Bestaldetik

Axen Etxaniz: "Liburu bat osatzeko moduko historiak ikusi ditugu tabernan"

Andoni Elduaien 2021ko abe. 25a, 09:20

Axen Etxaniz, Olaberri tabernan.

Axen Etxaniz (Azkoitia, 1954) urte askoan ibili da Olaberri taberna zuzentzen. Duela lau urte hartu zuen erretiroa, eta harrezkero, emazteari tabernako lanetan laguntzen dihardu. Tabernako lana eta zaletasunak nola uztartu dituen azaldu ditu azkoitiarrak beretzat horren berezia den Olaberri tabernan.

Axen Etxaniz eta Olaberri taberna uztarri bereko bi hitz dira. Noiztik duzue lotura?

1982. urtean ireki genuen taberna. Tabernan hasi aurretik, Azpeitian egin nuen lan zazpi urtez. Garai hartan, aurrezki-kutxa bat zegoen egun taberna dugun lokalean, baina hura itxi egin zuten, eta lokala hutsik gelditu zen. Aldi berean, Azpeitian lan egiten nuen enpresak ere ateak itxi zituen, eta aitak lokalean taberna bat irekitzeko esan zidan. Hala jarri genuen martxan Olaberri.

Zein da zure tabernaren historia?

Garai batean jatetxea ere bazen Olaberri. Hiru jangela zituen; bi handi eta txiki bat. Jangela txikira asko etortzen ziren Zubillagara lanera joaten ziren beharginak. Jangela handietan, berriz, ezkontzak, ezkon-aurreko bazkari-afariak, jaunartzeak eta abar egiten ziren. Herrian Olaberri bezala ezagunagoa izan arren, Fonda Elorza zen garai hartan gure txokoa. Amak, izebak eta alboko etxean bizi zen emakume batek lan egiten zuten jatetxean; aitak, berriz, tabernan. Tabernaren gaineko lehen solairuan zeuden sukaldea eta bi jangela; bigarren solairuan, berriz, jangela handi eder bat. Aurrezki-kutxa itxi zutenean, tabernarekin hasi nintzen, eta emaztearekin batera atera dugu aurrera, poliki-poliki.

Zer da zuretzat Olaberri?

Egun, ez dakit Olaberri gabe zer egin asmatuko ote nukeen. Asteburuetan, lagun jakin batzuk kirola ikusteko elkartzen gara tabernan. Olaberririk gabe, beharbada, beste taberna batera joaten hasi beharko nuke, beste ohitura batzuk hartu... Egun zailak ere izan ditugu. Ireki eta urtebetera, uholde handiak izan ziren Azkoitian. Moketazko lurra genuen, eta sofak ziren eserlekuak; guztia hondatu zitzaigun urarekin.

Ordu asko igaro dituzu barra barruan. Zer du ederra barra barruko lanak?

Aldekoak gehiago ditu kontrakoak baino. Tabernan beti egoten dira eztabaida txikiak. Pertsona guztien jokabidea ez da bera izaten, are gehiago edaten denean. Halere, jende oso ona ezagutu dut hemen, baita bitxikeria asko ikusi ere. Era berean, askorentzat handitasuna agerian uzteko lekua ere bada taberna. Hala eta guztiz, tabernariok gauza asko ematen dizkiegu bezeroei, hala nola berriketaldiak, telebista, egunkaria...

Asko aldatu al da tabernako panorama?

Asko aldatu da, bai. Taberna aitak kudeatzen zuen garaian, txikito asko edaten zen egunez. Gauean, berriz, ohitura zen afalondoren tabernara joatea eta kafea nahiz pattarra hartzea. Egungo gazteek ez diote edateko modu horri jarraitu, eta nahiago dute konbinatua edota garagardoa edatea. Gure tabernako botilategia ikusiko bazenu... Edari batzuk hautsa hartuta daude. Orain, konbinatuetan, ginebra asko edaten da, eta patxarana nahiz whiskia hutsik ere bai. Gainera, gazteek etengabe asmatzen dituzte orain konbinatu berriak, eta tabernariok eskatzen dutena zerekin egiten den galdetu behar izaten diegu sarri-sarri.

Tabernako ohitura zaharrak galtzen ari direla diozu...

Bai, noski. Tabernako beste adibide bat emango dizut: lehen, esaterako, tabernatik tabernarako bidea kantuan egiten zen. Abesti ederrak abesten ziren, herrikoiak bereziki. Dantza ere egiten zen tabernetan. Ohiturari eusteko, trikitilarien kalejira eta bazkaria antolatzen ditugu guk urtero.

Tabernako anekdotak eta istorioak ere izango dituzu. Kontatuko al duzu bakarren bat?

Behin gure tabernan gertatu zena kontatuko dut. Bi emakume elkartu ziren, eta horietako baten umea amari deika ari zen; haurra kakagureak zegoen. Amak kasurik egiten ez ziola ikusi zuenean, galtzak jaitsi eta tabernaren erdian kaka egin zuen umeak; zer egingo zuen, bada, gizarajoak. Beste behin, berriz, komuna zementatu ziguten, baita hoditeriak errotik hautsi ere. Beste bezero batek, berriz, gezurrak kontatzen zituen etortzen zen bakoitzean; azkenerako berak ere sinetsi egiten zituen. Liburu bat osatzeko moduko istoriak ikusi ditugu hemen.

Tabernaren bidez lagun handiak egin dituzu, ezta?

Bai, noski. Halere, eta ez nuke aipatu gabe utzi nahi, Juan Esteban Artetxe zenarekin egin nuen tratua. Herrian giro ona sustatzeko asmoarekin, askotan biltzen ginen kontzertuak antolatzeko. Lagun handiak egin ginen, eta oso harreman ona egin nuen harekin. Bizitzak aurrera darrai, baina haren faltak markatuta utzi ninduen.

Tabernako hormei begiratzea nahikoa da futbolzalea zarela igartzeko.

Jakina. Eskolatik futbola ikustera Bilbora eraman gintuzten lehen aldiz. Gogoan dut partida ere: Athletic-Las Palmas. Orduan egin nintzen futbol zalea; ez dut esango athleticzalea egin nintzenik, baina bai jarraitzailea. Gero, Reala gora egiten hasi zen pixkanaka, herriko jokalariak partaide ziren, gainera. Orduan ikusi nuen hura zela nire taldea. Realaren Olaberri izeneko taldea ere sortu genuen. Iraurgi elkartean egin genuen aurkezpena, eta Jabo Irureta izan zen taldeko lehen bazkidea. Anaitasunan ere ibilitakoa naiz, gazteen eta nagusien mailetan. Gogoan dut soldadu garaian sekulako kolpea hartu nuela Legazpin [Gipuzkoa]. Aurrerago, Anaitasunatik Debako [Gipuzkoa] Amaikak Bat taldera joan nintzen, urtebetez utzita. Asko jarraitzen dut Anaitasuna ere.

Kolpearen ondorioz soldaduska egitetik libratu al zinen?

Soldadu garaian auto istripua izan nuen, eta berna-hezurra, peronea eta iztarrezurra hautsi nituen. Gogorra izan zen; pentsa, 107 egun egon nintzen ohetik altxatu gabe.

Jabo Irureta eta Axen Etxaniz, Realaren taldea aurkezten.

Futbolaren aitzakian asko bidaiatu duzu, ordea.

Bai, horrela da. Reala azkenekoz txapeldunorde izan zenean Vigon [Galizia] nintzen. Athleticen aurkako finalera ezin izan genuen joan, baina bai beste final guztietara, hala nola Madrilera eta Zaragozara (Espainia). Orain, Anoetara ere joaten gara. Futbol zelaira joateko autobusa antolatzen dugu Olaberrin, eta Realak bi eserleku esleitu dizkigunez, partidaro han izaten gara.

Europara bidaiatu al duzu?

Bai, eta bidaia xelebre bat ere egin genuen. Behin, Liverpoolera [Erresuma Batua] joan ginen, Liverpool eta Bayer Leverkusen taldeek jokatu zuten Txapeldunen Ligako partida ikustera. Lagun baten lehengusuak esan zigun partidarako sarrerak lortuko zizkigula, eta hori horrela, hara joan ginen. Une oro egon nintzen Xabi Alonso jokalariarekin harremanetan. Iritsi ginen hara, hotelera joan, trasteak utzi eta Alonsok emandako sarrerak jaso genituen. Guk, ordainetan, Azkoitiko makarroi kaxa bat eman genion tolosarrari. Partida ikusiz gozatu genuen, eta etxera itzuli ginen. Antza, ordea, gaizki ulertu ginen Alonsorekin; izan ere, handik pixkatera Alonso kexu agertu zen, sarrerak ez genizkiolako ordaindu. Gure asmoa ez zen ordaindu gabe libratzea; gaizkiulertua izan zen. Hori entzun genuenean, telefonoz harekin harremanetan jartzen saiatu ginen, baina ez zigunez erantzun, kontu korrontean sartu genion dirua.

Zaletasun gehiago ere badituzu, besteak beste, elkarte bateko kidea zara.

Plaza Berri elkartekoa naiz. Iraurgi elkarteko sortzaileetako bat izan nintzen. Astelehenero joaten nintzen lehen Iraurgira, xerra bi arrautzekin eta patata frijituekin jatera. Otsailaren 23ko estatu kolpearen egunean ere han ginen, baina guk ez genion jaramon handirik egin. Ez dakit, gehiegi joaten ginelako izan zen, baina utzi egin nion Iraurgiko kide izateari. Elkarteetatik kanpo tarte bat egin ondoren, Plaza Berri soziedadean lekua zegoela jakin nuen, eta hantxe sartu nintzen lagun batzuekin batera.

Eta zer moduz moldatzen zara sukaldean?

Esan dugu ohiturak aldatzen ari direla, eta hona hemen beste adibide bat: lehen, elkartera bere espezialitatea prestatzera joan ohi zen jende asko; orain, ordea, tabernetatik edo jatetxeetatik hartutako janaria eramaten du askok. Beti izan naiz sukaldaria, eta gainera, ondo moldatzen naiz. Hiru espezialitate ditut: buztana saltsan, gisatutako haragia eta tripakiak garbantzuekin.

Xoxote txarangako kidea ere izan zinen.

Txarangan hasi baino lehen, Kertenak izenarekin turutak jotzen genituen bolada izan genuen. Talde bateko hiru edo lau lagun etortzen ziren laguntzera. Anaitasunaren eta Realaren arteko partida batean izan ginen, baita andramaixetan plazako kioskoan emanaldia eskaini ere. Gero, Xoxote txarangako zuzendari izateko proposamena egin zidaten, eta onartu egin nuen. Txaranga zuzentzeko hainbat gauza behar dira, eta, egia esan, ni ez nintzen oso trebea. Aitzakia horretan, baina, leku askotara joan ginen.

Iraurgi abesbatzan ere aritu zinen.

Abesbatza kontu serioagoa da. Miguel Mari Azpiazu zen orduan Iraurgi abesbatzako zuzendaria. Alemaniako bi herritan izan ginen behin, eta egundoko mezak eta prozesioak ikusi genituen. Baina atzerrian bakarrik ez, herrian eta inguruko herrietan ere eman genituen kontzertuak.

Etxaniz, laugarren lerroan, eskuinetik bosgarrena.

Beste zaletasunik ba al duzu?

Ehiza eta txirrindularitza. Urtero Sevillako [Andaluzia] Los Marañon izeneko finkara joan ohi ginen ehizara. Behin, Sevillako feriara ere joan ginen anaia, koinata, emaztea eta laurok. Hoteletik atera ginenean, atearen aurrean, lau zaldiko gurdia aurkitu genuen gidari eta guzti. Finkako nagusiak etorri ziren guri harrera egitera, eta gurdira igota, feriara joan ginen. Beste batean, Pilatos jauregian egin zen ezkontza batera gonbidatu gintuzten. Trianaren prozesioa ere ikusi genuen orduan.

Eta bizikleta gainean zer moduz?

Talde ederra ibiltzen ginen. Lagos de Covadongara [Asturias, Espainia] askotan joan ohi ginen. Pirinioetara ere sarritan, besteak beste, Tourmaletera, Marie Blancera, Luz Ardidenera eta Hautacamera (Frantzia). Izoard, Galibier eta Alpe d’Huez mendiak ere igota nago. Hemen, aldiz, igandero ateratzen ginen ehun kilometroko ibilbidea egitera. Herritik abiatu eta Zumarraga, Oñati, Bergara, Itziar, kostaldeko herriak eta Azpeitia egiten genituen, berriz Azkoitira itzultzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide