Emakume esku pilotariek Binakako Txapelketa Nagusia jokatuko dute lehen aldiz, eta Azkoitian aurkeztu du txapelketa hori Ados Pilotak. Izan ere, pilotariek beraiek sortutako klubak Eusko Labelen babesarekin antolatu duen lehen txapelketa profesionalaren finalak Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dira, otsailaren 27an. Txapelketaren lehen jardunaldia, berriz, igande honetan jokatuko dute Latasan (Nafarroa).
Guztira 22 pilotarik parte hartuko dute txapelketan, eta bi mailatan banatuta lehiatuko dira: zazpi bikote ariko dira Lehen Mailako txapelaren bila, eta beste lau Promozio mailakoaren lehian. Lehen Mailako txapelketan parte hartuko du Eneritz Arrieta aurrelari azkoitiarrak; Naroa Agirre Arroagoiko atzelariarekin osatuko du bikotea Arrietak.
Bi mailetan bikote denek elkarren aurka jokatuko duten ligarekin hasiko da txapelketa. Lehen fase horretako sailkapeneko lehen bi bikoteak zuzenean pasatuko dira finalaurrekoetara Lehen Mailan. Hirugarrenak eta seigarrenak elkarren kontra jokatuko dute final laurdenetako bat, eta laugarrenak bosgarrenaren kontra bestea; bi neurketa horietako irabazleak ere finalaurrekoetara pasatuko dira. Promozio mailan, berriz, ligako lehen sailkatua finalean sartuko da zuzenean, eta sailkapeneko bigarrenaren eta hirugarrenaren arteko finalaurrekoan erabakiko da finaleko beste bikotea. Bi mailetan, ligako azken sailkatuak txapelketatik kanpo geldituko dira. Finalaren aurreko asteburuan, otsailaren 20an, jokatuko dituzte finalaurrekoak Amurrion (Araba).
Kontratuarekin eta amaren izenean
Ados Pilotako Iera Agirrek eman zituen txapelketaren xehetasunak atzoko aurkezpenean. Esku pilotariek garai bateko raketista aitzindariek urratutako bideari jarraipena eman nahi diotela azaldu zuen Agirrek, raketistak pilota munduko lehen emakume profesionalak izan zirela gogoratuz. Hain zuzen ere, hastear den Binakako Txapelketa Nagusian "lehen aldiz kontratuarekin" jokatuko dute pilotariek, eta mugarri horren garrantzia azpimarratu zuen Agirrek.
Raketistak ez ezik, "amak" ere lehen lerroan jarri nahi izan dituzte Ados Pilotakoek. Horrela, pilotari guztiek beren amen abizenarekin jokatuko dute txapelketa berria; Arrieta, esaterako, Iturzaeta izenarekin arituko da. Harrobia lantzearen garrantziaz ere hitz egin zuen Agirrek; Promozio txapelketa antolatzeaz gain, gaztetxoagoen arteko partidak ere jokatuko dituzte txapelketaren jaialdietan.
Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea "pozik" eta "eskertuta" agertu zen atzoko aurkezpenean, horrelako txapelketa bat egitera doazelako eta finalak Azkoitiak hartuko dituelako. Txapelketan gozatzea eta daukaten maila ematea opa die Zubizarretak pilotariei. "Zaletasun pixka bat badut, zuen partidak jarraitzen ditut, eta hasieratan ikusten nuenetik gaur egungora egundoko hobekuntza egon dela ikusi dut. Profesional bihurtzen ari zarete, ikuskizuna ematen duzue, eta gure pilotari are balio handiagoa ematen diozue", esan zien alkateak udaletxeko areto nagusian elkartutako pilotariei. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak ere parte hartu zuen aurkezpenean, Eusko Label babesle nagusiaren izenean.