Klik!

Herriaren altxorrak

Anartz Izagirre 2021ko abe. 30a, 09:00

Idiakez dorretxea edo Etxebeltz jauregia. (Argazkiak: Alex Berasategi)

Ondare artistiko zein arkitektoniko aberatsa du Azkoitiak, eta herrian paseo bat ematea besterik ez dago dituen altxorrak ugari direla ikusteko. Herriaren historiaren zati bana gordetzen du monumentu, jauregi eta eraikin bakoitzak, eta era berean, herriaren bilakaeraren lekuko ere bihurtu dira. Horietako batzuk dira honako hauek.

Idiakez dorretxea (Etxebeltz)

Erdi Aroko harresi zaharraren babesean eraiki zuten Kale Nagusian dagoen Etxe Beltz. Idiakezen, Olanoren eta Loiolatarren armarri historikoak ikus daitezke eraikinean, eta horrek erakusten du dorretxea garai batean Loiolako Inazio Donearen Jaurerriarena izan zela. Karlos V.a han ezkondu zen Beirako printzesarekin,1838. urtean.

Floreaga dorretxea

1514. urtean hasi ziren eraikitzen Aizkibel kaleko 10. zenbakian dagoen Floreaga dorretxea. Mudejar estiloko eraikina da, eta Pedro Zuazolaren aginduz egin zuten, familiaren eraikin baten gainean; Karlos V.a enperadorearen idazkaria eta diruzaina izan zen Zuazola. Egun Joseba jatetxea dago bertan.

Altzibar jauregi-etxea

Pedro Abendañok diseinaturiko jauregi-etxea da, eta 1553. urtean eraiki zuten, udal bulegoak bertan jartzeko asmoarekin. Udaletxea egun dagoen tokira lekualdatu zutenean, berriz, hiri-jauregi bihurtu zen, 1735. urtetik aurrera, hain zuzen ere. Kale Nagusiko 102. zenbakian dago eraikina.

Balda dorretxea

XIII. mendean hasi ziren eraikitzen Balda dorretxea. Etxearen jabeak Ganboatarren aldekoak izan ziren, eta XV. mendean dorre gotorra bota eta etxe bilakatu zuten. Bertan bizi izan ziren, besteak beste, Loiolako San Ignazioren ama zena, Marina Likona Balda. Izen bereko plaza dago behean, eta bertan daude Erdi Aroko Zubieta eta Markeskua dorretxeak ere.

Aizkibel liburutegia

Trenbidearen Zumardian dago Azkoitiko Udal Liburutegiaren egoitza den Aizkibel eraikina. Urolako trenaren geltoki izateko sortu zen, eta hura itxi zenean, liburutegia jarri zuten bertan. Duela urte batzuk, Juan Beldarrain arkitektoak hainbat moldaketa egin zituen eraikinean, eta Espainiako Kultura Arkitektoniko eta Urbanistiko Jasangarriaren saria jaso zuen 2007an.

Intsausti jauregia

XVIII. mendearen erdialdean eraiki zuten Julio Urkixo etorbidean dagoen Insausti jauregia. Eraikin barrokoa da, baita mota horretako eraikin bakarra ere, ilustrazioko pentsamolde berritzailea zela eta, haren eraikuntza prozesuan arkitektura tratatu teoriko propio bat garatu baitzen. Peñafloridako kondea izan zen Xabier Munibe bertan jaio zen.

Gaztan Enea jauregia

XX. mendean egin zen egun Bizkargi musika eta dantza eskola nahiz Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialaren gela desplazatuak dituen Gaztan Enea jauregia. Euskal estilo neoerrenazentista du eraikinak, eta Xabier Munibe kalean dago kokatuta. Garai hartan Alberdi familiaren jabetzakoa zen jauregia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide