Azkoitiko Udalak 2022. urteko aurrekontu proposamena ezagutarazi zuenean jakinarazi zuen Udaltzaingoaren diru-partida ia bikoiztu egingo dutela eta kamerak jarriko dituztela, "sarrera-irteeretarako matrikulen irakurketa bidezko zaintza eta kontrol sistema berria ezartzeko". Horren harira, Azkoitiko Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) kamerak jartzea salatu du. Izan ere, taldearen arabera kamerak "matrikula zaintza sistemaren aitzakiapean" jarriko dituzte, baina horiek "kontrol soziala areagotu" egingo dute, eta herritarren "mugimendu oro kontrolpean" izango dute: "Zergatik jakin behar dute noiz sartzen eta irteten garen herritik? Zertarako behar dute informazio hori? Kamerak jartzea al da segurtasunerako eta jendea zaintzeko eredua? Oinarrizko eskubide batzuk urratzen ari dira".
GKSk uste du "testuinguru kontrolatu eta errepresibo bat" ezartzen ari direla, eta hori "onartezintzat" jo du. "EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Azkoitiko Udal Gobernuak pobretze eta eskubide politikoen murrizketen testuinguru horretan erabaki du kamerak ezartzea. Oposizioko EH Bilduk eta Azkoitia Baik, aldiz, ez dute txintik ere esan horren aurka. Beste behin ere, argi gelditzen da egungo alderdi politikoek zeinen interesak defendatzen dituzten, baita beren burua aurrerakoitzat duten horiek ere". Horren aurrean, GKSk kamerak ez ezartzeko eskatu dio udalari. "Kontrol soziala areagotzen eta eskubideak murrizten dituen neurri ororen aurrean aurkituko gaituzue".
"Trafikoaren zaintzarako"
Gaiaren harira hainbat azalpen eman ditu udalak, eta argitu du "trafikoaren zaintzara" bideratzeko jarriko dituela kamerak Alde Zaharreko oinezkoen gunean. "Kameren erabilpena justifikatuta dago trafikoaren zaintzarako. Erabilpena beste edozertarako bada, baimenak eskatu behar izaten dira", azaldu du Xabier Artola udaltzain buruak.
2010 ingurutik poste elektrikoekin kontrolatzen dituzte ibilgailuen sarrera-irteerak Plazaberrin. Artolaren arabera, "arazo tekniko ugari" izan ditu sistema horrek azken urteetan. Ibilgailu batzuek, gainera, istripuak ere izan dituzte. Egun, lau poste elektriko daude Azkoitiko Alde Zaharrean, baina bi daude soilik indarrean.
"Plazaberriko bizilagunen eskaerari erantzunez" jarriko ditu kamerak udalak. "Bizilagunak ez direnek Plazaberrin aparkatzen dute beren ibilgailua, bereziki udan edo terraza garaian. TAG gailu telematikoa badute baimenduek Plazaberrira sartzeko, baina adierazi digute alferrik dutela, ez baitute autoa aparkatzeko lekurik izaten. Udal ordenantzaren arabera, bizilagun horiek badute asteburuetan ere Alde Zaharrera zamalanak-eta egitera sartzeko baimena".
Guztira, lau kamera
Lau kamera jarriko ditu udalak Alde Zaharrean, oinezkoen guneko "trafikoa zaintzeko". Julio Urkixoko zubian jarriko dute kameretako bat, Balda plaza aldera begira. "Politikoki ez bada erabakia aldatzen, lanegunetan bizilagunek Plazaberrira sartzeko aukera dute egunero, 20:00etatik 06:00etara bitartean. Tarte horretan bizilagunak sartuko lirateke soilik. Kameraren bitartez jakingo dugu baimena nork duen eta nork ez".
Bigarren kamera Balda plazako bidegurutzean jarriko dute, Inazio Iriarte Margolaria kaleko eta Santa Klara aldeko trafikora bideratuta. Hirugarren kamera, berriz, Aizkibel kaleko eta Inazio Iriarte Margolaria kaleko bidegurutzean jarriko dute. "Ibilgailu asko Correos paretik aurkako noranzkoan sartzen da maldan behera; errepidea itxita egonda ere, asko sartzen dira handik plazara". Laugarren kamera, azkenik, Kale Nagusiko eta Aingeru kaleko bidegurutzean kokatuko dute, kale horretara ere aurkako noranzkoan inor sar ez dadin.