Unai Amilletak (Deba, 1994) Olinpia Podologia Zentroa ireki berri du Azkoitiko Ibai-Ondo kalean.
Nola izan zen sortze prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa? Zer ikasi duzu prozesu horretatik?
Betidanik izan dut neure kasa lan egiteko asmoa, baina orain gutxi arte besteren kontura aritu izan naiz. Gainera, azken bi urteetan Azkoitiko adinekoentzat podologia zerbitzua eraman dut, eta oso gustura nengoen herrian eta herritarrekin, horiekin harreman oso ona izatea lortu nuelako. Neure negozioa zabaltzeko ideia orduan hasi zitzaidan serio bueltak ematen buruan, eta lokalak begiratzen hasi nintzen Azkoitiko erdigunean. Hau aurkitu nuen, eta buru-belarri sartu nintzen.
Noiz eta nola jaso zenuen Iraurgi Berritzenen laguntza?
Mailegua eskatzean, uztailean, banketxeak bideragarritasun-txostena eskatu zidan. Informatzen hasi nintzen eta Iraurgi Berritzenek laguntzen zuela horretan jakin nuen, eta horrela jo nuen garapen agentziara. Eta egia esan, asko lagundu didate. Gainera, bestelako laguntza eta formazioa ere eskaini zidaten: sare sozialak kudeatzeko, informatika arloa hobetzeko...
Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu? Eta nola?
Beldurra beti izaten duzu, ez dakizulako ondo aterako den edo ez. Zurea izango da, inbertsio handia egin behar duzu, jendearen onarpena beharko duzu... asko dira arrisku faktoreak, baina, zure buruarengan sinetsi behar duzu. Nire kasuan txarrena, agian, lokaleko obrak izan ziren. Abisatu zidaten, baina, hala ere, luze joan zen; arazo txikiak agertu zirelako, udako oporraldia iritsi zelako... Gainera, beste lan batean ere banengoen. Baina, azkenean, gogoak beste denari irabazten dio, eta orain oso pozik nago.
Zertan nabarmentzen da Olinpia Podologia Klinika?
Podologian kirurgia, esplorazioa edo barne-zola arlotik jotzen da gehien bat. Kirol-podologiaren ikasketak egin nituen urtebetez Bartzelonan, eta orain, jarrera-klinikako lau urteko masterra amaitu dut, eta bide horretan nago arreta jartzen. Horiek dira, beraz, nire indarguneak.
"Kirol-podologiaren ikasketak egin nituen urtebetez Bartzelonan, eta orain, jarrera-klinikako lau urteko masterra amaitu dut, eta bide horretan nago arreta jartzen. Horiek dira, beraz, nire indarguneak"
Zein da orain arteko balorazioa?
Egia esan oso gustura eta pozik nago. Ireki aurretik galdetu izan zidaten zenbat bezero espero nituen, eta ez nuen erantzuten jakiten; egunean 2-3 ondo iruditzen zitzaidan. Azken asteetan, ordea, gero eta bezero gehiago ari zaizkit iristen. Gure lana ahoz ahokoa denez asko, seinale ona da.
Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?
Beti, edo urte askotan behintzat, besteentzako lan egiteak “oker” edo ez hain ondo egindako gauzak ikusteko aukera eman izan dit. Orain, nik erabakitzen dut ordutegia, bezeroekiko jarrera, tratamenduak... Ardura nirea izanik independentzia dut orduarekiko, lan egiteko moduarekiko eta tratu pertsonalerako, eta hori ederra da. Desabantaila nagusia, berriz, bakarrik nagoela da. Ohituta nago beti lan taldean lan egitera, baina, momentuan bakarrik nago, eta faltan botatzen dut lankideak izatea.
Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?
Alde batetik, argi izan behar duzu hori dela egin nahi duzuna. Ez da urte batzuetarako bakarrik begiratu behar, baizik eta etorkizun luzera. Gainera, denari bakarrik aurre egiteko gai izan behar duzu, eta zure lanak dituen oinarriak (nireak tratu pertsonala eta lana ondo egitea) ondo kontrolatzea, eta horretan kontzentratu. Horrez gain, langilea izatea ezinbestekoa da, nire kasuan, okerrago sentitzen naiz lan gutxi dudanean asko dudanean baino.
Ireki berri duzu podologia zentroa, baina, zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?
Lan bolumen handia izatea gustatuko litzaidake, beste podologo bat kontratatu ahal izateko. Era berean, oraindik oso garbi ez badut ere, osasun zentro modura osatu nahiko nuke negozioa. Izan ere, hiru bulego edo kabinete ditut, eta horiek betetzea gustatuko litzaidake. Baina, aurrez esan bezala, etorkizunera begirako zerbait izango litzateke, lehenbizi negozioa ondo doala ziurtatu behar baitut. Azkenean, bezeroak etorri eta gustura gelditu behar dira, eta nik ikasten jarraitu behar dut, tratamendu pila bat daudelako eta horiek hobetzen joan behar ditudalako, nire formazioa osatzen joan ahal izateko.
Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.