera emango dien zerbaiti".
Aranbarri azkoitiarra da talde artistikoa osatzen duen aktoretako bat, eta hark adierazi duenez, umorezko klabean ondutako lana da: "Pertsonaiak kontraste handikoak dira, eta modu arinean kontatzen dugu istorioa", adierazi du azkoitiarrak. Alexander Payne zine zuzendariak Picketten eleberrian oinarrituta izen bereko filma zuzendu zuen 2004. urtean, eta hamaika sari eta izendapen eskuratu zituen umorea eta drama uztartzen zituen ikus-entzunezko lan hark. Aranbarriren hitzetan, ordea, Losadak umorera gehiago jo du antzezlana ontzerakoan: "Drama arindu egin du zuzendariak, eta amaieran istorioak egiten duen bira bestelakoa da".
Bakardadea, indibidualismoa, laguntasuna eta melankolia lantzen ditu antzezlanak, eta horretarako, ardoa oholtza gaineko bosgarren protagonista bihurtzen da: "Ardoaz asko dakiten pertsonaiak dira. Goi mailako ardoak gustatzen zaizkie protagonista gehienei, eta saltsa horretan mugitzen dira; fetitxistak dira zentzu horretan".
Komedia arina
Joan zen urrian estreinatu zuen konpainiak Kopaz Kopa antzezlana, eta ordutik hainbat emanaldi eskaini dituzte. Hain zuzen ere, Aranbarrik azaldu du "komedia arina" egitea zela zuzendariaren asmoa, eta orain arte jasotako erantzunen arabera, hori lortu dutela. "Gaur egun, nahiko dentsitate badago giroan, eta publikoak eskertzen du zerbait arina jasotzea. Ikusleari tarte entretenigarri eta gustagarri bat eskaintzea da helburua, eta jolasean murgilduz, uneren batean identifikatuta ere senti daiteke pertsonaia batekin".
Hainbat herritan aurkeztu ondoren, etxean antzeztuko du Aranbarrik etzi antzezlana, eta gertukoen aurrean aritzea "polita" dela aitortu du azkoitiarrak: "Saiatzen zara beste edozein emanalditzat bezala hartzen, baina jakitun zara zure jendea hor dagoela, eta horrek emozio bereziak sorrarazten dizkizu, imajinatzen duzulako haientzat ere zerbait berezia dela, zuretzat hala den moduan".