Jose Luis Eizagirre: "Lagun giroan egin genuelako da berezia Peruko espedizioa"

Ane Olaizola 2021ko abe. 16a, 10:30

Jose Luis Eizagirre, ezkerrean, Perura egindako espedizioan. (Jose Luis Eizagirre)

2004an hasi zen mendi espedizioak egiten Jose Luis Eizagirre, eta ordutik, munduko hamaika gailur zapaldu ditu. Perura egindako espedizioa izango du hizpide Azpeitian. 

Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta, Jose Luis Eizagirre (Azkoitia, 1974) mendizaleak solasaldia eskainiko du gaur, Mendiko Ahotsak egitasmoaren barruan. 2007an Benantxio Iruretarekin, Aritz Odriozolarekin zein beste bost lagunekin Perura egindako espedizioa azalduko du azkoitiarrak Soreasu antzokian, 19:00etan. Hain zuzen ere, saioaren bidez Azpeitiko bi mendizale ziren horiek gogoratuko ditu alpinistak.

2007an, zortzi lagunek egin zenuten Perura espedizioa, eta esperientzia hura izango duzu gaur hizketagai. Zer kontatuko duzu?

Azpeitian hain ezaguna zen Benantxio Irureta izan zen espedizioaren antolatzailea. Garai hartan, lagun kuadrilla bat ibiltzen ginen mendian, eta urtebete lehenago taldetxo bat Nepalen egon zen mendi ibilaldiak egiten. Han esperientzia ona izan zutela eta, hurrengo espedizioa Andeetan egitea pentsatu zuen Benantxiok. Zortzi lagun elkartu ginen espediziorako, Benantxio buru zela, hark zuelako esperientzia gehien.

Perura egin genuen espedizioan Huascaran gailurra egitea jarri genuen helmugatzat, herrialde horretako mendirik altuena delako. Gainera, Benantxiok 25 urte lehenago zapaldu zuen mendi hura, eta urteurrena betetzen zuen egun eta ia ordu berean berriro gailurrera igotzea lortu zuen azpeitiarrak. Perura egin genuen espedizio hartan, gure artean falta den Aritz Odriozola –Lagun Onak mendi elkarteko lehendakari izandakoa– ere bazegoen, eta Benantxiori zein Aritzi eskaini nahi diet gaurko hitzaldia.

Zer nolako espedizioa izan zen Perukoa?

Lehendabizi, trekking bat egin genuen Perun, aklimatatzeko. Huascaran mendia igo aurretik, beste hiru bat mendi egin genituen girotzen jarraitzeko eta taldekideok nola geunden ikusteko. Amaitzeko, Huascaran Sur (6.768 metro) tontorra igo genuen. Egia esan, espedizioan zehar oso giro ona egon zen taldekideon artean, eta askok esaten zuten moduan, Himalaiako beste espedizioekin-eta alderatuta atseginagoa izan zen Andeetakoa, erosoagoa. Izan ere, Andeetan zaudenean, tontor batera igotzen zara, eta egun horretan bertan edo hurrengo egunean behean, hotelean, egon zaitezke. Hori eskertu egiten da.

Perura joan aurretik bazenuen eskarmentua espedizioak egiten, ezta?

Bai, eskarmentu dezente nuen. 2004an, Himalaiako Phuta Hiunchuli mendia (7.246 metro) egin nuen, eta izozketak jasan nituen han. Harrezkero egin nuen aurreneko garaiera handiko mendia zen Huascaran, eta tontorra egin genuen egunean, dezenteko kezka izan nuen hotzaren kontuarekin. Izozketen oroitzapenak etortzen zitzaizkidan, eta berriz gertatuko zitzaidanaren beldur nintzen. Baina ondo joan zen guztia, oso esperientzia polita izan zen. Taldeko giroak lagunduta, guztiok oso gustura itzuli ginen etxera.

Peruko espedizioa berezia egin al zuen zerbaitek?

Lagun giroan egin genuelako da berezia espedizio hori. Beti joan izan naiz norbaitekin altuera handiko mendietara, baina Perura joan ginenok aurretik ere asko ibiltzen ginen elkarrekin. Mendira irteera asko eginak genituen eta ondo ezagutzen genuen elkar; lagun giroa egina genuen, beraz. Espedizioetan, oso garrantzitsua da besteak ezagutzea eta horiekin ondo konpontzea. Izan ere, 24 orduz gaude elkarrekin, eta beti sortzen dira tira-birak. Baina Perura egin genuen bidaia hartan, ez genuen halakorik izan.

Andeak zapaldu zenituen aurreneko aldia izan al zen hura?

Bai. Harrezkero, Bolivian eta Ekuadorren ere izan naiz.

Noiz hasi zinen espedizioak egiten?

2004an, Himalaiara joan nintzen. Ondoren, 2007an Peruko espedizioa egin nuen, eta nahiko jarraian itzuli nintzen Himalaiara. Boliviaz eta Ekuadorrez gain, Kirgizistanen ere ibili naiz, baita Indiaren zatian dagoen Himalaian ere. Kultura desberdinak ezagutzea gustatzen zait, eta niretzat bidaiatzeko aitzakia da mendia.

Asiako zein Hego Amerikako mendi tontor garaiak ezagutzen dituzu. Desberdintasun handia al dago espedizioak batean ala bestean egin?

Alde batetik, hizkuntzak asko laguntzen du Hego Amerikan. Ingelesez badakit pixkat bat, baina ez dut erraztasuna esaten duten guztia ulertzeko. Beraz, gaztelaniaz hitz egin ahal izateak asko errazten du. Horrez gain, Andeetako mendiek altuera txikiagoa dute; tontor altuenak 6.000 metrokoak dira, eta gainera, garaiera dezentetik hasten zara oinez, 3.000 metrotik edo. Horrek ere asko laguntzen du, gutxiago igotzen zarelako. Andeetan, tontorrera igo eta egun berean, hotelean egin dezakezu lo, beraz erosoagoak eta gustagarriagoak dira. Himalaian asko aldatu dira gauzak azken urteetan, eta han ere ostatu gehiago daude egun. Baina ni ibili naizen guztietan, hango baldintzak prekarioagoak izan dira.

Noiz egin zenuen azken espedizioa?

Izurritea hasi aurretik, Alaskara joan nintzen. Denali mendiaren gailurra (6.190 metro) egin nuen. Urteetan aurrera noalako edo, gogorra egin zitzaidan espedizio hura. Hamabost egun pasatu nituen elur gainean eta trineoari tiraka nahiz hari eusten. Une oro izotz gainean egon nintzen, lo ere han egiten nuen. Ez nuen kanpaleku eroso bat, eta, halakoetan, belar gainean kanpaleku nagusia edukitzea eskertzen da. Esperientzia hori ere probatzea nahi nuen, eta mendizale nafar batzuekin joan nintzen. Tontorrera iritsi nintzen, eta gustura itzuli nintzen etxera.

Espedizioak egiten hasi zinetetik, horiek egiteko baliabideak aldatu egin al dira?

Bai, aldatu da, baina gure filosofia izan da altuerako gidaririk gabe ibiltzea. Alaskako espedizio horretan, esaterako, ez genuen inor kontratatu; guk moldatu behar izan genuen guztiaz. Gailurrak egiteko modu desberdinak daude; gogoratzen naiz Al filo de lo imposible telebista saioa ikusten nuenean atentzioa ematen zidala alpinistak tontorrera iritsi orduko kanpina muntatuta izaten zutela eta ur beroa ematen zietela. Norberari tokatzen zaionean lan hori guztia egitea, ohartzen zara alpinista izatea oso gogorra dela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide