Urrun dituzte sustraiak

Ane Olaizola 2021ko abe. 26a, 09:45

Askotariko arrazoiek bultzatuta, beren herrialdea utzi duten 1.100 atzerritar inguru bizi dira Azkoitian. Zenbaitek hasi besterik ez dute egin bizimodu berria, eta beste batzuek dagoeneko azkoitiartzat dute beren burua, bertan daramatelako bizitzaren zati handi bat. Sei lagunen bizipenak bildu ditu Maxixatzenek.

Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak. Hala diote Mikel Laboak abesten zuen Joseba Sarrionandiaren hitzek. Bizi baldintza txarrak, giza eskubideen urraketak, herrialdeko gatazkak eta indarkeria egoerak... Asko izan daitezke familia, jaioterria zein bizitza oso bat atzean utzi eta herrialde arrotz batean beste bat hasteko arrazoiak, baina ezin uka erabakia bizitzan mugarri izan daitekeenik, ezta gehienek, behintzat, halabeharrez egiten dutenik ere.

Azkoitian, 1.100 etorkin inguru daude erroldatuta, udalak emandako datuen arabera. Pakistandar eta marokoar komunitateak dira atzerritarren artean handienak, eta atzetik jarraitzen diete aljeriarrek, nikaraguarrek, hondurarrek eta errumaniarrek.

Etorkin beste bizipen egon daitezkeela jakitun, jatorri desberdinetako sei pertsonen testigantzak jaso ditu Maxixatzenek: Firdau Mohamed Awal ghanarra da; Joey Albertek Filipinetan du jatorria; Michele Abrego mexikarra da; Saif Ullah Pakistandik etorri zen Azkoitira; eta Ana eta Maria Zamardzic ahizpek Bosnia utzi zuten haurrak zirenean. Etorkin bakoitzak istorio bana gordetzen du, baina elkarrizketatu guztiak bat datoz hainbat gauzetan; migratu ondorengo hilabeteetako bakardade sentimendua da nabarmenena, baita Azkoitian sostengu emozionalik edo ekonomikorik ez izateak eragin dizkien oztopoak ere. Zenbaitek gainera, Europan legeztatuta bizi ahal izateko agiriak lortu behar izan dituzte, baimenok eskubideak ahalbidetuko dizkietela jakitun. Era berean, guztiak bat datoz euskara jakitea integraziorako giltza izan daitekeela esaterakoan ere.

Firdaus Mohammed Awal: "Jatorria uzten duzunean, sentimendu asko nahasten dira"

"Afrikan pentsatzen dugu etorkizunik onena Europan edukiko dugula. Umetan, lagun artean esaten genuen, aukera edukiz gero Europara joango ginela, han bizitza hobea izango genuelakoan". Ametsak egia bihurtzeko asmotan, Firdaus Mohammed Awalek (1993, Kuwasi, Ghana) 21 urte zituen bere jaioterria utzi zuenean, eta lau urtez Espainian bizi ondoren, 25 urterekin zapaldu zuen Azkoitia, 2018an.

Senarrak urteak zeramatzan Murtzian (Espainia) bizitzen, eta hark egoitza baimena lortu zuenean hartu zuen Mohammedek Espainiarako bidea. Urtebete eta zortzi hilabeteko umea besoetan hartuta, hegazkinez egin zuen bidaia osoa, bere senarrak ez bezala: "Senarrak ez zuen aukera bera izan, patera batean iritsi baitzen Espainiara. Harentzat oso gogorra izan zen bidaia hura; muturreko egoerak bizi izan zituen". Oso bestelako bidaia egin zuen Mohammedek, baina biek badute zerbait komunean: "Guztia" aldatu zitzaien bidaia hartan. "Ordura arte, beste mundu batean bizi zara, eta mundu hori atzean uztean, berriz zerotik hasten zara bizitzen. Sentimendu asko nahasten dira orduan: beldurra, pena, ziurgabetasuna... baina baita ilusioa ere".

Hasierako urteak "gogorrak" izan ziren familiarentzat, eta Azkoitiko bizilagunak bakardade handia sentitu zuela adierazi du. "Komunikatzeko gaitasunik ez nuela zen zailena. Behinola, haurdun nengoela urgentzietara joan nintzen, eta sendagilea eta biok ezin izan genuen elkar ulertu. Orduan erabaki nuen gaztelania ikasi behar nuela, eta Azkoitira iritsi nintzenean, euskara ikasten hasi nintzen". AEKn ari da euskara ikasten, eta hizkuntza berri bat ez ezik, Azkoitiko bizimodurako sostengu zaion pertsona bat ere ezagutu du Mohammedek. "Euskara irakaslea, irakaslea ez ezik, nire ahizpa ere bada. Gure azalaren kolorea kontuan hartu gabe, eskuzabal hartu gaituen familia aurkitu dugu Azkoitian, eta ordutik, bizitza hobea dugu". Hain zuzen ere, egun "gustura" bizi direla adierazi du Mohammedek: "Hemen, guztiak dira atseginak. Errespetatu egiten gaituzte".

Mohammedek zazpi urte egingo ditu bere familia ikusi gabe. "Diru asko irabazi behar da Afrikara joateko". Pixkanaka, bizimoduari aurre egitea lortu du familiak, eta Europan etorkizunik onena topatu al duten galdetuta, zera dio: "Hein batean, egia da Europako bizimodua Ghanakoa baino hobea dela. Hemen sistemak hobeto funtzionatzen du, eta, egoitza baimena baldin baduzu, eskubideak dituzu. Gure herrialdean agintariek eta dirudunek soilik dituzte eskubideak".

Joey Albert: Jendeari gustatu egiten zaio euskaraz hitz egitea

Izatez, filipinarra da Joey Albert (Manila, 1963), baina bizitzaren erdia baino gehiago darama jaioterritik kanpo, eta bost urte daramatza Azkoitian bizitzen. 24 urterekin erabaki zuen Filipinak utzi eta Madrilera bizitzera joatea, han bizi baitzen arrebetako bat. "Arrebak enpresa bat sortu zuen Madrilen, eta hara joango al nintzen galdetu zidan. Ez nuen uste urte askotarako joango nintzenik, baina bizimodua egin nuen han, eta 29 urte igaro nituen han azkenean". Ia hiru hamarkada Madrilen bizi ondoren, bizilekua Azkoitian zer dela-eta topatu zuen galdetu dezake batek baino gehiagok, eta horrek ere badu bere azalpena: "Bikotea Sopelakoa [Bizkaia] dut, eta duela hamasei urte baserri bat erosi genuen Azkoitian, Madariaga auzoan. Gure asmoa zen Euskal Herrira bizitzera etortzea, baina urteak aurrera zihoazen, harik eta baserrian obra egin eta Azkoitira etortzea erabaki genuen arte". Alberten esanetan, Filipinan "ohikoa" da beste herrialde batera joatea bizitzera, eta horren adibide da bere istorioa.

Horrenbeste urte Europan bizi ondoren, ondo baino hobeto ezagutzen du bertako bizimodua Albertek: "Esan dezaket nire izaeraren zati bat asiarra dela, eta bestea europarra". Ildo horretan, Europako eta Asiako kulturaren artean desberdintasun handia dagoela sumatu du Azkoitiko bizilagunak. "Han, familiaren kontzeptua bestelakoa da; garrantzia handiagoa du. Seme-alabek uste dute beraiei dagokiela adinekoak diren gurasoak zaintzea. Ez da normala, esaterako, adinekoak egoitzetara joatea". Bere jaioterrian, bestalde, agerikoak egiten zaizkio klaseei lotutako arrakalak ere. "Manilan, esaterako, jende pobre asko dago, baita aberatsak ere. Europara etorri nintzenean, arreta deitu zidan garraioaren erabilerak; hemen, edonork erabiltzen du garraio publikoa, eta Filipinetan, soilik pobreek erabiltzen dute. Gainerakoak autoz mugitzen dira".

Azkoitiko bizimodura "ondo" egokitu dela dio Albertek, eta Espainiara bizitzera joan zenenean gaztelania ikasi zuen moduan, hemen euskara ikasten ari da duela hiru urtetatik. Hain zuzen ere, euskaraz kontatu du herrian daraman bizimodua: "Mendian bizi gara, ez gara kalera asko ateratzen. Gainera, tabernetan jende askok erre egiten du, eta kostatu egiten zait hori ulertzea". Atzerritarrek euskara jakiteak integrazioan lagundu egiten duela azpimarratu du Azkoitiko bizilagunak. "Jendeari gustatu egiten zaio euskaraz hitz egitea". Dena den, zera uste du etorkinei egiten zaien harreraz: "Ni oso ondo hartu naute, baina pakistandarra edo marokoarra izango banintz, agian nire esperientzia ez zen bera izango. Jendeari ez zaio gustatzen itxura oso desberdina duen jendea".

Michele Abrego: "Azkoitian jakin dut etorkin izatea zer den"

Mexikar "petoa" da Michele Abrego (Mexiko Hiria, 1978), baina 2019az geroztik Azkoitian bizi da. Azkoitiar baten bikote egin zen Mexikon, hura ere han bizi zenean. "Ez nuen ideiarik herriari buruz. Duela bost urteko Gabonetan Azkoitira gonbidatu ninduen, eta orduan ezagutu nuen herria. Azkoitian paseoan genbiltzan batean, Azkoitian bizitzen bikoteak imajinatzen al nintzen galdetu zidan bikoteak. Herri oso polita dela erantzun nion, natura gertu duelako, nire jaioterrian ez bezala". Asmo handirik gabeko galdera hura errealitate bihurtu zen duela bi urte. Izan ere, Mexiko Hirian bizi zuten "segurtasun ezaren eta indarkeriaren" ondorioz, bikoteak hiri hori utzi zuen. Orduan hasi zen Abregoren "abentura".

Mexikarrak urtebete behar izan zuen hango bizitza agurtzeko, "zirkulu guztiak ixteko", eta adierazi du Azkoitian jakin duela zer den "etorkin" izatea. "Erorikoak arindu ditzakeen sarerik ez duzu hemen: lagunak, familia, lana... Hori guztia falta duzu". Hark adierazi duenez, gainditu beharreko "erronka ugari" izan zituen Azkoitira etorri zenean, eta ondo gogoan ditu aurreneko asteetan egin beharreko lanak: "Iritsi bezain pronto, paper guztiak legez jarri behar izan nituen, eta abokatu bat gomendatu ziguten horretarako. Bikoteak esana zidan, nire herrialdean ez bezala, hemen abokatuek ez dutela iruzurrik egiten, baina niri gertatu egin zitzaidan; guztia gaizki egin zuen.

Horrez gain, Azkoitia Euskal Herri "barrenean" zegoela entzuna zuen, eta horrek zentzua hartu zuen herrira bizitzera etorri zenean. "Jabetu nintzen euskara jakitea oso garrantzitsua dela, bertakoek komunikatzeko erabiltzen duten hizkuntza delako. Gainera, Mexikon hango hizkuntzak galtzen ari dira. berreskuratzeaz. Nahiago nukeen Mexikon nahuatl hizkuntza ikasi izan banu, han baitago nire jatorria, eta modu horretan, nire kultura ere hobeto ulertuko nukeelako".

Batek baino gehiagok pentsa dezake Mexikoren eta Euskal Herriaren artean kontraste handirik ez dagoela. Abregok, ordea, uste baino gehiagorekin egin du topo: "Mexikon, ez dago kaleko halako girorik. Han, etxeetan elkartzen gara, eta hemen guztia kalean egiten da. Horrez gain, ikusi dut kalean kuadrilak soilik neskez edo mutilez osatuta egon ohi direla". Lagunez galdezka, adierazi du hemen ez duela lagun talderik, eta horrek tristura eragiten diola: "Sentitzen dut ez naizela ezeren parte, eta hori gogorra da". Dena den, oraintsu ezagutu du herrian bizi den beste mexikar bat, eta Azkoitiko familiaz gain, han aurkitu du sostengua: "Jabetu gara biok modu berean sentitzen garela. Ispilu bat aurkitu dut, berarengan islatzen baita nire bizipena".

Saif Ullah: "Egoitza baimena ez baduzu, bizimodu zaila izango duzu"

"Gure herrialdea, Pakistan, egoera onean dago, baina presidentea maltzurra da. Horregatik egiten dugu handik ihes. Presidentea hobea balitz, ez genukeen herrialdea utziko". Modu horretan hasi du bere kontakizuna Saif Ullahek (Amaraklan, Pakistan, 1988). Zortzi urte daramatza Azkoitian bizitzen, zortzi urte bizimodu berri bati aurre egin nahian. Adierazi duenez, ondo egokitu da herrira, baina zailak izan dira urteak, neketsuak. Batez ere, egoitza baimena lortzea egin zaio gogorrena; izan ere, legeztatuta egon dadin, burokrazia izugarriari egin behar izan dio aurre. "Eskakizun asko bete behar dira egoitza baimena eskuratzeko, eta horietako bat da urtebetez lan kontratu bat edukitzea. Denbora asko eskatzen du agiria eskuratzeak, baina paperak ez badituzu, bizimodu zaila izango duzu. Izan ere, egoitza baimenak eskubideak ahalbidetzen dizkizu". Ullahek hiru urte behar izan zituen egoitza baimena lortzeko, eta bitarte horretan, Azkoitian bizi den anaiak lagundu zion etorri berriari. "Hemen, aitatzat dut anaia nagusia", adierazi du Ullahek.

Hain zuzen ere, anaia Azkoitian zuelako etorri zen herrira, aurretik Grezian bizi ostean. "Pakistandarrak Europatik itzultzen zirenean, markako arropekin etortzen zirela ikusten genuen. Uste genuen Europan diru asko irabazi ahal izango genuela". Baina, ohartarazi du: "Bizitza oso garestia da hemen, batez ere etorri berrientzat. Ondoan seniderik ez baduzu, gainera, are gogorragoa izango da".

Uste baino "konplexuagoa" egin zaio Azkoitiko bizimodua, baina era berean, herrian ondo hartu dutela adierazi du: "Inoiz ez naute baztertu atzerritarra izateagatik". Duela hiru urtetatik, Helduen Eskola Publikoan gaztelania zein euskara ikasten dihardu, eta batez ere, azken hizkuntza hori hitz egiten jakiteak integrazioan lagundu diola uste du hark. Hala ere, agerikoa da Ullahek herrimina. "Pakistanera bisitan joaten naizenean, oso pozik egoten naiz, baina handik itzuli behar izateak asko tristetzen nau".

Azkoitiko bizilagunaren hitzetan, Pakistanen "bizimodu lasaiagoa" dute, eta familiek "harreman estua" izan ohi dute beren artean. Haren nahia da, beraz, senideak berriz Pakistanen elkartzea. "Herrialdearen egoera hobetzen denean, jaioterrira itzuliko naiz. Txikitako lagunak han ditut, baita familia ere. Han daude nire sustraiak".

Ana eta Maria Samardzic: "Gure bizitza Azkoitian dago"

"Gure elkarrizketa Maxixatzenen argitaratzen denean jakingo dute askok izatez bosniarrak garela", diote Ana (Sarajevo, 1999) eta Maria (Sarajevo, 2002) Samardzic ahizpek. Izan ere, biek ala biek azkoitiartzat dute beren burua, ia bizitza osoa bertan daramatelako.

Bi ahizpak 7 eta 4 urterekin etorri ziren, hurrenez hurren, Bosniako hiriburutik Azkoitira bizitzera. Izan ere, beren aita urtebete lehenagotik bizi zen Azkoitian, eta ondoren etorri zen haren familia: "Izeba- osabak duela 30 urtetik bizi dira hemen, eta osabak aitari lana aurkitu zion herrian". Bosniako bizimoduaren "oroitzapen gutxi" dute ahizpek, baina ondo gogoan dute eskuartean zer zuten herria utzi zutenean: bi maleta eta motxila bana. "Gogoratzen naiz amak esan zigula: 'Beste herrialde batera joan behar dugu bizitzera, eta aukeratu itzazue hara eramateko jostailu batzuk'. Hartu nuen panpina batekin akordatzen naiz, baita motxila berde batekin ere", dio Anak. Ordura arteko bizitzaren zati bat soinean hartuta, Euskal Herrira egin zuten bidaia hartaz ere gogoratzen dira: "Amarekin egin genuen bidaia. Hura ezagututa, pentsatzen dut oso urduri egongo zela. Hegazkineko txikienak gu izango ginen, eta marrazteko zerbait eman ziguten", adierazi du ahizpa gazteenak.

Mariak azaldu duenez, familia hasieratik ondo integratu zen herrian. "Amari, hasieran. gehiago kostatu zitzaion, hizkuntza berri bat ikasi behar zuelako. Dena den, ez da gauza bera gurasoen adinarekin emigratzea edo umea zarela egitea; gu, bi ahizpok, gehiago integratu gara herrian. Gainera, zortea izan dugu, lagun onak suertatu zaizkigulako". Bi gazteek umetatik ikasi dute euskara ikastetxeetan, eta herriko beste edonork bezala menperatzen dute hizkuntza. Gainera, euskara, gaztelania eta ingelesa ez ezik, serbiera ere badakite. "Etxean, bion artean euskaraz hitz egiten dugu, baina gurasoekin serbieraz, hizkuntza hori ere ez dezagun ahatz. Gainera, hango familiarekin komunikatzeko balio digu". Adierazi dutenez, Bosniako ohiturek zein ospakizunek presente egoten jarraitzen dute beren etxean, eta aldiro, han dituzten senideak bisitatzera ere joaten da familia. Jaioterriari dagokionez, berriz, zera diote: "Oro har, ez dago kontraste handirik bi herrialdeen artean, baina antzematen da, esaterako, hemengo bizi maila hangoa baino altuagoa dela".

Bi ahizpek adierazi dutenez, beren identitatearen zatirik handiena Azkoitian dago, bertan hazi eta bizi direlako. "Gurasoak ziur daude jubilatzen direnean jaioterrira itzuliko direla, baina gu ez; gure bizitza hemen dago".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide