Kalean maskara janztea derrigorrezkoa izango da berriz ere

Julene Frantzesena 2021ko abe. 22a, 18:11

Espainiako Gobernuak bihar onartuko du aire zabalean maskara janztera derrigortzeko erabakia, lege dekretu bidez. Gaur egin dute bilera Sanchez Espainiako presidenteak eta autonomietako presidenteek, eta hainbat gai izan dituzte hizpide. Txertaketa indartzea helburutzat jo du Espainiako presidenteak, eta zenbait argibide eman ditu.

Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin bildu dira gaur autonomia erkidegoetako presidenteak, eta hark jakinarazi dienez, berriz ere –iazko ekainetik aurtengo ekainaren 26ra arte bezala– derrigorrezkoa izango da kalean maskara erabiltzea. Sanchezek azaldu duenez, Espainiako Gobernuak bihar, osteguna, onartuko du aire zabalean maskara janztera derrigortzeko erabakia, lege dekretu bidez. Omikron aldaerarekin lotu du neurri hori Sanchezek, asko ari delako zabaltzen.

Naturguneetan eta kirola egiterakoan ez da maskara erabili beharko, ezta kalean bakarrik egotean edo bizikideekin egotean ere. Halaber, maskara salbuespena izango da pertsonen artean metro eta erdiko distantzia mantentzen den kasuetan.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere orain egun batzuk "premiazkotzat" jo zuen aire zabalean maskara erabiltzeko derrigortasuna ezartzea, eta gaurko bileran da, hain zuzen, Urkullu lehendakaria, baita Maria Chivite Nafarroako presidentea ere.

Gaur egin duten bileraren xedea COVID-19aren hedapenari aurre egiteko neurriak hartzea izan da, eta maskararen erabileraz gain, beste hainbat gai ere izan dituzte mahai gainean; besteak beste, mugikortasuna, COVID ziurtagiria, ostalaritzaren ordutegiak eta abar. Bilera amaituta, 19:50 aldean egin du agerraldia Sanchezek, eta ez du bestelako neurri murriztailerik iragarri. Dena den, hartuko dituzte neurri batzuk; tartean, farmazietan salgai jarriko dituzte profesionalen erabilerarako antigeno testak, azken asteetan stock arazoak ari direlako izaten test horiekin.

Espainiako presidenteak azaldu duenez, osasun zerbitzuak indartuko ditu Gobernuak. Horretarako, giza baliabideak indartzea beharrezkoa dela esan du, eta lege bidez, zentro publikoek nahiz pribatuek jubilatutako edo aurrejubilatutako beharginak kontratatzeko aukera emango du. Gainera, autonomia erkidegoei aukera emango die titulua Europar Batasunetik kanpo lortu duten espezialistak kontratatzeko. Halaber, txertaketa sistema Espainiako militarrekin indartuko dutela esan du, eta Espainiako armadaren ospitaletan zibilak hartuko dituztela ere bai.

Hainbat helburu

Sanchezek txertaketa prozesua indartzeko eta azkartzeko beharra azpimarratu du, hori delako "neurririk eraginkorrena", eta horri lotuta, hainbat helburu ezarri ditu: 60 eta 69 urte bitarteko biztanleriaren %80 hirugarren dosia hartuta egotea urtea amaitzerako; 50 eta 59 urtekoen artean zenbateko horretara iristea urtarrilaren 24rako, eta 40 eta 49 urtekoena martxoko lehen asterako; haurren artean lehen dosia hartu dutenak %70 izatea otsailaren 7ko asterako, eta haurren %70 bi dosiak hartuta izatea apirilaren 19rako.

Gainera, Espainiako presidenteak zehaztu duenez, positibo eman duen pertsonaren batekin harreman zuzena izan dutenek eta txertaketa pauta osoa hartuta dutenek ez dute konfinatu beharrik izango, ezta omikron aldaera bada ere. Horrez gain, 2022ko otsailaren 1etik aurrera, txertoaren azken dosia hartutako egunetik bederatzi hilabeteko iraungitze data izango du COVID ziurtagiriak.

Urkulluren proposamena

Jaurlaritzak bileraren aurretik jakinarazi du Urkulluk gaurko bilerara zer proposamen eraman duen. Hain zuzen ere, Gabonen bueltako aisialdiarekin lotutako neurri murriztaileak ezartzea eskatu du. Zehazki, ostalaritzako guneen eta saltokien ordutegiak mugatzea nahi du abenduaren 24an, 25ean eta 31n nahiz urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an.

Egun horietan 21:00etan ixtea nahi du Jaurlaritzak. Gainera, urtarrilaren 31n zutik kontsumitzea debekatu nahi du, baita gehienez hamar lagun elkartzea ere. Nolanahi ere, abenduaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean salbuespena izango dira jatetxeak; horiek 23:30era arte egon ahalko dute zabalik.

Urkulluren proposamearen arabera, ordu mugatik kanpo geldituko lirateke gasolindegiak, zerbitzuguneak zein farmaziak. Kontrara, ez, ordea, hotelak, landetxean nahiz apartamenduak. Horietan ere 23:30era arte eman ahalko dituzte afariak. Horrez gain, abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an saltokiek eta ostalaritzako establezimenduek ezingo dute 08:00ak baino lehen ireki. Dena den, neurri horrek ez die eragingo aurretik aipatutako eremuei.

Bestalde, aste honetan emandako gomendioari jarraiki, Urkulluk Gabonetako ospakizunetan gehienez bi familia unitatetako hamar lagun elkartzea aholkatu du.

Pedro Sanchezek eta autonomietako presidenteek hamar egunen buruan egingo dute pandemiaren bilakaeraz hitz egiteko hurrengo bilera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide