Azkoitia Bai abstenitu egingo da 2022rako aurrekontuen bozketan

Ane Olaizola 2021ko abe. 17a, 12:00

Herrilab +700 prozesuan herritarrek emandako iritziak oinarri hartuta aurkeztu zituen taldeak zuzenketak, hilaren hasieran.

San Jose egoitzaren egoera bideratzeko tekniko bat kontratatzea proposatu zuen herri plataformak 2022ko aurrekontu proposamenari egindako zuzenketan, baina Jose Joakin Etxanizek adierazi duenez, Udal Gobernuarekin ez da akordiora iritsi puntu horretan. Beste zenbait eskaeratan, berriz, ados jarri direla gaineratu du taldeko bozeramaileak.

Azkoitia Bai herri plataformak ohar bidez jakinarazi du abstenitu egingo dela datorren urteko udal aurrekontuen bozketan. Taldeko bozeramaile Jose Joakin Etxanizek adierazi duenez, udalak atzo, osteguna, egin zuen aurrekontuei lotutako azken batzordea, eta Azkoitia Bai "azken unera arte" saiatu zen Udal Gobernuarekin ados jartzen. Haren arabera, hainbat puntu adostu dituzte, baina azkenean "ezin" izan dute "benetako akordiora" iritsi.

Azkoitia Bai herri plataformak hilaren hasieran aurkeztu zituen Udal Gobernuak 2022ko aurrekontu proposamenari egindako zuzenketak, Herrilab +700 parte hartze prozesuan herritarrek emandako iritziak oinarri hartuta. Zuzenketetako bat zen San Jose egoitzaren "egoera kaskarra" bideratuko lukeen tekniko bat kontratatzea, taldeak "ezinbesteko" jotzen baitu egoitzako afera konpontzeko "beste pauso bat" ematea. "Asko korapilatzen ari da dena, eta berehala bideratzeko, pausoak eman beharra dago. Kutsu politiko gehiegi hartu baino lehen eta, denok diogun bezala, bertako egoiliar eta langileen ongizatea ardatz hartuz, gaur egungo egoera kaskarra bideratuko lukeen figura tekniko bat proposatu genuen, udaletxeko teknikoak ez baitira dituzten eginbeharretara iristen, eta oraindik egin gabe dagoen jubilatuen azterketa da horren adibide". Azkoitia Bairen esanetan, ordea, Udal Gobernuarekin ez dira iritsi akordiora puntu horretan, eta horregatik joko du abstentziora. "Pena handia izan da guretzat, baina herrian gairik garrantzitsuenetako batean ez gara adostasunera iritsi. Baietza bozkatzea nahi, eta ezin".

Bestalde, aurkeztutako beste hainbat zuzenketetan ados jarri direla azpimarratu du Etxanizek. Haren esanetan, ibaia garbitzeko beste partida bat jarriko da, eta herriko zentral hidroelektrikoen azterketa egiteko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak. Era berean, ingurumenaren arloan erabakiak lantzeko mahai bat osatzea ere adostu dute; kulturari dagokionez, berriz, "herriak eszenatoki baten falta sumatu" duela eta, Udal Gobernuak azterketa bat egiteko Azkoitia Bairen proposamena aintzakotzat hartu duela adierazi du Etxanizek; berdintasunari eta integrazioari dagokienez, eskoletan ekimenak egitea proposatu du herri plataformak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide