16,3 milioi euroko aurrekontua onartu du udalak 2022rako, inoizko altuena

Maialen Etxaniz 2021ko abe. 24a, 09:19

EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin eta EH Bilduren eta Azkoitia Bairen abstentzioarekin onartu dituzte 2022ko aurrekontuak. (Maialen Etxaniz)

Hirigintza, Ongizatea, Ingurumena eta Euskara arloetara bideratuko dira partidarik handienak, baita inbertsioetara ere. Abenduko ezohiko udalbatzan onartu zituzten aurrekontuak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Azkoitia Bairen abstentzioarekin. Besteak beste, Azoka Plazaren eraberritzea, komun publikoa ezartzea, aurrezte energetikorako luminarien aldaketa, Elkarguneko Herriko Plaza aretoaren itxuraldatze azterketa eta Ingurumen Mahaia sortzea aurreikusten dute 2022rako. Gizarte laguntzetako zenbait partida ere igo dituzte, esatera, adineko pertsonen etxeko zaintzara bideratutakoa. 

Azkoitiko Udalak onartu ditu 2022rako aurrekontuak. 16,3 milioi euroko aurrekontua onartu du erakundeak, orain arteko altuena. Asteazkenean egin zuten abenduko ezohiko udalbatzarra, eta bertan onartu zituzten datorren urterako aurrekontuak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Azkoitia Bairen abstentzioarekin.

Aurrekontuen gaia izan zen udalbatzarreko puntu nagusia, aurreikusita zegoen 5G teknologiaren inguruko mozioa atzeratzea erabaki baitzuten, aho batez, mozioa aurkeztu zuten udal taldeek. Halaber, aho batez onartu zuten 2022 ekitaldirako Azkoitiko Udalaren langileen plantilaren hasierako onespena. Berrikuntza bezala, aurrerantzean diruzainaren figura izango du udalak. Izan ere, 10.000 biztanletik gorako herria da Azkoitia, eta zifra horretatik gorako herrietako udal erakundeetan ezinbestekoa da diruzainaren figura egotea. 

Azkoitia Baik Udaltzaingoaren inguruko kezka bat partekatu zuen, udaltzainek herrian egiten duten lan ibilbidea eta horrek udalari eragiten dion gastua abiapuntu hartuta: "Joan zen urtean aipatu genuen udaltzainek herrian egiten duten ibilbidearekin ez geundela ados. Gai honetan herriak egiten duen gastua ezin dugu justifikatu, eta udalak ezin badu sistema aldatu, gutxienez ahal den heinean gastu hori murriztera bultzatu nahi zaituztegu aurten ere". Dena den, Udal Gobernuko taldeak gaiari heltzeko prestutasuna agertu duela azaldu zuen Azkoitia Baik, eta aldeko botoa eman zuen. Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak azaldu zuen auziaren atzean dagoen arazoa, eta horri irtenbidea emateko lanean dabiltzala jakinarazi zuen. "Udaltzainek egiten dituzten formakuntzak udalak ordaintzen ditu, soldata arruntaz gain. Azken urteetan, baina, udaltzain ugari formakuntzak amaitu ostean beste herriren batera lekualdatzen dira, eta beste udalerri batzuetako erakundeentzat egiten dute lan. Beraz, horri irtenbidea nola eman pentsatzen gabiltza", azaldu zuen Azkoitiak. Dena den, azaldu zuen hori udaletik harago doan gaia dela, polizien beharra tarteko, gaur egun aldaketa ugari baitaude Arkauten. 

Aurrekontu kontsolidatua

Abenduko udalbatzarrean 2022 ekitaldirako Azkoitiko Udalaren aurrekontua nahiz Zubiaurre Elkargunea, San Jose Egoitza eta Azkoitia Lantzen barne hartzen dituen aurrekontu kontsolidatua onartu zuten. Aurrekontu kontsolidatua 17,2 milioi eurokoa izango da. Horrenbestez, 2022an Zubiaurre Elkargunera 922.000 euroko partida bideratuko du udalak, San Jose egoitzara 68.300 eurokoa eta Azkoitia Lantzenera 837.045, 27 euroko partida.

Arlo horietako aurrekontuak banaka bozkatu zituzten udalbatzarrean. EAJk eta PSE-EEk atal guztietan eman zuten aldeko onespena; Azkoitia Baik ezezko botoa eman zion Azkoitia Lantzenekoari. Abstenitu egin zen San Jose egoitzakoan eta aldeko botoa eman zion Zubiaurre Elkargunekoari. EH Bilduk aldeko botoa eman zion San Jose egoitzako partidari nahiz Zubiaurrekoari eta abstentziora jo zuen Azkoitia Lantzeneko aurrekontuaren bozketan.

San Jose egoitzako partidaren harira, udal taldeetako ordezkariek hitza hartu zuten. Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxanizek adierazi zuen, orain arte aldeko botoa eman izan dutela, baina aurten egoitzaren egoeraren konplexutasuna ikusita, kontra bozkatzea erabaki dutela, gaiarekin duten "desadostasuna agertzearren". EH Bilduko bozeramaile Iraitz Otañok, bere aldetik, azaldu zuen koalizioak baiezkoa emango ziela San Jose eta Elkarguneko partidei "aurrekontu teknikoak" direlako. Dena den, egoitzaren aferari konponbidea ematearen garrantzia azpimarratu zuen. Horren harira, hitza hartu zuen Javier Zubizarreta alkateak, eta azpimarratu zuen egoitzaren auziari konponbidea emateko lanean jarraitzen dutela. Gainera, laster berriak egongo direla aurreratu zuen. 

Udal aurrekontua, atalez atal

2022an Azkoitiko Udalak inoiz izandako aurrekonturik handiena izango du. Hori dela eta, hainbat arlotara bideratutako diru partida nabarmen handituko da. Hirigintza, Ongizatea, Ingurumena eta Euskara arloetara bideratuko dira diru partidarik handienak, baita inbertsioetara ere. Hain zuzen, 1.496.960,69 euro bideratuko ditu udalak inbertsioetara. Dena den, Hirigintza Sailaren partidak izango du igoera handiena ( %113,45) 2022an.

Aurreikusten dituzten proiektu edo inbertsioen artean daude Floreagako bigarren fasea, Azoka Plazaren eraberritzea eta aurrezte energetikoa ahalbidetuko duen luminarien aldaketa. Horrez gain, espaloiak eta baserri bideak berritzeko, bide publikoen irisgarritasunerako edo hiri-altzarientzat partidak zehaztu ditu udalak. Horiez gain, komun publikoa jartzea, Zazpi Frontoiak eta Goikolosakoa txukuntzea, udaltzainak baserri inguruetara iritsi ahal izateko 4x4 ibilgailu berri bat erostea eta Plaza Berriko bizilagunei zuzendutako sistema berria ezartzea aurreikusten du udalak. 

Gizarte Ongizatearen Saileko zenbait partida ere igo dituzte. Besteak beste, adineko pertsonen etxeko zaintzari dagokiona, indarkeria matxistaren biktimei zuzendutako baliabideena edo gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako jarduera estrategikoena. Gizarte Ongizate sailera 1.336.925 euro bideratuko dira, 2021ean baino %6,57 gehiago.

Ingurumenaren esparruan ere partida berriak sortu dituzte, besteak beste, landa lursailen mugen digitalizaziorako, ibaiak garbitzeko eta Ingurumen Mahaia sortzeko. Era berean, 22.000 euro bideratuko dituzte ibai ertzetan hesiak jartzera, ibaira plastikorik eror ez dadin. 2021ean 7.500 euro bideratu ziren horretara. Ingurumen sailaren partida 1.752.017,36 eurokoa izango da guztira, eta iazko aurrekontuekin alderatuz, %3,71ko igoera izango du. 

Euskara Sailean, partida berri bat jarriko du udalak Maxixatzen euskara elkartearentzat. Hain zuzen, 11.000 euro jasoko ditu euskara elkarteak, euskararen sustapenari lotutako jarduerak dinamizatzeko. Euskara Mahaitik jasotako eskaera da hori. Horrez gain, euskara ikasteko %100eko dirulaguntzak emango ditu udalak. Orain arte gastuen zati bat ordaintzen zuen erakundeak. 

Udal talde guztiek azpimarratu zuten aurrekontuen onarpena taldeen arteko negozioazioaren emaitza izan dela. EAJk, bere aldetik, eskerrak eman zizkien oposizioko alderdiei ekarpenak egiteagatik, eta oposizioko taldeetako ordezkariak ere eskertuta agertu ziren, Udal Gobernuak negoziatzeko erakutsitako prestutasunagatik. 

Hona hemen sail bakoitzera bideratuko dituzten diru partidak: 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide