Abenduaren etorrerarekin, Gabon giroa nagusitzen joaten da urtero-urtero, salbuespenik gabe, Azkoitian. Beroki potoloak, noizbehinkako elur malutak, argi koloretsuak eta herriko dendetan zehar joan- etorrian dabiltzan pertsonak ohikoak dira urteko hamabigarren hilabetean. Horrez gain, bada kristauen usadio zaharrei jarraiki, Eguberrietan hutsik egiten ez duen beste elementu bat: Jesukristoren Natibitatea irudikatzen duen Jaiotza.
Eguberri inguruan Andre Mariaren Jasokundeko parrokiatik osteratxo bat egin izan duen oro ohartuko zen Jaiotza jartzearena urteetan mantendu egiten den ohitura dela, eta azken hamarkadetan leku desberdinak eta itxuraldaketak izan baditu ere, herritarrentzat etenik gabe presente egon ohi da abenduaren amaierarako. Azken urteetan Joxe Mari Larrañaga (Azkoitia, 1959) izan da Jaiotzaren antolakuntzaz eta prestakuntzaz arduratu den herritarretako bat, eta beretzat oso eginbehar "berezia" dela azaldu du.
Duela hamarkada bat pasatxo jaso zuen lehen eskaera Larrañagak: "Joxe Azkoitia erretoreak deitu zidan duela urte batzuk, eta Jaiotzaren inguruan nirekin hitz egin nahi zuela esan zidan. Jaiotza Raimundo Alberdik, Xanti Lopetegik eta hark muntatu ohi zuten orduan, eta haiek ezin zutenean horretaz arduratuko al nintzen galdetu zidan. Baietz esan nion", azaldu du Larrañagak. Hark dioenez, garai hartan ez zuen Jaiotzaren muntaketaz ideia handirik, baina azaltzen bazioten egingo zuela adierazi zion. "Eta halaxe hasi nintzen, Joxe Xapaterorekin eta Luis Parederorekin batera zeregin horretan".
Garai batean parrokiako koroaren azpian jartzen zuten Jaiotza, baina Larrañagaren arabera, Felix Azurmendi parrokoari ez zitzaion hura lekurik egokiena iruditzen: "Azurmendik esan zidan San Juanen erretaularen aurrean jartzea egokiagoa iruditzen zitzaiola, koroaren azpian ez zelako ondo gelditzen. Egia esan, leku itxurosoa da erretaula aurre hori; jendeak elizako sarrera-irteeran ikus dezake, gainera. Ordutik han jartzen dugu". Jaiotza horretaz gain, beste bat ere jartzen dute Eguberri bezperan, altarean; ekitalditxo batekin inauguratzen dituzte biak.
Jaiotzaren urteroko mantenua kontu "oso garrantzitsua" dela azaldu du Larrañagak.
Gaur egungo Jaiotzaz gain, urte batean handiago bat ere jarri zutela gogoan du Larrañagak: "Etxe Beltzen Jaiotza handi bat zegoen, eta hura parrokian jartzea zen asmoa. Urte batean egin genuen ahalegina, baina hurrengo urteetarako ez zitzaigun bideragarria iruditu. Izan ere, lan handia eskatzen zuen, eta lantegi hori guztia bi hilabetetarako hartzea... Teknologikoki ere oso zaila zen, gainera, muntaia". Jaiotza hori, egun, Santa Klaran dagoela dio azkoitiarrak, desmuntatuta: "Ikusgarria da, eta elementu pila bat ditu: lainoak, errota, sua, ihintza... Muntatzea nahi duenak badaki non dagoen".
Asteetako lana
Larrañagaren arabera, izatez urrian hasi ohi dira Jaiotza prestatzeko lanekin, baina aurten, beranduago hasi direla aitortu du: "Oso lanpetuta ibili naiz, eta beranduago hasi gara aurten guztia prestatzen. Lau lagun ibiltzen gara orain zeregin horretan, eta nik, argindarraren-eta ardura dut". Gutxi gorabahera hilabete eta erdi behar izaten dute dena prestatzeko, eta urtez urte, hainbat berrikuntza izan direla nabarmendu du: "Orain ez ditugu bonbilak jartzen, LED argiak baizik. Ikasten eta gauza berriak probatzen ari gara". Jaiotzaren beraren urteroko mantenua ere "oso kontu garrantzitsua" dela azaldu du Larrañagak, eta Inaxio Azkue arduratzen dela horretaz: "Oso ona da piezak zaharberritzen, bereziki txikiak direnean. Apurtutako gauzak ere berak konpontzen ditu; sekulako lana egiten du".
Askotariko figurak jartzen dituzte Jaiotzan, horietako asko leku berezietatik ekarritakoak: "Oraingo Jaiotzaren piezak Raimundorenak ziren, eta nik esan nion bere omenez mantendu egingo nituela hainbat urtez. Bestalde, elementu batzuk Jerusalemetik ekarritakoak dira. Neuk ere ekarri nuen abesbatzaren irudi bat Madrildik". Elementu eta irudi erlijiosoak ez ezik, bestelako figurekin herriko ukitua ere ematen diote Jaiotzari: "San Martingo ermitaren irudia jartzen dugu, eta pentsatu genuen barrikak jartzea ere, baina oraindik proiektu bat besterik ez da. Dena den, egingo dugu hori ere egunen batean, ziur naiz".
Aurten, gainera, donazio bat jaso dute, eta datorren urterako bestelako Jaiotza bat prestatuko dutela aurreratu du azkoitiarrak: "Egoitzako mojenak ziren figurak jaso berri ditugu; Fernando Unanuek muntatzen zuen hura han, eta parrokiari eman dizkio orain". Azkoitiarrak adierazi duenez, balio handiko irudiak dira horiek, eta bolumen handiagoa eskatzen du Jaiotzak. Hala eta guztiz, San Juanen erretaularen aurrean jartzen moldatuko direla ziur da Larrañaga: "Erretoreak aurtengo Jaiotza ere pieza horiekin jarri nahi zuen, baina ez dugu horretarako denborarik izan. Beraz, datorren urrian buru- belarri jarriko gara horrekin, eta Jaiotza berria muntatuko dugu. Aurten hala beharko du".
La Palma gogoan
Urtero-urtero Jaiotzak gogoan izaten du elkarte edo urteko gertaeraren bat. Iaz, esaterako, osasun langileak izan zituzten gogoan COVID-19ak eragindako pandemian egindako lanagatik, eta duela bi urte, Itsas Salbamendu Humanitarioko kideak omendu zituzten. Larrañagak aurreratu duenez, aurtengo Jaiotzaren bidez La Palma uharteko Cumbre Vieja sumendiak eragindako biktimak izango dituzte gogoan, eta, gainera, dagoeneko sumendiaren irudia egiten ari dela ere azaldu du azkoitiarrak: "Neu ari naiz sumendiaren irudia egiten, eta laba ere jarriko diogu, argien bidez".
Ohi bezala, aurten ere abenduaren 25etik otsailera arte egongo da ikusgai Jaiotza, eta iaz, koronabirusa zela-eta ekitaldirik egin ez bazuten ere, aurten berreskuratu egingo dute ekintza hori: "Kandelario egunera arte edukiko dugu ikusgai Jaiotza, esaten dutenez hori baita ohitura zaharra. Haurrek inauguratu eta piztuko dute Jaiotza". Iaz, osasun krisiak eragindako oztopoak izanagatik, ez zuten hutsik egin: "Edukiera muga kontrolatzeko pertsona bat jarri genuen, eta dena ondo joan zen azkenean". Aurten izurriak eraginik ez izatea espero dute, eta egunero, goizez zein arratsaldez egongo da Jaiotza ikusgai. Larrañagaren arabera, mila bisitari inguru jasotzen dituzte urtero: "Umeek eskolan oporrak hartzen dituztenean antzematen dugu jende gehiago etortzen dela Jaiotza ikustera".
Urtero ilusioz eta gogo handiz egiten du Jaiotza jartzeko zeregina Larrañagak, eta pasioz bizi du bere egitekoa: "Beti gustatu izan zaizkit Gabonak, eta honek giro horretan sartzen laguntzen dit. Horixe da ederrena". Datozen urteetan ere Jaiotza antolatzen jarraitzeko asmoa nabarmendu du: "Ahal dudan bitartean jarraituko dut zeregin horretan".